CROWDFUNDING: SORTZEA AHALBIDETZEN

CROWDFUNDING: SORTZEA AHALBIDETZEN Azken urteetan gehien hazi den fenomenoa izan da "crowdfunding" mugimendua. Sortzaile gero eta gehiago dira horrelako mikromezenasgoak aukeratzen dituena bere proiektuak aurrera eramateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/crowdfunding-sortzea-ahalbidetzen/@@download/image/crowdfunding 1.jpg
2019/04/05

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Azken urteetan gehien hazi den fenomenoa izan da "crowdfunding" mugimendua. Sortzaile gero eta gehiago dira horrelako mikromezenasgoak aukeratzen dituena bere proiektuak aurrera eramateko.
CROWDFUNDING: SORTZEA AHALBIDETZEN

Hamarkada bat bete badu ere crowdfunding metodoak, azken bi-hiru urteetan jasan du hazkuntzarik handiena. Mugimenduaren sortzean ekonomiako elkarlan teorien zabaltzeak eta aldaketa digitalek eragina izan zuten. Tresna digitalekin plataforma ezberdinak sortu ziren saltzaile eta eroslearen artean komunikazio zuzena sortzeko balio izan zutenak. Kulturaren esparruan sortzaileak beren web orrietan eskuartean zituzten proiektuen berri zabaltzen hasi ziren, zaleren bat konbentzitu eta ekonomikoki finantzatzen lagunduko zien itxaropenez. Horrela, lehen baztertuak geldituko ziratekeen proiektuek orain irtenbide bat izan dezakete.

Beraz, crowdfunding-ak artistek euren baliabideekin soilik aurre egin ezin dieten kostuak ordainduz, proiektuak kaleratzen laguntzen die. Sortzaileen artean gero eta ohikoagoa da estilo honetako finantziazioa aukeratzea. Horrelako kanpainak gero eta errentagarriagoak dira, metodo hau ezagun bihurtzen ari baita eta ondorioz, jada badago publiko bat prest proiektu batean parte hartzeko eta ondoren berau kontsumitzeko.

Crowdfunding-ak gainera, kulturari abantailak ekartzen dizkio, komunitate sentsazioa sortzen baitu. Pertsona batzuk artista baten proiektua itxoiten eta babesten egoteak sortzaileari lanarekin aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dio eta kultur zalea gero eta gehiago, ohitzen ari da kontsumitzeko modu honetara. Interesa duenak proiektu bat baino gehiago finantzatzen ditu, nahiz eta aurretiaz sortzailea ez ezagutu.

Kasu gehienetan funtzionatzen baldin badu ere, zer abantaila eta desabantaila dakartza sortzaileentzat? Aldaketa bat suposatu al du sortzaile eta hartzailearen arteko harremanean? Galdera hauek eta beste hainbat luzatu dizkiogu Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteari, Xabi Bandiniri eta Jurgi Ekizari. Hirurek aukeratu zuten crowdfunding metodoa euren proiektu zehatzek argia ikus zezaten.

Ursula Strong eta Koldo Soret, hau da, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea ez dira hasiberriak, jada bi disko eta EP bat argitaratuak dituzte eta oraintxe euren hirugarren lana den Aitzstar diskoa promozionatzen dabiltza. Beharbada ordea, gutxik jakingo dute euren lehen diskoa crowdfunding metodoaren bidez finantzatu zutela: Proiektu berria aurkezteko perfektua iruditu zitzaigun. Orain bakarkako bidea hasi berri duen Kerobiako kide izandako Xabi Bandinik ere talde nafarraren Supernova proiektua aurrera eramateko metodo hauxe aukeratu zuen: Kerobiaren ibilbidea aztertzen badugu, musikalki gure lekua aurkitzeaz gain autogestioaren ideia asko landu genuen. Hirugarren diskotik aurrera gure zigilua atera genuen (Y las ardillas mágicas), honekin batera SGAEetik ateratzeko erabakia hartu genuen, erakunde honen filosofia ez genuelako partekatzen eta Creative Commons lizentziapean argitaratzen hasi ginen. Gerora ulertu genuen Kerobia ez zela proposamen musikal masiboa. Zaleak bagenituen bai, baina ez ziren asko eta ulertu genuen garrantzitsua zela hauekin komunitate bat egitea. Ikuspuntu hauek "Supernova" proiektuan erabat elkartu ziren. Proposamena argia zen hasieratik, bai edukian eta baita hori lortzeko baldintzetan ere. Gutxienez 700 lagun behar genituen aldez aurretik proiektua finantzatuko zutenak eta horri, koltxoi bezala, aurreratuta genuen diru apurra gehituko zitzaion bukaerara iristeko. Crowdfunding-aren hautua egiterako garaian autoedizioa, lizentzia libreak, komunitatea eta proiektuari buruzko ideiak argi izatea dira gakoak. Jurgi Ekizak, Willis Drummond-eko abeslariak ere, bere bakarkako bideari ekiteko, crowdfunding-ina aukeratu zuen, baina oso bestelako arrazoiengatik: Sinpleki ez nuen dirurik disko bat egiteak suposatzen zuen gastuei aurre egiteko. Gainera, duda handiko fase batean nintzen bai niri buruz, baita musikan jarraitzeari buruz ere, beraz, ikusi nahi nuen benetan balio ote zuen prozesua bukaeraraino eramateak eta horretarako entzuleen bultzada behar nuen.

