Bizkaiera erdu plazara

Bizkaiera erdu plazara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizkaiera-erdu-plazara/@@download/image/19p34-1.jpg
2002/05/03
erreportajea
Unai Brea
Bizkaiera erdu plazara
Sendagileak bagina bezala, GAZTETXULOkook mendebaldeko euskararen (bizkaiera, lagunartean) osasunaz galdezka ibili gara han eta hemen. Baita denetariko erantzunak jaso ere.

Mendebaldeko euskara, edo bizkaiera, Bizkaiko eremu handi batean, Gipuzkoako mendebaldean eta Arabako ingurune euskaldunetan hitz egiten da. Garai batean baino askoz gutxiago, hori bai, hainbat arrazoi direla medio. Aspaldian, gainera, prestigio kontuak dira tartean: bizkaiera erabiltzen duten asko lotsatuta ei daude, beren berbakera, batuarekin aldaratuta, zatarra delakoan.

Zerbait gehiago jakin nahian, datu bila abiatu gara itaun argi batekin: zelako etorkizuna du bizkaierak? Alegia, gazteek bizkaiera erabiltzen dute? Hona Maribi Unamuno Mendebalde elkarteko zuzendariaren iritzia: "nik uste dut bertako hizkera bizirik dagoen tokietan, eskolan batua eta kalean euskalkia erabiliko dutela. Kaleko erabilera hain bermatuta ez dagoen lekuetan, ordea, eredua askoz hurbilago egongo da eskolakotik".

Zalantza argitzeko, bizkaiera erabiltzen den eremuko herririk handienetako udaletara jo dugu. Egia esan, ez da gaiari buruzko neurketa zehatzik egin, eta pertzepzioen araberako erantzunak baino ez ditugu jaso. Sano interesgarriak, hala ere. Esaterako, Durangon batuak indar izugarria ei du bizkaieraren aurrean. Ondarroan, berriz, bizkaiera da nagusi, baina zenbait esamoldetan batuaren eragina igertzen da (asteko egunak, adibidez); gauza bera esan genezake Arrasate edota Bergarari buruz.

Hainbat aburu

Udalak ezezik, bestelako berbakideak ere bilatu ditugu. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak, adibidez, "batua sortu zenetik, inoiz baino prestigio gehiagorekin" ikusten du bizkaiera bere inguruan. Gotzon Garate euskaltzain elgoibartarrak, aldiz, bere herriko gazteek euskalkiaren ordez, batua erabiltzen dutela diosku, eskolan hala egiten delako. Beste euskaltzain batek, Gotzon Aurrekoetxeak, berri argiagoa eman digu: Diman eginiko ikerketa batean atzeman zuenez, gazteen hizkera zaharrenetik aldendu eta euskara batura hurbiltzen ari da.

Datu zehatzagoren faltan, Iñaki Gaminde filologoarengana jo dugu azkenik. Gaminde Euskal Herri osotik ibili da tokian tokiko euskalkien ezaugarriak ikertuz, eta makina bat lan argitaratu ditu herri askotako berbakerez. "Gazteek mantendu egiten dute", diosku, "baina modu desberdinean, jakina. Berba egiteko era arin aldatzen da". Bizkaieraren prestigioak gora egin duela uste du hizkuntzalari gatikarrak: "ni gaztea nintzenean, kontu politikoa zen, hizkuntzarena baino. Orain gaindituta dago". Hala ere, eta ez da bakarra, egiten den bizkaieraren kalitate eskasaz ohartarazi du.

Batua bi esparrutan da nagusi batez ere: irakaskuntzan eta komunikabideetan. Lehenbizikoan, ia erabat. Bizkaiera ohiko hizkera duten ikastetxe gutxi dago, eta helduen euskalduntzean ia ez du lekurik. Komunikabideetan zertxobait indartsuago ageri da. Bizkaia Irratia (programazioa oso-osorik bizkaieraz) euskaraz gehien entzuten den irratia da Bizkaian. Euskaldunon Egunkariak ere zortzi orrialdedun bizkaierazko atal bat kaleratzen du egunero. Hutsunerik handiena, oraingoz, telebistak du.

Mendebaldeko euskara



Oro har, bizkaiera, gipuzkera, zuberera, lapurtera… erabiltzen ditugu euskalkiak izendatzeko. Baina zuzenagoa ei da mendebaldeko euskara, erdialdeko euskara… esatea. Adibidez, bizkaiera deritzona Araba eta Gipuzkoan ere erabiltzen da; eta Gipuzkoan hiru euskalki erabiltzen dira (normalean bizkaiera, gipuzkera eta nafarrera izendatzen ditugunak). Zein da “gipuzkoarragoa”?