Borja Cobeaga: "Komedia samurrak eta krudelak egitea atsegin dut"

Borja Cobeaga: "Komedia samurrak eta krudelak egitea atsegin dut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/borja-cobeaga-quotkomedia-samurrak-eta-krudelak-egitea-atsegin-dutquot/@@download/image/2011136208NC012.jpg
2012/12/13
berria
Borja Cobeaga: "Komedia samurrak eta krudelak egitea atsegin dut"
Zinema zuzendari donostiarrak No controles bigarren film luzea estreinatuko du hilaren 5ean, asteazkena, Hego Euskal Herrian. Aireportu batean girotutako pelikula da. Unax Ugalde aktore gasteiztarrak jokatzen duen pertsonaiak neska lagun ohia errekuperatzeko ahaleginak eta bi egingo ditu. Estreinako pelikularekin bezala -Pagafantas- euskal zuzendariak komediaren bidetik jo du, baina oraingoak, bere hitzetan, akziotik ere badu.GAZTEZULO.COM-ekin mintzatu da.


No controles ikustera doanak Pagafantasekin baino gehiago ala gutxiago egingo du barre?

Nik uste dut gehiago egingo duela barre. Film orekatuagoa da, baina era berean eroagoa. Pertsonaia batzuk Pagafantasekoak baino eroagoak dira. Julian Lopezen pertsonaia, Juan Carlitos, Diego San Josek eta biok inoiz idatziriko  barregarriena da. Eta ez ahaztu besteak beste Joxepo eta El Pelanas izan ditugula esku artean…


Zure lehen filmean Gorka Otxoa zen protagonista eta oraingo honetan Unax Ugalde. Biak ala biak euskal herritarrak.

Gorkaren kasuan, Vaya Semanitan eta beste saio batzuetan egin dugu lan elkarrekin, eta paperarekin bete betean bat egiten zuen. Unaxen kasuan, ez du garrantzirik izan euskal herritarra izatea. Aktore egokiena iruditu zitzaigun. Ez zion axola Euskal Herrikoa edo Getafekoa izatea.

Pagafantas filmaren bukaera gazi-gozoa zen. Oraingoan ere bide horretatik jo al duzu?

Ez badago puntu hori interesa galtzen dut. Komedia samurrak eta krudelak egitea atsegin dut. Hori horrela, une jakin batean pertsonaien patetismoa barregura eragitetik barregarria edo tragikoa izan daitekeen zerbait eragitera pasatzen da. Egoera barregarrien eta batere ere barregarriak ez direnen arteko mugak gustatzen zaizkit. Hortik sortzen da komediarik onena. No controles Pagafantas baino sentimentalagoa da. Pagafantas gogogrragoa dela iruditzen zait.

Film berri honen errodajeari buruzko pasadizoren bat kontatzerik bai?

Bilboko aireportura galtza motzak eta txankletekin iritsi eta elurra ikusten zutenen aurpegiak gogoan ditut -udaran errodatu zuten-. "Elur gehiago, elur gehiago!" oihukatzen nuen etengabe. Filmaren hasierak hotza irudikatzea nahi nuen. Ikuslea zinema aretoan berogailuarekin eta hotza sentitzen imajinatu nahi nuen.

Zer moduz ikusi zenuen zure burua errodajean?

Lehenengo aldia bezalakorik ez dago. Lehen errodajeari ilusioarekin eta sineskortasunarekin ekiten  diozu, eta den-dena kontrolpean eduki nahi duzu. Bai La primera vez –lehen film laburra izan zena- bai Pagafantas -lehen film luzea- zurrunegiak izan ziren. No controles-en neure burua seguruago eta profesionalago ikusi dut. Baita malguago ere, eta hori aktoreengan eta eszenaratzean nabaritzen da. Egia esan, bi film luzeak egiten pila bat gozatu egin dut. Zailtasunak zailtasun, oso ondo pasatu dut. Ez dut uste zerbait gozagarri egiteko sufritu behar denik; hori txorakeria iruditzen zait. Lanean ondo pasatzen baduzu, azken emaitzan nabaritzen da.

Eta Madrilen, eroso ikusten al duzu zure burua?
Madrilen bizitzea izugarri gustatzen zait, baina uste dut sentsazio bera izango nukeela beste edozein hiri handitan. Lanak ez nau behartu Madrilen bizitzera; erabaki pertsonala izan da. Lanbide honetan ordutegiek ez dute ez hankarik ez bururik, eta batzuetan 02:00etan bukatzen duzu lana. Eta ezinbestekoa da zerbait hartzea oheratu aurretik. Madrilen edozein ordutan afaldu edo zerbeza bat edan dezakezu. Hiria 24 ordutan bizirik dagoela sentitzea garrantzitsua da niretzat.

Joan den urtean Goya sarietarako izendatu zintuzteten eta 2007an Oscar sarietarako. Saririk baina, ez zizuten eman. Izendatua egotea nahikoa sari al da, ala kirolean esan ohi den bezala, jendea bakarrik irabazleekin gogoratzen da?

Betiereko izendatua izatea ez da arazoa, inondik inora. Zinemaren historian badira ehunka zuzendari zortzi Oscar merezi zutenak eta bakar bat bera ere eskuratu ez dutenak. Horietako batzuk dira nire kuttunak: Howard Hawks, Hicthcock, Fritz Lang eta abar. Jakina, irabaztea gustatuko litzaidake, baina baita yatea eta hondartza ondoan etxea edukitzea, baina horiek ere ez ditut. Garrantzitsuena da norberak jakitea non dagoen. Pagafantas eta No Controles egiten baditut ez da Canneses sari garrantzitsua irabazteko.  

Euskal sukaldaritza eta sukaldariei buruzko filma egiteko asmoa zenuela iragarri zenuen duela urte batzuk. Zertan da proiektua?

Oso pelikula konplikatua da. Pagafantas bukatu genuenean, proiektuari heldu genion eta jabetu ginen oso film garestia zela eta egitura aldetik, oso aldrebesa. Gidoia funtzionatzea zaila zen, osagai ero asko zituelako. Ideia onak zituen, baina kaosa zen. Suposatzen dut egunen batean Diegok eta biok berriz ere ekingo diogula, baina asko gustatuko litzaidake beste zuzendari batek egitea, ordena jarriko lukeen zuzendari batek egitea alegia.