Bonberenea, jaialdi aretoa baino askoz gehiago

Bonberenea, jaialdi aretoa baino askoz gehiago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bonberenea-jaialdi-aretoa-baino-askoz-gehiago/@@download/image/74_gaztetxea_1364246747.jpg
2007/05/04
erreportajea
Imanol Ubeda
Larunbat arratsaldea da. Patxi eta beste bi lagun belazeko belarra mozten ari dira. Gaztetxo talde bat graffiti baterako pintura prestatzen ari da; oilategirako bidea hartu dute. Samper ere —oilategiaz arduratzen da— hara joan da. Bitartean, Aritz eta Alefo soinu mahaiaren inguruan dabiltza. Bezperan, kontzertua sonorizatzen aritu ziren. Baina beti dago konpontzeko zerbait. Gauean Urgabe taldeak joko du, eta taldea etorri orduko, denak txukun egon behar du. Eta hala dago. Eszenatokia, eta etxe osoa. Jaialdi aretoa baino zerbait gehiago baita Bonberenea.

Ez dirudi bezperan kontzertua izan denik. Dena dago garbi. "Ezetz asmatu zenbat etorri ziren atzo Potato ikustera?". Galdera Patxik eginikoa da. Auskalo. "200 lagun. Eta kristoren giroa izan zen". Miguel el casero, Jamaika Ska eta horrelako kantak berpiztu zituztela eta ederki pasatu zutela adierazi digu Patxik, Bonberenea kudeatzeaz arduratzen den gazteetako batek.

Baina esan dugu. Jaialdiak antolatzen dituen aretoa baino askoz gehiago da Bonberenea. Zigilu bat ere sortu dute, Bonberenea Ekintzak izenekoa. Eta hori gutxi balitz bezala, grabazio estudioa ere jarri dute martxan. Tolosako etxe honetara datorrenak, gainera, rokodromoa eta skate park bat aurkituko ditu, eszenatokiaren aldameneko gunean. Goiko solairuan, sukaldaritza ikastaroak egiteko jantokia eta sukalde ederra. Eta hitzaldi aretoa, eta lo egiteko 12 literako logela, eta komunak, eta dutxak, eta... Etxetik kanpora, lehen aipatutako oilategiaz eta belazeaz gain, bada basketean aritzeko txokoa, eta baita futbol zelai txiki bat ere. Etxebizitza salmentan aritzen den agentzia horietako baten iragarkia dirudi testu honek, ezta? Ez pentsa. Tolosako San Esteban auzora bazoazte, hantxe topatuko duzue azaltzen ari garen guztia. Bonberenea izanarekin ezagun egin den eraikinean. Eta ez dago salgai.

Aztertzeko moduko fenomenoa

Azalekoa aipagarria bada, bertako eskaintza oso mamitsua da. Luze jo gabe, hainbat datu aipagarri, segidan. Bonberenea martxan jarri zenetik, 530 ekitaldi egin dira; haietatik, 300 kontzertuak izan dira. Horrez gain, 40 lagunek osatutako txaranga mugitzen dute inauterietan. Bonberenea Ekintzak zigiluaren babespean, 11 disko eta DVD bikoitz bat argitaratu dituzte. Bonberenea estudioan, bestalde, 50 disko grabatu dituzte azken hiru urteotan. Hitzaldi aretoan, besteak beste, Patxi Zabaleta (Aralar), Carlos Garaikoetxea (EA) eta Arnaldo Otegi (Batasuna) izan dira. Webguneak, bonberenea.com helbidean, 40.000 bisita jaso ditu honez gero. Esan iezadazue: Bonberenearen antzeko fenomenorik ezagutzen al duzue Euskal Herrian? Izango da, akaso. Nik, behintzat, ez dut ezagutzen. Toki asko bisitatu gabe izango ditugu, seguru, baina badira aipagarriak diren aterpe ugari, instituzioen babesik gabe aurrera egin duten hainbat bilgune… Baina Bonberenearen pareko mugimendurik ez; nik, behintzat, ez dut ezagutu.

