Bira Produkzioak: “Umorea gauza serioa da eta tresna baliagarria, mezuak beste modu batera komunikatzeko."

Zuen aurkezpenean diozue diseinu eta ikus-entzunezko lanak egiten dituzuela, Lazkao Txikitik hasi eta Altzoko Erraldoiaren neurrira artekoak. Nolakoak dira lan horiek?
Mikel Alvarez: Batez ere ikus-entzunezko lanek, askotan neurri handikoak izateko joera izaten dute, lan kolektibo bat eta baliabide askoren beharra eskatzen baitute. Dena den, saiatzen gara eragile desberdinen aurrekontuetara moldatzen.
Beñat Iturrioz: Bestela beti gertatzen baita batzuk ahotsik gabe geratzea, haien mezua komunikatu ezinik, baliabide urriak direla eta. Beraz txikitik hasi eta handienera lanak egiten ditugu, edo alderantziz.
Beharrezkoak al dira euskaraz pentsatuz sortzen diren ikus-entzunezkoak?
Eñaut Tolosa: Bai. Begira AEBetan, ikus-entzunekoaren bitartez munduan beraien diskurtsoa hegemoniko bihurtu dute. Gaur Youtuberi esker Euskaldunok mundua menderatzeko aukera daukagu.
B. I.: Iruditeria komunak sortzen dituzte ikus-entzunezkoek eta garrantzitsua da euskaldunok geure buruak imajinatzea eta mundua geure prismatik deskribatzea, edota geure filtrotik sorturiko fikzioak kontatzea. Herria sortzeko lehen pausua herri kontzientzia izaten da, baina horren aurretikoa da herria imajinatzea. Beraz bai, gure ustez beharrezkoak dira.
M. A.: Gure kasuan oso garbi dugun zerbait da. Hizkuntza batek mundu ikuskera bat du barnean. Euskaraz fikziozko ikus-entzunezko gutxi sortzen da, eta jakin badakigu, gainera, telebistarako bereziki gaztelaniaz sortzen dela lehendabizi eta ondoren euskarara itzuli. Halako galbaheekin zail izango dugu Beñatek aipatzen duen iruditeria sortzea.
Umorea ere atsegin duzuela nabari da, euskaraz umorezko produktuak sortzea erraza al da?
Oskarbi Sein: Forma naturalean sortzen dugun zerbait da, agian erosoen sentitzen garen generoa delako. Esku artean dugun edozein proiekturekin jotzen dugu umorerantz (beti ere gaiak uzten duen heinean).
B. I: Umorea lengoaia unibertsala da eta beste edozein hizkuntza zein kulturetan bezain erraza zein zaila da umorezko produktuak sortzea. Gure izaerarekin bat dator umorea, eta beraz automatikoki ateratzen zaigun zerbait izaten da. Gainera, konbentzituak gaude umorearen bidez kritikarik zorrotzenak egin daitezkeela, atsegin ematetik aldenduta. Umorea gauza serioa da eta tresna baliagarria, mezuak beste modu batera komunikatzeko, eta nola ez, bizitza eramangarriagoa egiteko.
E. T.: Umorea? Nere uste apalean gure lan guztiak tragikoak dira.
M. A.: Euskaraz sortzea zaila da. Ez du axola umorea edo drama den. Euskaldunok umorea dugu, gainontzekoek bezala, arazoa ez da hori. Arazoa baliabide eta euskarri falta da. Auzolanean gauzak egiteko izugarrizko sarea dugu Euskal Herrian, baina hortik ekoizpen profesional batera jauzi egiterakoan oztopoak besterik ez ditugu topatzen.
Zein dira eskaintzen dituzuen zerbitzuak?
