BrahBrah kolektiboa: “Lur azpiko musiken munduak beti berdin jarraitzen du, hauskor baina aberats eta irudimen askorekin.”

BrahBrah kolektiboa: “Lur azpiko musiken munduak beti berdin jarraitzen du, hauskor baina aberats eta irudimen askorekin.” Geurea erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. BrahBrah Kolektiboa 2011. urtean zuten punk eta grind musika estiloak jotzen dituzten ipar Euskal Herriko musikariek, hain justu musika mota hori sustatzeko xedez. Do It Yourself (zuk zeuk egin) filosofiaren baitan kontzertuak antolatzez gain, kanpoko taldeei hemen jotzeko aukera ere eskaintzen die kolektiboak. Eurekin hitz egin dugu kolektiboaren iragan eta etorkizunaz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/brahbrah-kolektiboa-201clur-azpiko-musiken-munduak-beti-berdin-jarraitzen-du-hauskor-baina-aberats-eta-irudimen-askorekin-aldiz-kontzertu-potoloagoen-munduan-musika-industriak-eragindako-zentralizazio-prozesu-nahiko-beldurgarria-suertatzen-ari-da.201d/@@download/image/BrahBrahGaua#7-MagnetoBaiona-12102018-creditFrancisAloneWolf.jpg
2019/09/10

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Geurea erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. BrahBrah Kolektiboa 2011. urtean zuten punk eta grind musika estiloak jotzen dituzten ipar Euskal Herriko musikariek, hain justu musika mota hori sustatzeko xedez. Do It Yourself (zuk zeuk egin) filosofiaren baitan kontzertuak antolatzez gain, kanpoko taldeei hemen jotzeko aukera ere eskaintzen die kolektiboak. Eurekin hitz egin dugu kolektiboaren iragan eta etorkizunaz.
BrahBrah kolektiboa: “Lur azpiko musiken munduak beti berdin jarraitzen du, hauskor baina aberats eta irudimen askorekin.”

Noiz eta zertarako sortu zen BrahBrah kolektiboa?
2011. urtean sortu genuen kolektiboa eta lehen kontzertua 2011/11/11an antolatu genuen! Hardcore, punk eta grind musika estiloak jotzen dituzten Lapurdiko eta bereziki Baiona inguruko musikariek sortu zuten: The Rodeo Idiot Engine, Infest, Kuma No Motor, AntiFun Krieg, Monarch!, Hondartzako Hondakinak, RadHammer... dira taldeetako batzuk.

Elkartzearen lehen helburua taldeak kolektibo batean batzea izan zen eta musikariek elkar ezagutu eta laguntzea. Bigarren helburua musika mota horiek sustatzea, bereziki ipar Euskal Herrian, ordura arte eszenarik ez zegoelako. Horretarako kolektiboak Do It Yourself izpirituarekin, hau da, guk geuk eginez beste inork egitea itxaron gabe, kontzertuak antolatzen ditu. Horrela, kolektiboak tokiko eszena sostengatzen du eta kanpoko taldeei hemen jotzeko aukera ematen die.

2011-2014 bitarte oso aktiboak izan ginen, 2014-2017 urteetan ordea etenaldi bat izan genuen. 2017tik ona berriz piztu gara! Talde berriak batu zaizkio kolektiboari: Missile, The Third Eye, Uraken Survivor, Sweven, Cabrones, Sunk... eta landetako hegoaldeko talde eta jendea ere batu dira. Lurralde berriak okupatzen ari gara!

Batez ere punk eta grind estiloko musika taldeak babesten dituzue, zergatik estilo horiek?
Horiek izan zirelako kolektiboa sortu genuen garaiko taldeok jotzen genuen musika mota. Halere, barne hartzen dituen musika estiloak anitzagoak dira noski: doom-metal, noise, rock, stoner eta bestelako musika estiloko taldeak ere badaude egun kolektiboan. Post-rock eta folk kontzertu anitz antolatu ditugu. Azken batean, musikalki eta pertsona bezala gustatzen zaizkigun guztiekin aurrera, bost axola etiketak!


Zer eskaintzen dizuete musika estilo horiek?
Musikak asko transmititzen du, eta aldi berean, musika asko transmititzeko bidea ere bada. Beraz, hori eskaintzen digute hain segur, hartu eta emateko ahala. Bestalde, musika estilo horiek politikoki nahiko markatuak dira eta guk kritika zein proposamen horiekin bat egiten dugu: Do It Yourself, autogestioa, antifaxismoa, elkar laguntza, antikapitalismoa eta beste asko...

Ba al dago hardcore punk eszenarik Euskal Herrian?
Badago eta oso aktiboa da gainera! Biarritzeko Atabal, Baionako Magneto, Donibane Ziburuko gaztetxea, Laudioko Orbeko Etxea, Zarauzko Putzuzulo gaztetxea, Trintxerpeko Mogambo... eta beste areto askok sustengatzen dute hardcore-punk eszena. Jaialdi batzuk ere aipatu daitezke: Defenestre Fest, Meraki Fest, Tapoi Fest, Txoritokieta Punx Picnic... Jende asko mugitzen da eszena horietan eta urte asko doaz kontzertuak antolatzen, taldeak sortzen... eta kontzertuetara hurbiltzen den jendeari esker dago bizirik. Hau familia bat da. Askok elkar ezagutzen dugu eta beti saiatzen gara elkarlaguntzen... baina denak zarete ongi etorriak eta denok hartu dezakezue parte modu baten edo bestean!

