Dantzara, oin puntetan

Dantzara, oin puntetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantzara--oin-puntetan/@@download/image/2012435705asier_1360751360.jpg
2012/04/06
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Mugimenduen hizkuntza unibertsalak apirilaren 29an du egun handia. berau menderatzea, baina, ez da erraza, eta teknika, esfortzua eta bereziki grina behar dira. halakorik falta ez duten lau ballet dantzari bildu ditugu; laurak euskaldunak, baina aurrera egiteko kanpora joan behar izan dutenak. 


Aiara Iturrioz: "Dagoeneko bete dut nire ametsa"



Atzerrira atera berri den dantzari gaztearen eredurik garbiena da Aiara Iturrioz. Gasteizen prestatu ostean, hobetzen jarraitzeko asmoz, Stuttgarteko Ballet konpainian sartzekotan da hemezortzi urterekin.

Ballet dantzari gehienak bezalaxe, zu ere oso gazterik hasi zinen dantzan. Zergatik balleta?
Ballet dantzariak oin puntetan ibiltzen dira eta horien gainean bueltak ematen dituzte; hori ikustea ikaragarri gustatzen zitzaidan haurra nintzenean.

Balletaren ikusgarritasun horrek, aldiz, badu alde txarrik, ezta? Esfortzu handia egingo zenuen iritsi zaren lekura heltzeko…
Bai, oso diziplina gogorra da, eta lan handia egin behar izan dut. Hamabi urterekin eskolaz aldatu nintzen, dantzako ordutegia eskolakoarekin moldatu ahal izateko; asko kostatu zitzaidan, nire lagunak bertan utzi behar izan nituelako. Lehen egunak latzak izan ziren, baina pixkanaka moldatu nintzen, eta lagun berri asko egin nituen.

Baina horren guztiaren gainetik, balleta zure pasioa da. Nola sentitzen zara taula gainean?
Zaila da sentitzen dudana azaltzea! Baina oso ongi pasatzen dut. Dena den, oso neska urduria naiz, eta ikuskizunen aurretik ezin geldirik egon. Eszenatokiak errespetu handia ematen dit, eta oraindik ez diot beldurra galdu.

Denborarekin lortuko duzu! Orain lau urte Bilbao Hiria Dantzari Gazteen Txapelketa irabazi zenuen. Horrek hainbat ate zabalduko zizkizun…Lehiaketa hartatik aurrera dantza serio hartzen hasi nintzen, eta zaletasun hutsa baino gehiago zela ikusi nuen. Sariari esker aukera berri asko lortu nituen, hala nola, Euskaldunak eta Dantza ikuskizunean parte hartzea, edota dantzari profesional eta zoragarriak ezagutzea.

Uneotan Stuttgarteko eskolan prestatzen zabiltza, Alemanian, eta datorren urtean konpainian sartuko zara.
Bai, iragan urte amaieraz geroztik eskolako hainbat lagunekin batera konpainiaren entseguetara joaten naiz dantzak ikastera. Horrela, dantzariren batek lesioren bat badu edo gaixo jartzen bada, guk ordezkatuko dugu. Egia esan behar badut, oso gogor egiten dute lan bertan, baina giro ona dago, eta profesional apartak dira.

Beraz, haien dantzak ikasten ariko zara.
Hiru koreografia prestatzen ari dira: La Sylphide, Gaite Parisienne eta The Lady and the Fool. Gu dantzarien bigarren zerrendan gaude, eta gure paperak ikasten ditugu, haiek bezalaxe, ordezkapenak egin ahal izateko.

Etorkizunera begira, zein da zure ametsa?
Egia esan, Stuttgarteko Balletarekin Zisneen Lakua dantzatzea sinestezina izan zen; futbol talde bateko filialean dabilen jokalari batentzako lehen mailan debuta egitea bezalakoa! Sekula ez nuen pentsatuko konpainia batean ariko nintzenik. Horregatik diot nire ametsa bete dudala dagoeneko. Hala ere, eskola amaitu eta graduatu egin behar dut, datorren urtean konpainian ikastun moduan hasteko. Ikasten eta gogor lan egiten jarraituko dut, gero eta teknika hobea lortu eta hobeto dantzatzeko.

Asier Uriagereka: "Batzuetan, dantza lana besterik ez da"



Ez da geldirik egoten; dantzan, bidaiatzen, ikuskizunak eskaintzen dabil etengabe, atsedenik hartu gabe. 2004az geroztik Monte Carloko Balleteko lehen dantzaria da, eta Monakoko printze-printzesak Kultur Merezimenduaren Ordeneko Zaldun izendatu zuten 2009an Mungiarra.

