Bizitzeko beste modu bat

Bizitzeko beste modu bat Lan (on) bat aurkitu eta mantentzea geroz eta zailagoa den honetan etxebizitza bat eskuratzea ia miraria da. Baina gizarte honek ironiatik asko duenez, etxebizitza baten inguruan eraiki ohi dugu gure bizitza, gurea bezala sentitzen dugun espazio bat behar-beharrezkoa baitugu bizitza duin bat bermatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bizitzeko-beste-modu-bat/@@download/image/etxebizitza_06.tif
2019/12/23

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lan (on) bat aurkitu eta mantentzea geroz eta zailagoa den honetan etxebizitza bat eskuratzea ia miraria da. Baina gizarte honek ironiatik asko duenez, etxebizitza baten inguruan eraiki ohi dugu gure bizitza, gurea bezala sentitzen dugun espazio bat behar-beharrezkoa baitugu bizitza duin bat bermatzeko.
Bizitzeko beste modu bat

Egungo bizi eredu indibidualistak ordea, ez ditu kontuan hartzen pertsonen oinarrizko beharrak. Gizakiok partekatzeko beharra dugu, beti ere gure intimitate eta pribatutasunari uko egin gabe. Bizitoki bat komunitarioa eta aldi berean intimoa izan daitekeela ziur daude etxebizitza kooperatiboen proiektuak martxan jarri dituztenek. Ohiko familia ereduaren aldean, zaintza, denboraren ekonomia, ugaltzea eta beste hainbat aspektu modu politiko batean barneratu eta lantzeko espazio bezala ulertzen dute bizitokia. Hitz gutxitan esanda, bizilagunak, bizi lagunak izan daitezela alegia.

Eredu berri bat
Danimarka edo Uruguai bezalako herrialdeetan etxebizitza kooperatiboaren modeloa oso zabalduta dago. Hain zuen, Danimarkan Andel deitutako ereduari esker, etxebizitzen %10 kooperatibak dira. Uruguairi dagokionez, FUCVAM-ek (Federación Uruguaya de Cooperativas de Vivienda por Ayuda Mutua) 515 kooperatiba ditu eta 22.000 familiatik gora bizi dira bertan.

Hauen helburua espekulazio inmobiliarioetatik at hirietan bizitzeko modu berri bat praktikan jartzea da, ingurugiroarekiko jasangarria dena eta komunitate sentimendua indartzen duena. Etxebizitza kooperatiboetan, eraikinen jabea kolektiboa da eta bizilagunak kooperatibako sozioak. Bertan bizi daitezke sozio moduan nahi duten arte. Gainera bizilagunek, etxebizitzaren diseinua eta antolamendua erabaki dezakete modu asanblearioan egiten diren bileretan. Horrela, etxebizitza batez gozatzeko aukera eskaintzen da berau erosteko beharrik izan gabe. Hori bai, sozioak ezin du etxea saldu edo alokairuan jarri. Horrela kontsumorako produktu beharrean, bizitzeko toki bezala ulertzen da etxea. Eredu mota honentzat etxebizitza ez da ondasun material soila, oinarrizko eskubidea da baizik.

Eskerrak ahulak garen
Kooperatibismo hori egunerokotasunera zabaltzeko helburuarekin bizilagun guztientzako espazio komunak dituzte eraikinek eta etxebizitzen diseinuaz gain, espazio komun hauen kudeaketan ere parte hartzen dute bertan bizi diren sozioek. Horrela, partekatutako garbitegi bat izan ohi dute, sozializatzeko modu tradizionala berreskuratuz eta logelei espazio gehiago emanez. Sukalde-jangela bat ere badute otorduak elkarrekin egin ahal izateko eta sukaldeko zereginak banatu egiten dira. Azkenik, zainketa eta osasun espazio komunak dituzte eta baita balioaniztun gelak ere, bizilagunen beharren arabera jarduera ezberdinak antolatzeko erabili daitezkeenak. Azpiegitura partekatuaren helburua partaideen bizi kalitatea eta bizikidetza hobetzea da auzolanaren bitartez. Gainera espazio eta zerbitzuak partekatzeak kostu ekologiko eta ekonomikoak gutxitzea ahalbidetzen du, baina batez ere, bizilagunen arteko komunitateak sortzea.

