Borrokan: Tenk egindako isiltasuna

Borrokan: Tenk egindako isiltasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borrokan-tenk-egindako-isiltasuna/@@download/image/80p74borrokan_1363731822.jpg
2007/12/07
erreportajea
Julen Azpitarte
Borrokan: Tenk egindako isiltasuna
Borrokan Berako boskotea bueltan da. 2002an taldearen izen bereko diskoa karrikaratu zutenetik, ezer gutxi jakin dugu haiei buruz. Estreinako lan hartan Fugazi, Shellac, June of 44 eta antzeko post-hardcore taldeen eragina nabari zen arren, lan txukuna argitaratu zuten. Bost urte geroago, Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke. Orain! lana autoekoitzi dute. 

Borrokanekoen lan hau askoz pertsonalagoa da; argi dago taldeak bere bideari heldu diola. Bildutako dozena erdi kantak ahalegin horren isla dira. Intentsitatez beteriko uneak gitarra jokoen bidez tenkatu eta bat-batean barealdietan erortzen dira. Zazpi minututik gora irauten duen Izardun irudimenean abestian, adibidez, tarte biziak eta isiluneak bikain uztartu dituzte: doinua bateriaren oinarrizko jo errepikatu batetik abiatzen da, isiltasuna da nagusi, baina ahotsa agertzen denean, gitarrak lozorrotik indartsu esnatzen dira, eta gora eta behera dabiltza kanta hona eta hara eramanez. “Gitarra jokoak, gehienetan, abiapuntua izaten dira, baina guk osorik entzuten denari ematen diogu garrantzia”, dio Ibaik, gitarra, saxo eta teklatu jotzaileak.

Hitzak, bestalde, oso poetikoak dira, eta bat datoz erabat musikarekin. Josebak, gainera, ahalegin ikaragarria egin du ahotsari beste tonalitate mota batzuk ematen. “Aurreko diskoan baino elkarlan handiagoa egin dugu, hitz gutxiago zirelako, eta aspalditik zeudelako eginda. Ahotsaren trataerari dagokionez, gehiago arriskatu dugula eta, aldi berean, aurrekoan baino konformistagoak izan garela uste dut; bagenekien zati batzuetan nahiko ondo genbiltzala, eta gainerakoan, abestiak azken momentura arte utzi ditugu itxi gabe”, dio Joseba abeslariak.

Beratarrak fin aritu dira baita kanten konponketei dagokienez ere. Teklatua, saxoa, silbotea eta kalean grabaturiko soinuak erabili dituzte abestiak janzteko. “Hainbat soinurekin proba egin nahi genuen. Beste zerbait grabatzen badugu, horrelako nahasketetan sakontzeko saioa egingo dugu agian”, azaldu du Josebak.