Aita pilotaria duzu, eta arreba futbolean aritzen omen da. Zuri, aldiz, balleta gustatu zitzaizun… Zergatik balleta?
Oso zaila da azaltzea, baina gogoan dut dantza estudio bat zapaldu nuen lehen unean etxean bezala sentitu nintzela. Musikaren eta gorputzaren bidez sentitzen duzuna azaltzea da, eta pixkanaka harrapatu egiten zaitu, engantxatu; hobetu eta perfekzioa lortzeko nahiak aurrera jarraitzeko indarrak eman zizkidan.

Zer sentitzen duzu eszenatoki gainean?
Ez da soilik eszenatokian bizi duzuna, izan ere, ikuskizuna dudanean egun osoa horretan pentsatzen pasatzen dut. Taula gainean, halaber, denetariko sentsazioak izaten ditut: batzuetan, ikaragarrizko esperientziak izaten dira; eta beste egun batzuetan, dantza lana besterik ez da. Kasu horietan ikusleak ez konturatzea da garrantzitsuena, bizitzako ikuskizunik liluragarriena ikusten ari direla sinetsi dezaten.

Euskal dantzari profesionalak atzerrira ateratzen zarete ikasi eta konpainia garrantzitsuetan dantzatzera. Badirudi hemen zail xamarra dela aurrera egitea…
Uneotan, ezinbestekoa da kanpora joatea. Euskal Herrian dantza kontserbatorio eta eskola bikainak daude, eta bertako irakasleak ere oso onak dira. Baina prestakuntza bertan jaso arren, dantzariok atzerrira joan behar izaten dugu eguneroko ogia irabaztera.

Orain Monte Carloko balleteko lehenengo dantzaria zara eta Monakoko printze-printzesak Zaldun izendatu zintuzten. Ez da, ez, izendapen makala!
Eguneroko lanaren ordaina izan da. Egia da askotan dena bertan behera uzteko gogoa izaten dudala, baina beti aurkitzen dut borrokan jarraitzeko indarrak ematen dizkidan arrazoiren bat.

Uneotan nolakoa da zure eguneroko bizitza?
Uf… Urte hasieran Madrilen izan nintzen Sueño de una noche de verano lanaren biran. Otsailean Lausanan, Prix-en 40. urteurrena omentzeko gala batean, eta handik Los Angelesera egin nuen salto zuzenean, Cinderella ikuskizuna dantzatzera. Handik New Yorkera, eta amaitutakoan, etxera itzuli nintzen, gutxienez garbigailua pare bat alditan jarri eta Hong Kong-erako bidaiarako maletak prestatzera. Eta handik Tokiora.

Jesus! Etxera itzultzeko irrikaz egongo zinen… Balletean nagusiki emakumezkoak aritzen dira; mutila izateagatik gogorragoa izan al da zure bidea?
Beharbada, badirudi neska gehiago daudela dantzaren munduan, baina maila amateurrean soilik; profesionalen artean kopurua askoz ere orekatuagoa da, eta ez da inolako ezberdintasunik nabaritzen. Are gehiago, mutila izatea abantaila izan daiteke, lehiakortasun gutxiago izaten dugulako.

Baina gizonezko dantzarien inguruko estereotipoak indarrean daude oraindik, ezta? Ala hori ere aldatzen ari da?
Azken urteetan oztopo asko gainditu ditugu, eta oro har, jendeak inoiz baino ikuspegi zabalagoa du. Ez soilik dantzarekiko, gizarteko alor gehienekiko baizik.

Gabriela Gomez: "Dantza gustatzen zaidala gogorarazten didaten lanak egin nahi ditut"



Duela bi urte sartu zen Genevako Antzerki Handiko Balletean, baina gasteiztarrak koreografia zerrenda luzea darama bizkar gainean. etxekoengandik datorkio dantzarekiko pasioa, eta urte luzez egindako esfortzuaren uzta jasotzen ari da dagoeneko.

Zure kasuan, balletean zergatik hasi zinen galdetzea zentzugabea da; suposatzen dut ama dantza irakaslea izateak zerikusirik izango duela…Halaxe da, bai. Dantza zer zen ez nekienean ere estudioan nenbilen, alde batetik bestera korrika. Hala ere, zazpi urte bete nituen arte ez zuen nire arreta erakarri, orduan hasi zitzaidan gustatzen.

Pixkanaka, dantzan sakondu ahala, zailtasunez ohartzen joan zinen.
Bai. Gaztea zarenean dena eman nahi duzu, eta gorputza eta burua indartsu dituzunez, ez dituzu gustatzen zaizun hori lortzeko egin beharreko esfortzuak ikusten. Horregatik, diziplina honen zailtasuna aurrera egin ahala nabaritzen duzu, gorputza higatzen hasten delako, baina dantzen intentsitateak bere horretan jarraitzen duelako. Gainera, dantzarien ibilbidea oso laburra da eta etorkizunean zer egin pentsatu behar izaten dugu.