B. I.: Alde batetik diseinu, maketazio eta ilustrazio lanak eskaintzen ditugu. Eta bestetik berriz, Ikus-entzunezkoak eta ikus-entzunezkoekin erlazioa duten gauzak. Esan nahi dut, ez ditugula gauzak grabatu soilik egiten, baizik eta ideia sortzetik bideoa amaitzerainoko prozesu guztiari heltze diogula. Gidoiak idazten ditugu, ikus-entzunezkoetarako ideiak sortu eta landu, ekoiztu, zuzendu, grabatu, editatu... Izena badu, sortu, grabatu edo editatu dezakegu.
M.A.: Egin genuen lehen lanean bezero batek botatako txiste batekin geratzen naiz:
-Espaziontziak egiten dituzue?
-Zein koloretakoa nahi duzu?
Zer profiletakoak izan ohi dira zuen bezeroak?
B. I.: Instituzioekin lan egiten dugu maiz, ekitaldiak grabatzen, edo proiektuak ezagutarazteko iragarkiak sortzen. Ekoiztetxeren batzuekin ere lan egin izan dugu, telebistara zuzenduriko fikzio zein saioak idazten. Tokiko (Beterri-buruntza eta Goierriko) enpresentzako ere egiten dugu lan, iragarki, dokumental edo bideoak sortuz. Eta azkenik, eragile sozial eta kultural hainbatekin egiten dugu lan.
M. A.: Eta ez ahaztu musika taldeak. Hauek dira kooperatiba sortu genuenetik oihartzun gehien eman digutenak. Hala ere, Euskal Herrian, ez rock ‘n rollak eta ezta bideoklipek ere, ez dute inoiz dirurik emanen -barreak-.
Zein da izan duzuen enkargurik arraroena?
E. T.: Behin Winona Ryder-en managerrak Euskal Herrian bere bezeroaren txofer izateko aurrekontua eskatu zigun. Doan egingo genuela esan ondoren garestiegiak ginela erantzun zigun.
B. I.: Nere ustez, Donosti Ereski Gregoriar Schola-rentzako egin genuen bideoa. Gregoriar kantuak abesten dituzte eta haiei grabatzen aritu ginen disko berriaren grabazioan. Oso bizarroa, eta oso interesgarria aldi berean.
M. A.: Niretzat alderi politikoek eskatutako edozer gauza. Kodeak normalean egiten dugunaren erabat ezberdinak dira.
O. S.: Ala ere arrarotasun zakua sakonegia daukagu zerbait arrarotzat sailkatzeko.
Zein litzateke zuen ametsetazko enkargua?
M. A.: Telesail bat, euskaraz noski. Horixe da nire ametsa behintzat. Eta gertu egon gara pare bat aldiz. Zaila da ordea. Ez dugu amore emango.
E. T.: Perro Sanchezen hazkundea kontatuko lukeen mini serie bat. Kapitulu pilotoan bere alderdikideek 13 labankadaka eman ondoren kotxeko maletategian sartzen dute. Hemendik Aurrera kontatzen dena historia jakina da. Eta zorionez, bere amaiera nolakoa izango den ere badakigu dagoeneko.
O. S.: Nere ametsak nahiko soilak izan ohi dira, eta datozen eskaeretan, orain arteko lan askotan eduki dugun ideiei buelta bat eman eta gure terrenora gerturatzeko malgutasuna edukitzearekin konformatzen naiz.
Aipatu duzuen bezala, Jupiter Jon eta Amaren Alabak edo Willis Drummond bezalako taldeei bideoklipak egin dizkiozue eta oihartzun handia izan dute, zer behar du bideoklip on batek?
M. A.: Kantu on bat -barreak-.
B. I.: Egin ditugun bideoklipetan, narratibari heldu diogu. Hau da, saiatu gara ulertzen abestiak zer kontatzen zuen dela hitzen bidez edo musikaren bidez eta horri heldu diogu bideoklipa sortzerako orduan. Garrantzitsua izan da ere Birakideak ez direnekin kolaboratzea. Zikilimarro bideoklipean adibidez, Irati Gorostidik egin zuen argazki zuzendari lana eta Aitor Gametxok kamera laguntzailearena. Willis Drummond-en “Lehentasuna” abestian berriz Mikel Fernandez kameralariaren laguntza ere izan genuen.