Autogestioa posible da

Izan ere, egiten den guztia bezain aipagarria da lan egiteko modua. Ekimen horiek guztiak bideratzeko modua. Nola egiten dute? Autogestioan oinarrituta. Enpresak ere diru laguntza publikoen morroi diren garai honetan, nekez uler daiteke Bonberenearen jarrera. Baina hala da. Ez dute sekula diru laguntzarik jaso. Eskaini zaien arren, sekula ez dute onartu, eta sekula ez dute eskatu. Premia handiak izan dituzte. Zorrak ere bai. Garai zailak pasatu dituzte. Baina independiente izateak hori du. Zailtasun asko bidean. Zailtasunak, bai, eta ugari. Hala ere, ez dira inoren morroi. Autogestioan aritzeak abantailak ere izan behar ditu, ezta?

Hamar urte pasatu dira Bonberenea proiektua abiatu zenetik. Zazpi, Tolosako San Estebango eraikinean daudenetik. Orain ez dabiltza gaizki. Oinarri sendoak ditu Bonberenea ekimenak. Erreferentzia da. Arriskuak eta abantailak neurtzen ikasi dute. Eta gainera, azken boladan, haizea alde izan dute. Baina, eguraldia alda daiteke. Edonoiz. Esan dugu. Antza, oinarri sendoak ditu Bonbereneak. Erreferentzia da. Nahiz eta kolektibotasuna krisian dagoen, nahiz eta gizartean indibidualtasuna nagusi den, oreka bilatzen asmatu du Tolosako ekimen honek. Eta oinarriari uko egin gabe, gainera; autogestioari eutsiz. Beraz, gaur egun, eredu da kolektibo askorentzat. Japoniar enpresariek Arrasateko MCCra nola, hala jo dute hango eta hemengo gazte askok Bonbereneara. Nolako lana egin den ikustera. Nola lan egiten duten ikastera. 


Bricomania saioaren jarraitzaileak

Etxean etengabe egiten dituzte konponketak. Beti bada konpondu, berritu, margotu beharreko zerbait. Dirua beti falta den etxean, baliabideak handik eta hemendik lortu behar. Patxik pasadizo polita kontatu digu: "Lazkaoko Torrano taberna itxi zutenean, bertako materiala hartzeko aukera eman ziguten. Hara joan ginen Txap (Lisaböko kidea), Fernando (Kuraiako kantaria) eta Bonbereneako hainbat lagun. Lau furgoneta bete genituen. Etxean ditugun ateetako asko Torranokoak dira. Baita grabazio estudioa egokitzeko egur asko ere". Kableak, bonbillak eta antzeko materialak ere ekarri zituzten Lazkaotik.
Tolosako Iparragirre zine aretoa itxi zutenean, berdin. Hango eserlekuekin osatu zuten Bonbereneako bideo gela. Baina herritarrek ere laguntza estimagarria eskaini diete. Tolosako Izarpe bideo denda itxi zutenean, adibidez, bertako jabeak 400 bideo oparitu zizkien Bonbereneakoei. Eta Ero-Etxe elkarte gastronomikoak sukaldea aldatu zuenean, sukalde zaharra Bonbereneakoen esku utzi zuen. Zerbitzu ederra eskaintzen die orain.

Bateko egurrak, besteko eserlekuak, Ero-Etxeko sukaldea… Hori guztia biltzeaz aparte, material guztia etxera egokitu behar da. Borondatea ez ezik, trebezia ere ezinbestekoa da. Harrigarria bada ere, Bonbereneako hainbat gazte Bricomania telebista saioaren jarraitzaileak dira. Bonberenean bertan elkartzen dira igandeetan, saioa ikustera. Horko ikasketak praktikara eramateko toki egokia da Tolosako San Esteban auzoko etxea. Lehen esan dugun bezala, beti dagoelako zer konpondu, berritu edo margotu.

Bonberenean jotzeko, itxaron zerrenda

Nork ez du Bonberenea hitza inoiz entzun? Izan ere, musika talde hasi berri asko bertan ibiliak dira. Baita sona handiko asko ere: Gatillazo, SA, Berri Txarrak, Betagarri, Ken Zazpi, Fermin Muguruza, Su ta Gar, Niko Etxart, Anje Duhalde, Kuraia...

