Bularretakoak, ehun urte

Bularretakoak, ehun urte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bularretakoak-ehun-urte/@@download/image/80p48bularretako.jpg
2007/12/07
erreportajea
Larraitz Arando. Psikologoa eta sexologoa.
Puntiladunak, uztaiak dituztenak, gomadunak, tirante gabekoak… Gaur egun, hamaika bularretako mota ditugu aukeran. Hala ere, beti ez da hain aukera zabala izan. Oraingo bularretakoetara iritsi aurretik, ibilbidea luzea izan baita. ehun urteko bidea. gutxienez...

Pierre Poiret paristarrak asmatu zuen 1907an. Dena den, Mary Phelps Jacobek patentatu zuen zazpi urte geroago, eta berak du, gaur egun, asmatzailea izatearen ohorea. Milioika emakumek bularrean daramaten asmakizuna da: bularretakoa.

Bularretakoak baditu zeregin antzekoak betetzen zituzten arropa aurrekariak; batzuk zahar-zaharrak. Haietako zenbaitek antz handia zuten oraingo bularretakoarekin.

Homero Atenasko idazle ospetsuak kontatzen duenez, Greziako mitologiaren maitasunaren jainkosa Afroditak barruko arropa bat erabiltzen zuen: arropa hark gerrialdea nabarmentzen zion. Afroditak jantzi hura desleial izandako senarra bereganatzeko erabili zuela dio Homerok. Mitologia kontuak alde batera, argi dago Grezia Zaharreko emakumeek antzeko jantziak erabiltzen zituztela.

Berdin-berdin, Erroman: sentsualitatea areagotzeko, hainbat jantzi erabili ohi zituzten emakumeek. Gorputza estutzeko ohialezko zapi bat, esaterako. Jantzi hark, gainera, balio sinbolikoa eta soziala zuen. Izan ere, ezkongabeek gerrian eramaten zuten, eta ezkondutakoek, gerrikoaz gain, bularretan ere beste zapi bat jartzen zuten. Horra hor, bularretakoaren aitzindari zaharrenetako bat.

Burnizko kortseak

Baina bularretakoaren arbasorik gertukoena gorputza izugarri estutu eta arnasa hartzea ere oztopatzen zuen kortsea zen. Burnizko kortsea, esaterako. Jantzi hau burnizko gerruntze baten antzekoa zen. Materiala ezagututa, ziur ez zela oso erosoa... Hona hemen burnizko kortsearekin lotutako pasadizo bitxi bat: AEBak Lehen Mundu Gerran sartu zirenean, emakumezkoei kortseak eskatu zizkieten. Zertarako? Kortseetako burniari erabilera militarra emateko. Guztira, 28.000 tona metal bildu zituzten AEBetan, eta haiei esker, gerraontziak eraiki zituzten.

Haren ondoren sortutako bularretakoa bi zapi, zinta eta lokarri batez osatuta zegoen; erosoago izateaz gain, papar erakargarriagoak bistaratzen zituen. Geroztik, bularretako hau garatu egin da: 20ko hamarkadan oihal elastikoak erabiltzen hasi ziren, eta 30ekoan tirante gabeak sortu ziren. Bularretakoaren zabalkuntzan telebistak berebiziko garrantzia izan du; lehen telebista iragarki kanpaina 1967an egin zuten. Ondoren ere bularretakoa asko aldatu da: 80ko hamarkadan enkaje elastikoak gehitu zituzten, eta 2000. urtean, bularren tamaina “handitu” zuen air bra izenekoa etorri zen.

Emakumearen askapenerako moda?

Historian, emakumeak desiratutako objektuaren rola bete behar izan du. Gizona, berriz, desiratzailea izan da, emakumeak asebete behar zuena. Emakumeari, desiragarria izan zedin, kanpoko nahiz barruko itxura izugarri zaindu beharra inposatu zaio. Hortaz, emakume askorentzat, momenturo desiragarri izatea behar bilakatu da. Gure sistema kapitalista behar horretaz baliatu da emakumea ere produktu diru sortzaile garrantzitsu bihurtzeko. Ildo horretatik, hainbat tresna abian jarri ditu super emakumearen eredua ezartzeko; itxura jakin bat, izaera ausarta, modako arropa, lanpostu egokia…. Barruko arropen modak ere helburu bera du. Eredu hori saldu nahi digute. Eta horren kontura, gutxi batzuk dirua pilatzen ari dira.

Nor bere buruarekin gustura egotea osasungarria da. Hala ere, beste faktore bat sartzen da hor: besteek gugandik zer espero ote duten. Horregatik, itxura zaintze hori, oro har, modari jarraiki egiten dugu;  praka estu deserosoak, bizkarrarentzat eta oinentzat mingarriak diren takoi handidun oinetakoak, batere praktikoak ez diren orrazkerak, gustura jatea oztopatzen duten ezpain margotuak… Emakumearen askapenerako moda da hau?

Gure herrialdeko modarekin kritikotasun apal samarra garatu ohi dugu. Beste herrialde batzuetako  janzkerekin, ordea, askoz kritikoagoak izateko joera izaten dugu, haien janzkerak emakumearen askatasuna oztopatzen duelakoan. Eta guk? Euskal Herriko emakumeok badugu janzteko askatasuna?