Biztu Irratixe: “Arrosa Sarea, Euskal Herrian daukagun altxor bat da, askok ezagutzen ez dutena”

Biztu Irratixe: “Arrosa Sarea, Euskal Herrian daukagun altxor bat da, askok ezagutzen ez dutena” Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Hilabete honetako gonbidatuak: Biztu Irratixe; norbanako eta bereziki herri mugimenduek, kultura eta borroka sozialak bultzatzeko tresna bat izateko intentzioz sortua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/biztu-irratixe-201carrosa-sarea-euskal-herrian-daukagun-altxor-bat-da-askok-ezagutzen-ez-dutena201d/@@download/image/hasiberriak.jpg
2019/07/22

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

 

Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Hilabete honetako gonbidatuak: Biztu Irratixe; norbanako eta bereziki herri mugimenduek, kultura eta borroka sozialak bultzatzeko tresna bat izateko intentzioz sortua.
Biztu Irratixe: “Arrosa Sarea, Euskal Herrian daukagun altxor bat da, askok ezagutzen ez dutena”

Noiz sortu zen Biztu Irratixe eta zergatik?
Astra Gernikentzako okupazio mugimenduak Busti Irratia sortu zuen 2008an. Behin desagertuta, berak utzitako ezagutza eta materialei esker 2016an lortu zen irrati berri hau sortzea Astra eraikinean. Irrati biek helburu berdina izan zuten. Norbanako eta bereziki herri mugimenduek, kultura eta borroka sozialak bultzatzeko tresna bat izatea.

Zuen irratia ezagutzen ez duenak, eta entzuteko konbentzitu nahiko bazenute, zer esango zeniokete hitz gutxitan?
Irratia bereganatzea eta berak entzun nahiko zuena sortzea edo laguntzen sortzea.


Konbentzitzen baduzue, non eta nola entzun ditzake zuen saioak?
Podcast-ak irratiaren web orrian (https://biztuirratia.wordpress.com/) eta streaming zuzenean Astrako webgunetik (http://www.astragernika.net/eu/astra-2/biztuirratia/)

Zeintzuk osatzen duzue Biztu Irratixe?
Oraintxe ditugun hiru irratsaioko partaideek; Metal Fabrika, metal musikaren inguruan, Gaberdiko Cowboy, zinemari buruz eta Mikro Irekian nahi denaren inguruan bertan hitz egiteko, elkarrizketa formatuan.

2016 amaieran ASTRAn irratia berpiztea erabaki zenuten; zergatik?
Irratia bertan zegoen martxan jartzeko prest 2011tik. Bakarrik behar zen gogoa zuten jendea agertzea eta garai hartan batu zen interesa geneukan taldetxo bat.

"Oraintxe hiru irratsaioko partaideek osatzen dugu; Metal Fabrika, metal musikaren inguruan, Gaberdiko Cowboy, zinemari buruz eta Mikro Irekian nahi denaren inguruan bertan hitz egiteko, elkarrizketa formatuan."

Orain arte izan duzuen zailtasun handiena?
Beharbada alde teknikoa. Bi ordenagailuetatik baten batek (bat grabatzeko eta bestea streaming egiteko erabiltzen dena) edo soinu mahaiak arazoren bat duenean. Denok ez daukagu ezagutza tekniko berdina eta.

Nola antolatzen duzue programazioa eta zeintzuk dira zuen irizpideak?
Ez daukagu irizpide zurrunik. Gure irratsaioak gutxi dira eta ordutegi interesgarriena ematen diegu (ez dira momentuz zuzenean) eta gainontzekoa gustuko ditugun Arrosa Sareko irratsaioekin betetzen ditugu bereziki.

Kolaboratzaileak izaten dituzue?
Irratsaio bakoitzean beti izaten dira gonbidatuak. Horrez gain, norbanako edo herri mugimenduren batek irratsaio bat egiteko proposamena bidaltzen duenean Mikro Irekia irratsaio daukagu prest beraientzat. Bestetik, Astrako HACKELARRE talde hacktibistako kideek noiz behinka laguntzen digute alde teknikoekin. Azkenik, Bilboko Irola Irratia aipatu nahiko genuke. Beraiekin hartu emana daukagu eta irrati materialekin kristoren laguntza eman digute orain dela gutxi.

'Arrosa Sarea' Euskal Herriko irrati libreen sare barruan zaudete ezta? Nola definituko zenukete sare hau? Garrantzitsua da?
Bai eta gu bezalako irrati txiki hasiberri batentzat sekulako laguntza da. Urtero egiten da topaketa bat, bilerak urtaro bakoitzean gutxi gora behera eta beste irratiekin kontaktatu eta edozein galdera edo eskaera luzatzeko aukera ematen du. Baina bereziki irrati parrila osoa betetzeko ezinezkoa dugunez, oso irratsaio interesgarriekin egiteko aukera ematen digu.

Irratsaioak elkartrukatzeko aukera dago?
Bai. Arrosa Sarean irrati guztiek daukate aukera bere irratsaioak eskaini eta besteenak erabiltzeko. Arrosa Sarea, Euskal Herrian daukagun altxor bat da, askok ezagutzen ez dutena eta merezi duena (http://www.arrosasarea.eus/

Osasuntsu dago irratigintza ?
Baietz esango genuke. Oso erraz erabili daitekeen medio bat da. Bai produzitzeko orduan eta bai entzuteko orduan (bai podcast, internet edo uhinen bidez). Gainera, erraz partekatzeko eta zabaltzeko medio egokia da.

Euskal herrian irratiarekiko afizio berezi bat dagoela esan izan da askotan, beste herrialdeekin konparatuz gero. Ados zaudete?
Euskal Herrian edozein mediotan afizio, gaitasun eta esperientzia dagoela esango genuke. Eta irratia ez da salbuespen bat.

"Irratia, oso erraz erabili daitekeen medio bat da. Bai produzitzeko orduan eta bai entzuteko orduan"

Podcasten gorakada kontuan izanik, pentsatu duzue bide hori soilik jorratzea,  irrati “tradizionala” alde batera utziz ala nahiago biak uztartzea?
Orain bertan podcast bidez bakarrik entzun daiteke, streaming ordenagailuarekin daukagun arazo batzuk direla eta. Laster berriz martxan edukitzea espero dugu eta baita uhin bidezko emisioa, Irola Irratiko lagunen laguntzari esker. Ahal izanez gero podcast, streaming eta uhinen bidezko emisioa egitea merezi du. Guztiz bateragarriak dira.

Zeintzuk dira zuen irratsaio edota esatari erreferenteak?
Hainbat daude eta gai nahiko subjektiboa da. Arrosa Sarean bertan eta musika irratsaioei dagokienez, estilo desberdinetan izugarrizko maila duten irratsaioak daude (Zuria Beltzez, ADI, Burdinola, Reggae Fever, Haus of Beats, Erro eta berri, Soinugela, Kritikal Blues, Revolutionary Grooves…). Ez dituenak ezagutzen eta aukera bat ematen badiote, sorpresa polit bat hartu dezake. Estatu mailan Carne Cruda edo La Cafetera aipa genitzake.

Beste edozer esan edo partekatu nahi izanez gero...
Biztu Irratixe printzipioz Busturialdeko nahi duenaren esku dago irrati munduan esperimentatu eta nahi duena zabaldu eta gozatzeko. Ateak eta uhinak beti irekita egongo dira indar eta haize berriei. Beraz animatu!!