Hirurek lortu zituzten proiektuak aurrera eramateko beharrezkoak ziren baliabideak, beraz, argi gelditzen dira metodo honek dakartzan abantailak, baina baliabide honen desabantailak ere aipatu nahi izan dituzte Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrek: Abantaila handiena, argi dago, diskoa kaleratu aurretik proiektuan inbertitzeko dirua jasotzea dela. Estudioa, kopiak eta genituen gastuei aurre egiteko laguntza handia izan zen. Desabantailak ere baditu ordea, energia asko eskatzen du: sare sozialetan egunero postak jarri, bidalketen paketeak egin, agertzen ez diren mezenasak bilatu... baina zerbait nahi duzunean ezinbestekoak dira lan hauek, horregatik txarraz ere oroitzapen onak ditugu. Bandinik ere abantaila horiek atzean dituzten zailtasunak azpimarratu nahi izan ditu bete ikuspuntu batetik: Abantaila nagusiena zure proiektua diseinatu eta gauzatzeko askatasuna da. Honek ordea, planifikazio ona behar du. Horretarako denbora behar da eta gauzak aurretik oso ongi pentsatu behar dira aurrekontua ondo lotzeko eta komunikazio plan eraginkor bat diseinatzeko. Ikuspuntu eta planifikazioaren arabera bi desabantaila izan ditzake honek. Produktua nori zuzendu nahi diozun argi baduzu eta diru kopurua ez bada izugarria ez dut uste arazoa denik, baina ze publikori zuzendu nahi duzun ziur ez bazaude edota diru kopuru handiegiak badira proiektua gauzatzeko dirua eskuratzea asko konplikatu daiteke. Ekiza ere Bandiniren bidetik doa, abantaila gehiago dituela uste baitu desabantailak baino: Abantaila bikoitza du. Batetik jakitea zure proiektua autofinantzatzen dela eta beraz, ez duzula zorrik sortuko. Nire kasuan, ez nuen pentsatzen disko hori zuzenean jotzea. Sorkuntza prozesu baten emaitza izan zen, besterik ez. Ez nuen nahi zorrek kontzertuak ematera beharko nindutenaren presioa sortzea dirua errekuperatzeko. Bestetik, entzuleekin harreman zuzen eta azkarra sortzen da. Orotara ia 400 pertsonek parte hartu zuten eta horrek plazer handia ematen du eta baita konfiantza pixka bat ere geroari dagokionez. Desabantailak aipatzekotan, sortzen den presioa aipatuko nuke, batez ere sumatzen nuenean ez nintzela iritsiko. Ez banuen lortzen dena bertan behera gelditzen baitzen eta ez nuen euro bat ere lortzen. Eta noski, "crowdfunding" kanpaina hasterako hasia nintzen prozesuarekin eta zorrak pilatzen... biziki estresagarria izan daiteke. Gainera, aurretik aipatutako abantailak krisi existentzialean bihurtzen dira pentsatuz: “Planeta honetan ez dira ene musikaz 200 pertsona ere interesatuko!” Tresna ederra da errealitateaz ohartzeko. Gero bakoitzak baloratu dezala errealitatea hobea ote den ametsa baino.