Lanak eta momentuak, zein denbora eta zerbitzuak partekatzea da etxebizitza kooperatiboen ernamuina. Horretarako bizilagun guztiek partekatzen dituzte aipatutako azpiegitura komunak. Gune horiei esker haurren hazkuntza edota gorputz zaurgarrienen zainketa ere modu kolektiboan egingo da. Gainera espazio komunek, norberaren ezagutzak eta interesak, edota bizitzako poz eta tristurak elkarbanatzea ahalbidetzen dute modu natural eta errazago batean. Honela, egunerokotasunak dakarren bakardadea uxatzen da eta komunitate baten parte sentitzeagatik bizilagunen artean konfiantza eta laguntasuna areagotzen da. Gainera eguneroko bizitzak dakartzan kostu ekonomikoak gutxitzen dira jarduera komunak partekatuz eta ingurugiroan ere eragin negatibo gutxiago izango du, zerbitzuak elkarbanatzeak kontsumoa gutxitzen baitu.

Etxebizitza kooperatiboek garrantzi handia ematen diote bizilagunek elkarrekin bizitza komun bat partekatzeari. Komunitate hauen antolamendua ordea beraien eraikinera mugatzen dira, hortik at betiko eredu indibidualistak nagusitzen baitira. Etorkizunera begira eraikin mota hauek euren eredua zabaltzea dute helburu, horrelako beste hainbat etxebizitza sortuz eta horietatik hiri osora bizitzeko beste modu baten informazioa ezagutzera emanaz. Eredu honek, pertsona interdependenteak garela aldarrikatzen du eta ez indibiduo independenteak. Premisa horren baitan eraiki nahi dira espazio fisiko eta sozialak, interdependentzia hori zerbait justua eta atsegingarria bihurtuaz.

Finantziazioa
Proiektu aitzindari hauetan koherentzia ekonomikoa funtsezkoa da. Propietatea kooperatiba moduan ulertzen denez eta ez jabetza pribatu bezala, irabazi helbururik ez duen ekimena da. Horrela, eraikinaren jabetza kooperatibarena izango da eta ez bertan bizi diren pertsonena. Bizilagunek nahi duten arte bertan bizitzeko eskubidea dute kuota bat edo “alokairu biguna” deitutakoa ordainduz. Honi sarreragatik ordaintzen den kuota gehitzen zaio eta kooperatibatik ateratzea erabakitzen bada hasierako diru hori bueltatzen da. Etxebizitza erabiltzeko eskubide hau mugagabea da denboran, eskualdatu daiteke edo herentzia bidez lortu. Erabiltze eskubidearen kuota behin kreditua amortizatuta gutxitu daiteke eta diru hori kooperatibak dituen helburu sozialetara bideratu. Finantziazioari dagokionez, banka etikoaren bidez lortzen dute behar duten dirua, baina bizitzeko modu honetan sinesten dutenen mailegu eta donazioen bidez ere finantzatzen dira. Halaber, ohiko etxebizitzetan baino baxuagoak dira gastuak, zenbait zifra gutxitzen baitira zerbitzuak konpartituz; adibidez internet edo argiaren tarifa bakarra edukiz.

Aitzindariak
Etxebizitza kooperatiboen adibide zehatzak aurkitzeko ordea ez dugu Uruguay edo Danimarkara joan beharrik. Bartzelonako Can Batlló-nen kokatua dagoen La Borda proiektua bide-urratzailea izan baita. 2015eko azaroaren 30ean sortu zen, azaleraren eskubidea utzi baitzioten orduan 75 urtez Bartzelonako udalak urtero kuota bat ordaintzearen truke. Arkitekturari dagokionez etxebizitza kooperatibo honek diseinu irekia du eta ingurumena ahalik eta gutxien kaltetuz eraikia izan da. Gaur egun Bartzelonako egurrezko eraikinik handiena da.

