Bret Easton: Yuppie killer

Bret Easton: Yuppie killer https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Bret Easton: Yuppie killer
1991n idatzi zuen Bret Easton Ellis-ek "American Pshyco" liburua. Hondartzako irakurketetan, yuppie killer bat ezagutu nahi duzu?
1985ean, 20 urte zituela, Bret Easton Ellis AEBetako literaturaren ume gaiztoa bihurtu zen "More than less" nobelari esker. Nobela hartan, 80ko hamarkadako Kaliforniako belaunaldiaren erretratu nihilista egin zuen, droga eta sexuaren bitartez errealitatetik ihes egin nahi zuten ume moko aberatsen abenturak kontatuz.
Hala ere, Easton Ellisek duela hamabost urte kaleratu zuen bere nobela ospetsuena: "American Pshyco". Manhattango negozio gizonen mundua oinarritzat hartuz, serial killer —edo yuppi killer esan beharko genuke?— izugarria sortu zuen: Patrick Bateman.
Yuppieak sekta moduko baten gisa deskribatu zituen idazleak: marka garestiak, kontsumoa, zeremonia friboloak, itxurakeria maite dituzte… Baina luxuzko atari horren azpian, hutsik dute barrena. Artalde horretan, Patrick Bateman berebiziko piztia da: goizez yuppiea da, eta gauez, hiltzaile ankerra.  
Batek baino gehiagok Ronald Reagan-en garaiko AEBetako gizartearen satira ikusi zuen liburuan, eta horrexegatik, garaian garaikoari aurrez aurre begiratzen jakindako idazletzat hartu zuten Bret Easton Ellis. Beste batzuentzat, aldiz, idazle makur, deprabatu, gaizto, sadiko eta gainbaloratua besterik ez zen.
Idazle makur eta gainbaloratua kontsideratze hori ez da kasualitatea. Izan ere, Easton Ellisen pertsonaia ospetsuenak, Patrick Bateman yuppie mokofinak, emakumeak bortxatu eta torturatu egiten ditu, ondoren gorpuak txiki-txiki egiteko. Talde feministek berehala egin zuten idazlearen kontra: "Jendeak ez zuen ulertu bortizkeria hori ez dela benetako zerbait; baizik eta sinbolo gisa erabili nuela.  Sinbologia horrekin erakutsi nahi nuen gure gizartean badirudiela emakumezko bat torturatu edo hiltzeak jatetxe batean ematen dizuten tokiak edo musika abesti batek antzeko garrantzia dutela", adierazi zuen idazleak.
Simon & Schuster argitaletxeak uko egin zion nobela argitaratzeari, eta azkenean, Viking-ek plazaratu zuen liburua. Arrakasta berehalakoa izan zen, eta idazleak gogotik bete zituen sakelak. 2000. urtean, Mary Harron zuzendariak zinemara eraman zuen nobela, Christian Bale aktorea Patrick Bateman hiltzailearen larruan jarrita.
Nobela haren ondoren, idazleak "Glamourama" nobela idatzi zuen, eta 2005ean, aldiz, "Lunar park " heldu zen. Bret Easton Ellis: sakelak betetzen dakien idazlea? Jenioa? Zuena da hitza.