Euskal Herritik kanpora ere, ikusmin handia sortu du etxeak. Manta Ray, Aina eta Def Con Dos Bonberenean jotzeko gogoa azaldu dutenen artean dira. Espainian ere erreferentzia bilakatzen hasi da; bereziki, mundu alternatiboan. Hango edo hemengo musika taldeek Bonberenean jo nahi dute. Egunero bospasei dei jasotzen dituzte. Pentsa, itxaron zerrenda osatu eta guzti egin behar izan dute…

Grabazio estudioa

Kontzertuak egiteko tokia izateaz gain, beste era bateko ekimenen aterpe ere bada Bonberenea: ikastaroak, denetariko emanaldiak, skate edota eskalada guneak… Gaztetxeetan edo Bonberenearen antzeko bilguneetan ohikoak izan daitezke kontu horiek. Grabazio estudio zerbitzua eskaintzea, ordea, ez da hain ohikoa izaten. Anari, Potemkin, Brigada Criminal, Nuevo Catecismo Catolico, Lisabö, Berri Txarrak... Bonbereneako estudioan grabatu duten taldeetako batzuk dira. Bonberenea Ekintzak zigiluaren ekoizpen gehienak ere estudio horretan grabatu dituzte.

Zigilua etxean bertan sortutako ideia izan zen, hainbat argitalpen plazaratzeko sortua. Bonberenea izeneko bilduma argitaratu zuten lehen-lehenik. Geroztik, Tanta, Humus, Gutural, Martxaundi bilduma, Lobo Electrico, Izaera, Peiremans+, Jone, Bonberenea txaranga eta Anestesiaren diskoak plazaratu dituzte. Eta berriki, Bonberenea Suffle izeneko DVDa: zuzenean grabatutako 33 talderen kantak daude bertan, edizio ederrean argitaratua.

Autogestioa. Hori da Bonberenearen filosofia. Baina hori baino gehiago behar da. Antolaketa, ilusioa eta konpromisoa; gaur egun Bonberenea kudeatzen dutenek sobera dituzten osagaiak. Ez da erraza filosofiari eustea. Pentsa: emanaldiak eta Bonberenea Ekintzak zigiluaren diskoen salmenta dira diru iturri nagusi eta bakarrak. Mozkinak etxean bertan inbertitzen dira. Horrela egin dute aurrera zazpi urte hauetan. Bejondeiela.

Bonbereneatik bonbereneara, hamar urteko ibilbidea


Bonberenea izeneko ekimena duela hamar urte hasi zen Tolosan. Gazte batzuek Tolosako San Joan kaleko udal eraikin bat okupatu zutenean, hain zuzen. Garai batean, suhiltzaileen aterpe izan zen eraikin hura. Baina 1997an okupatu zutenean, hutsik zegoen. Hala ere, okupatu eta egun gutxira, Joxe Gurrutxaga garai hartako alkateak ertzainak bidali zituen, eta eraikina botatzeko agindu zuen. Gaur egun, aparkalekua da Bonberenearen lehen egoitza izandakoa.

Kale gorrian geratu ziren arren, Bonbereneakoek lanean jarraitu zuten. 1999ko abenduan, Tolosako San Esteban auzoan hutsik zegoen etxe batean sartu ziren. Lehen esperientziari gorazarre egin nahian, Bonberenea izenarekin bataiatu zuten eraikina. Eta orain arte. Hori bai, zerotik hasi behar izan zuten. Ezer ez zegoen tokian, zazpi urte geroago, hauxe topatuko duzue: sukaldea, biltegia, jangela, liburutegia, hitzaldi eta bideo gela, informazio gela (Internet gunea), komunak, igerileku txiki bat, grabazio estudioa, jaialdietarako aretoa, taberna, skate park-a, rokodromoa, oilategia...

Zazpi urte eta gero, gainera, epaitegiaren edo osasun etxearen kategoria bera hartu du Bonbereneak. Tolosako Araba etorbideko trafiko seinalean ageri baita Bonberenea.