Bandinik esandako komunitate ideiari tiraka eta Ekizak aipatutako entzuleekiko harremana berretsiz, Ursula Strong eta Koldo Soret-i sortzaile eta hartzailearen artean sortzen den harremanaren inguruan galdetu diogu: Zure proiektua aurrera eramateko beste aukera bat da. Metodo honek hartzaileak proiektuaren parte direla sentiarazten ditu, proiektuaren pieza ezinbestekoak direla alegia. Oso eskertuak gaude hasieratik gugatik apustua egin zuten pertsona guztiei. Bandinik ere eskerrak besterik ez ditu parte hartu zuten lagun horientzat: Gure kasuan ez da esajerazioa esaten 1000 lagun horiek ahalbidetu zutela proiektua. Gure planteamenduaren arabera proiektuaren parte ziren, baina nolabait, baita agintzen zutenak ere. Horregatik, nahi izan zuten guztien izenak daude idatzita "Supernova"-ren ale bakoitzean, betirako geratu daitezen hor. Ekiza eskerretatik harago doa hausnarketeta interesgarriak eginaz: Musikaren mundua erabat aldatzen ari da eta "crowdfunding"-a tresna bat da beste batzuen artean. Ez dakit ordea trantsizio bat den ala iraunen duen. "Streaming"-arekin inork ez du interesik musika erosteko, ezta musikazale izanda ere ez. Bestalde ordea, kanta batzuk grabatzeko, argitaratzeko eta promozionatzeko dirua behar da, baita DIY (Do it yourself) moduan ere, beraz finantziazio zuzenak lortzea beharrezkoa da. Kontzertuak bide zuzena dira noski, baina ez da erraza hortik diru zati bat ateratzea eta gainera, kanta berririk gabe ez dago birarik. Diru-laguntzak ere badaude, baina kultura osoa boterearen mendean egotea ez da ona. Bestelako produktuekin ere lortu daiteke dirua, kamisetekin eta abar, baina etikoa izan behar duzu eta kalitatezko gauzak egin. Horretarako bidezko merkataritzan egon beharra dago eta horregatik gelditzen den irabazia oso txikia da. "Crowdfunding"-arekin gauza materialez gain gauza bereziak eskaini ditzakezu: bestelako kontzertu batzuentzako sarrerak, kontzertu pribatuak, edizio mugatuak... Finean, balore ekonomikoa baino zerbait gehiago eskaintzen duten gauzak.

Niña Coyote eta Chico Tornadok eta Bandinik oraingoz ez dute buruan berriz ere metodo hau erabiltzea, Ekizak ez du horren argi: Pentsatzen nuen ezetz, baina orain elkarrizketa erantzuten nabilela ideia batzuk pasa zaizkit burutik! Beraz, beharbada bai, beti ere zerbait originala probatuz.

Hori baitu sorkuntzak, gutxi baloratzen denez, zerbaiten osagarri bailitzan baina ez benetako ogibide, beti berrasmatzen ibili behar duela, ahalik eta proposamen originalenarekin zaleak katigatzeko. Horregatik, hamaika galderei eman behar izaten dio erantzuna sortzaileak metodoa hau aukeratzeko erabakia hartu aurretik. Behin aukeratuta ordea, sortzaileen ideiei itxura emateko modu ederra eskaini dezake crowdfunding-ak. Hemendik aurrera, kultura dastatzaileoi dagokigu oraindik finantziazio zain dauden proiektuak arakatu, dastatu eta bihotza ukitzen diguten horiei gure laguntzatxoa ematea.

 

Proiektu ugari ezagutzeko beta ematen duten web guneak:

2010ean ekimen pribatu batetik abiatuta sortutako plataforma da. Verkami hitza neologismo bat da esperantoko bi hitzetatik sortua: Verko (sorkuntza) eta Ami (atsegin izan), sorkuntzaren laguna bezala itzuli genezake.
Verkamirekin batera crowdfunding gune ezagunenetako bat da. Gune honek gainera, talentu zehatz bat exijitzen duten eta hori eskaintzen duten proiektuak harremanetan jartzen saiatzen da.
Jatorri frantsesa duen Ulule gunea da nazioartean ezagunenetakoa. Bertan sortzailearen proiektua sei hizkuntzetan (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, italiera eta portugesa) azaltzeko aukera ematen du eta Ululeko langileak arduratzen dira hauek itzultzeaz.
 

Crowdfunding finantziazioaren barruan lau modelo daude:
- Ordainsariaren modeloa: Laguntzen duenak laguntzaren truke saria du.
- Prestamu eta mailegu modeloa: Finantzatzeko laguntzaileek prestamuak ematen dituzte beti ere bankuak ekidinez.
- Akzionista modeloa: Laguntzaileak proiektuaren akzionista bilakatzen dira.
- Laguntza modeloa: Laguntza ematea besterik gabe, inolako saririk jaso gabe