Hamahiru urtetxorekin joan ziren Madrilera, bertako Dantzako Erret Kontserbatorioan ikastera.
Bai, aldaketa handia izan zen niretzako; hala ere, uneoro familia oso gertu sentitzeak asko lagundu zidan. Kanpoan zaudenean azkarrago hazten zara, beharbada, azkarregi; baina era berean askoz indartsuagoa egiten zara.

Genevako Antzerki Handiko Balletean zabiltza orain. Nola erabaki zenuen bertara joatea?
Nire mutila dantzaria da eta Lucernan dago lanean; horregatik Suitzara etortzea erabaki nuen. Hainbat konpainia begiratu nituen, eta froga ugari egin ostean, Genevara etortzea erabaki nuen, nire gustukoenetakoa zelako. Zortea izan nuen, haiek ere ni aukeratu ninduten.

Askotan pentsatu izan da balleta bakarlarien lana dela, baina taldeak zeresan handia du ikuskizunak prestatzerako orduan, ezta?
Nire ustetan, gaur egun oso zaila da ospea bakarlari moduan lortzea. Dantza garaikidea taldeko diziplina da bereziki, estiloak hala eskatzen duelako. Gainera, taldekideekin aritzeak askoz aukera zabalagoa ematen du koreografiak sortzeko.

Kontaiguzu, nolakoa da Gabrielaren egun arrunt bat Genevan?
Goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko seiak arte entseguak izaten ditut, nahiz eta egunaren arabera ordutegiak aldatzen diren. Gainera, ikuskizuna dugun egunetan iluntzetan dantzatzen dugu. Biretan atzerrira joaten garenean, halaber, agenda erabat aldatzen zaigu.

Oraintxe bertan, hain zuzen, bira batetik itzuli berria zarela jakin dut.
Bai, New Yorken izan gara Emmanuel Gat-en lan baten aurkezpen biran. Horren aurretik, duela hilabetera arte, Andonis Foniadakis koreografo greziarraren sorkuntza bat dantzatu genuen, musika barrokoa nagusi zuena. Orain, baina, konpainiaren errepertorio berria prestatzen ari gara, bira berrietara eramango duguna.

Eta egindako dantza guztien artean, ba al dago bereziki gogoratzen duzun bat?
Ezin dut bat bakarra esan, lan interesgarri asko egin ditudalako. Koreografoa gutako bakoitzarekin lanean hasten denean, dantzariaren alderik hoberena ateratzen saiatzen da, eta horrela obra bereganatzea lortzen du. Ondoren, normala da nork bere estilo gustukoenak izatea, baina hori beste kontu bat da.

Zerekin amesten duzu? Zein da dantzari moduan lortzea gustatuko litzaizukeen helburua?
Nire xedea bete dut dagoeneko, nazioarteko maila duen konpainia batean ari naiz dantzan, eta horrek bidaiatzeko eta koreografia ezberdinak egiteko aukera ematen dit. Gainera, talde oso bateratua osatu dugu eta energia ona sortzen da taula gainean. Dantzari moduan, emozioak sentiaraziko dizkidaten lanak egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, dantzatzea zergatik gustatzen zaidan gogoraraziko didatenak.

Allister Madin: "Gizarteak dantza lanbide moduan ulertzea da zailena"


Miarritzeko dantzariak hamar urterekin jantzi zituen lehen aldiz ballet oinetakoak, eta hiru urteren buruan Parisera joan zen, munduko ballet konpainiarik zahar eta ospetsueneko eskolan trebatzera; iaz Operako Balleteko bakarlari izendatu zuten.

Haurra zinela hasi zinen balletean. Zergatik?
Hasieran nire arrebak soilik egiten zuen dantza, eta egun batean, haren atzean jarri eta berak egiten zuena kopiatzen hasi nintzen. Denborarekin, nik dantzan jarraitu dut, eta berak, aldiz, utzi egin du!

Oso diziplina gogorra da, eta ziur nago sakrifizio eta esfortzu ugari egin behar izan dituzula.
Bai, oso zorrotza da, eta lan asko egin behar da maila mantentzeko. Oinetako zauriak ere zaindu behar izaten dira, lo nahikoa egin, fisioterapeutarengana edota osteopatarengana noizean behin joan muskuluak osatzeko, emankizunetako paperak lortzeko borrokatu, urduritasunak… Askotan, gainera, minez dantzatu behar izaten dugu, eta ezin ditugu litxarreria eta pastel gehiegi jan, elikadura orekatua izan behar baitugu. Gainera, Euskal Herritik alde egin behar izan dut Parisera joateko, eta zenbait kirol egitea debekatu didate, hala nola, eskiatzea edota tenisean jokatzea, muskuluren bat lesionatu dezakedalako. Dena den, horren guztiaren gainetik gehien kostatu zaidana Pariseko Operako diziplina gogorrera ohitzea izan da, eta baita dantza flamenkoak eta espainiarrak utzi behar izatea, denbora faltagatik.