Zein dira zuen erreferenteak?
Euskal Herrian edo Europa osoan gure taldeen kontzertuak antolatzen aritu diren kolektiboetan inspiratu gara. Oso motibagarria da ikustea jendea prest dagoela zuri kontzertua antolatzeko, kontzertuaren propaganda egiteko, afaria prestatzeko, argiak eta soinua zaintzeko, lotarako lekua emateko, beste talde batzuk ezagutzeko aukera emateko… Jende berria ezagutzeko parada da, eta horrela aipatutako familia handitzen da. Azken batean guk gauza bera egiteko gogoa izan genuen, hau da, kanpoko taldeei hemen jotzeko aukera ematea.

Musika, zaletasun bat baino bizitza filosofia bat al da?
Baietz uste dugu. Halere, tarte handia dago batetik bestera, hau da, musika zaletasun huts izatetik bizimodu oso izatera. Batzuek edo besteek gehiago edo gutxiago jartzen dugu hori praktikan. Guztiz koherente izatea denentzat da zaila, baina ahalik eta gehien izatea da erronka.

Zertan datza Do It Yourself mugimendua?
Horretaz gehiago jakiteko interesgarria da Craig O'Hara-k bere garaian idatzi zuen Punkaren filosofia liburua irakurtzea edo frantsesez dakitenentzat Fabien Hein-en Do It Yourself!. Badauka ahalduntzearekin zerikusirik, oso askatzailea eta hezitzailea da. Finean gauzak guk geuk egitea da, guk nahi eta definitu dugun moduan. Horrela, ez dugu beste inork egin dezan itxaron beharrik eta ez dugu besteen “arauen” arabera egin beharrik. Gauzak aldatzeko sekulako ahalmena dugu!

Nola ikusten duzue oro har, kontzertuen eskaintza Euskal Herrian?
Sekulako eskaintza dagoela uste dugu, kalitate handikoa benetan. Talde pilo bat dago, eta atzerriko talde asko ere hemendik pasatzen dira orain. Halere, aldi berean, ahul dago kontzertuak antolatzeko lekuak gutxitu baitira eta antolatzaileak beti berdinak baitira. Baionan adibidez, tabernetan ez dago gehiago kontzertuak antolatzeko modurik... Ezin astean zehar kontzerturik antolatu...

Lur azpiko musiken munduak beti berdin jarraitzen du beraz, hauskor baina aberats eta irudimen askorekin. Aldiz, kontzertu potoloagoen munduan musika industriak eragindako zentralizazio prozesu nahiko beldurgarria suertatzen ari da.

Eta musika eszena oro har?
Musika eszena ongi dago. Talde asko daude eta pixka bat bilatuz gero gauza oso oso onak aurkitzen dira! Halere, askotan ausardia pixka bat gehiago eduki behar genuke gure proposamenetan (bai musika taldeek, bai kontzertu antolatzaileek).

Jendea hurbiltzen al da kontzertuetara?
Bai, horrekin ez daukagu arazorik. Batzuetan gehiago, bestetan gutxiago, baina oro har ehun bat pertsona biltzen gara. Kontzertuetako sarrerak taldeak ordaintzera bideratzen dira beraz, minimo batzuk mantentzea ongi dago. Ez dugu etekinik sortzen, eta jende kopuruarena estres iturria izan ohi da, baina gero kontzertuetan giro ona dugu.

Zein da etorkizunera begira dituzuen helburuak?
Iaztik kolektiboa indarturik dago eta kontzertu asko antolatzen ari gara orain. Horretan segituko dugu, talde berriak kolektibora batzen, kontzertuak antolatzen, leku berrietara joaten... kolektiboaren izena zabaltzen!

Arlo politikoa gehiago landu nahi genuke eta lehen urteetan egin genuen bezala dokumentalak hedatu nahiko genituzke, adibidez, dokumental-hitzaldi-kontzertu gaualdiak antolatuz. Beste kolektibo batzuekin elkarlaguntzan eta trukaketan sakondu nahi genuke eta Bordeleko lagun batzuekin Baiona-Bordele trukaketa asteburu bat antolatzen ari gara. Eta zergatik ez, egun batez diskoetxe bilakatu kolektiboko taldeen diskoak argitaratzeko! Hemen datozen kontzertuak:

Irailak 13, Container (Angresse, Landesak): Pilori (black crust - Rouen FR), The Third Eye (post hardcore - Capbreton FR), Infero Lasta (doom metal - Baiona EH)
Irailak 20, Magneto (Baiona): Ultimo Gobierno (hardcore punk - Burgos ES), Infest (grindcore - Baiona EH), Cult of Misery (crust punk - Bilbo EH)