Hain zuzen, Bartzelonako eredua jarraituz, 2015ean jaio zen Madrilen Entrepatios etxebizitza kooperatiboak sortzearen ideia. 2018ko ekainaren 28an sinatu zen kooperatibismoan oinarritutako etxebizitzak eraikitzeko eskubidea ematen dien kontratua. Ordutik lanean ibili dira 17 etxebizitza ekologikoz osatutako eraikina izango dena sortzeko. Partaide eta egun bizilagunak direnak aritu ziren espazioa diseinatzen beraien behar, bizimodu eta bizitza filosofian oinarrituz. Egun, etxebizitza horiek errealitate ukigarri bihurturik, etorkizuneko beste proiektu askoren eredu izango dira ziur.

Horiez gain, Espainiar estatuan mota honetako hamar bat kooperatiba daude. Baina horrelako proiektu bat aurrera eramateko lehenik lurra erosi behar denez, eta erosketa horri aurre egiteko behar bezain beste diru kopuru, batik bat, hirugarren adineko pertsonek dutenez, etxebizitza kooperatibo gehienak adineko pertsonei zuzenduta egon ohi dira. Adibide batzuk jartzearren Malagan Los Milagros dago eta Madrilen Tranbesol, besteak beste.

Gurean
Gurera etorriz, Euskal Herrian aurrendari Abaraska dugu. Kooperatiba hau Donostiako hirigunean bizitzeko dagoen ezintasunetik sortu da. Gipuzkoar hiriburuko zentroan modu duin batean bizitzea dute helburu, baina gaur egungo etxebizitza ereduak ez du hori ahalbidetzen.

Abaraskakoek argi dute etxebizitza ez dela ondasun material soila, oinarrizko eskubidea baizik. Etxe batek pertsonon funtsezko harreman taldea finkatzen baitu, bizitza egonkortu eta munduan txoko bat ematen baitigu. Proiektu honen ardatzak, besteenak bezala, antolamendu kooperatiboa, jabetza kolektiboa eta kideen arteko lankidetza dira. Eredu inklusiboa eta jasangarria, finean. Etxearen arkitektura bera proiektua osatzen dutenen ideien erakusgarri da. Horrela, bio-eraikuntzan oinarritutako egiturak erabiltzaileen beharretara egokituak daude.

Gainera, auzotik hartutakoa auzoari emateko helburua du. Horrela, lanean ari dira proiektu honek argia ikusi dezan. Finantziazioari dagokionez, aurretiaz aipatutako beste proiektuen antzera, ekonomia solidarioa erabiltzea da euren nahia, finantza etikoak eta norbanakoen zein entitateen ekarpenak uztartuz. Lortutako dirua, noski, inongo irabazi asmorik gabe erabili nahi da, beti ere bertako bizilagunen eta auzoko hiritarren mesedetan, beste ezeren gainetik lehentasuna emanez norbanakoen beharrei.

Argi dago, etxea lau horma zurrun baino gehiago dela. Eraikina ez da bat-batean etxe bihurtzen. Etxe barnea objektu materialez hornitzetik harago, bertan bizi direnen ukitua behar du. Eraikin horretan sortzen diren elkarrekintzek erabakitzen dute denborarekin norbaitek leku hori etxe izendatzea ala ez. Inguruan maitatzen ditugun eta maitatzen gaituzten pertsonak ditugunean sentitzen baikara “etxean bezala” edozein tokitan egonagatik ere. Egungo gizarte indibidualistan bakardadea epidemia bat bailitzan zabaltzen ari den honetan, sendagai ahaltsuak dira etxebizitza kooperatiboak; gu garena baikara besteekin mantentzen ditugun harremanengatik. Ez zaitez deskuidatu, intimitatea eta bakardadea ez dira sinonimoak.