Arestian aipatu duzun bezala, Pariseko Operako Balletean zabiltza. Nola iritsi zinen hara hamahiru urterekin?
Euskal Herrian hainbat lehiaketatan parte hartu nuen, eta hala, Pariseko Operako Balletean irakasle den gizon bat ezagutu nuen; berak bertako eskolan sartzea gomendatu zidan, eta halaxe egin nuen. Bost urte eta erdi egin nituen bertan, urtero mailaz igotzeko azterketa bat gainditu behar izan dut. Azken urtean, konpainian sartu ahal izateko froga egin nuen, eta hura pasata, hemeretzi urterekin hasi nintzen Pariseko Operako Balleteko konpainian.

Bakarlaria zara bertan. Nola sentitzen da dantzari bat halako izendapena jasotakoan?
Urte hauetan egindako lanaren ordaina da. Izan ere, paper garrantzitsuak, interesgarriak, maila tekniko handikoak eta bikotekidearekin zein ikusleekin emozioak konpartitzen dituztenak egiteko aukera ematen dit horrek. Era berean, erantzukizun handia eskatzen du, eta ikuskizun guztietan maila altua mantendu behar dut, inoiz akatsik egin gabe. Edo gutxienez, saiatu!

Presio handia duzu, orduan! Baina, nolakoa da zure Pariseko egunerokotasuna?
Sekula ez da egun bakar bat ere errepikatzen! Ikuskizuna etengabe aldatzen doa, eta Garnier Operan edota Bastilleko Operan dantzatzen dugu, bira batean atzerrian ez bagabiltza, noski! Oro har, egunean sei edo zortzi orduz egiten dugu dantza: goizean beroketa eta entrenamendu saioa, eta arratsaldean ala gauean entsegua. Astean egun batez izaten dugu atsedena hartzeko aukera, baina batzuetan hori ere ez.

Dantza egiteaz gain, koreografiak sortzea ere atsegin duzula jakin dut. Sormenak erakartzen zaitu?
Egia esan, sekula ez nuen pentsatu koreografo moduan ariko nintzenik! Brigitte Lefevre gure zuzendaria da, eta hark koreografo gazteentzako lau ikuskizun antolatu zituen Bastillako Operan. Niri parte hartzeko proposamena egin zidan, eta hainbat ideia nituela konturatu nintzen. Inspiratzen nauen musikarekin eta dantzariekin mugimenduak sortzea gustatzen zait, eta horiek nola uztartzen diren ikustea oso aberasgarria da.

Zein izan da orain arte egindako ikuskizunetatik lan handiena eman dizuna?
Hasieran denak kostatzen zaizkit, oso lotsatia naizelako, eta egin beharrekoa aurrera ateratzeko gai izango ez naizela pentsatzen dut; estresatu egiten naiz. Baina ikuskizunaren egunean dena ongi irteten da, eta asko gozatzen dut.

Nagusiki emakumezkoen diziplina da balleta. Mutila izanda, gogorragoa izan al da zure ibilbidea?
Alderantziz, askoz errazagoa izan da, neska gehiegi daudelako eta haiei bikotea bilatu behar zaielako —barrez—. Askoz gogorragoa izan da nire ingurukoei dantzari izatea lanbide bat dela ulertaraztea. “Dantza gustatzen zaizulako egiten duzu, baina zein da zure ogibidea?” galdetu ohi didate.

Beraz, dantzaren munduan erronkarik garrantzitsuena hori litzatekeela esango zenuke? Dantza ofiziotzat onartzea?
Bai, jendeak ez baitu balletari buruz askorik jakiten. Hedabideetan ere ez da gehiegi azaltzen, eta horregatik ez dute dantza karrera moduan onartzen. Zuzenean ezagutu izan nautenek, ordea, nigan interesa erakutsi dute, eta erabat errespetatu dute egiten dudana.

Etorkizunera begira, zein da dantzari moduan duzun ametsa?
Koreografo garrantzitsuekin lan egin nahiko nuke, eta txikitatik amestu izan ditudan paper garrantzitsuak dantzatu. Noski, dantzaren munduan izar handi bat ere izan nahiko nuke; berdin dit Parisko Operako konpainian, ala besteren batean!