O. S.: Bai, egia da ere, zorte handia izan dugula egin ditugun bideoklipetan. Alde batetik gustuko ditugun taldeekin egin dugulako lan, eta bestetik elkar ulertze horren harira, askatasun handia izan dugulako gure ideiei forma ematerako garaian.
E. T.: Dirua arriskatzeko gogoa, Bira eta lotsa gutxi.
Nola planteatzen dituzue lanak?
B. I.: Normalean bideoa eskatzen digunarekin elkartzen gara, transmititu nahi duen ideia edo mezua ondo ulertzeko. Ondoren bueltak ematen dizkiogu gaiari garunak astinduz. Hor ideia asko sortzen dira, batzuk urrea izaten dira eta beste batzuk berriz simaurra. Baina guzti hori filtratu ondoren bozeto modukoak ateratzen ditugu eta behin gidoi bat dugunean garatzen joaten gara. Gidoiak sortu ondoren aurrekoizpenari ekiten diogu: baliabideak lortu, lokalizazioak bilatu, grabazioa antolatu etab. Ondoren grabatu eta azkenik editatu. Birakideak nahiko diziplina anitzekoak gara eta horrek baliatu izan digu espezializazio teknikora joan beharrean lan mota desberdinak egitea, eta horrela malgutasun bat izatea.
O. S.: Proiektu guztien gakoa nondik joko dugun erabakitzea izaten da Beñatek aipatutako ideia zurrunbilo horietan. Garatuko dugun ideia zein den erabaki arte, bilera eta eztabaida ugari izan ditzakegu. Normalean denok sinisten dugun ideia bat topatzen saiatu izan gara.
Nortzuk osatzen duzue lan taldea?
B. I.: Mikel Alvarez, Beñat Iturrioz, Oskarbi Sein, Eñaut Tolosa eta inork ikusten ez duen txinpantze arrosa ikusezin bat.
E. T.: Tira, hori da argazki guztietan agertzen dena baina atzean lau artisau aleman dauzkagu lanean. Gu festetara joaten gara. Beraiek orduak sartzen gelditzen dira bulegoan. Finean, bakoitzak maite duena egiten du kooperatiba honetan.
O. S.: Egunerokotik at, hainbat proiektutan, beharraren edota nahiaren arabera lan taldea handitzea gustatu izan zaigu. Emaitza aberasteaz gain, prozesuan elkarlanean ikasten dugun guztia aberasgarri izaten baita etorkizunari begira.
Egungo gizartean diseinuak eta irudiak berebiziko garrantzia dute, zer punturaino dela garrantzitsua uste duzue?
B. I.: Informazio bonbardaketan bizi gara eta askotan testuak ditugu muturren aurrean baina ez gara gai ezer irakurtzeko, ez mezua ulertzeko ere. Diseinuak itzulpen lan moduko bat egiten du, mezua filtratu eta edonork begirada batean ikusi eta ulertzeko moduan bihurtu. Horregatik da are garrantzitsuagoa gaur egunean.
M. A.: Ideia on bat izan dezakezu baina ez baduzu ondo aurkezten ez du ezertarako balio. Zorte handia dugu Oskarbi gurekin izateagatik. Ni zabar hutsa naiz eta hauek arropa konbinatzeko gai ere ez dira.
O. S.: Alabantzak jasotzea kosta egiten zait, eta are gehiago merezi ez ditudanak badira. Nik uste lauon artean oreka ona lortzen dugula. Ala ere jakiña da Astakiloen artean flannery dela errege.
Euskaldunok behar besteko garrantzia ematen al diogu estetikari?
E. T.: Dudarik gabe. Kalean mendizalez janzteko hautuan adibidez badago hausnarketa sakon bat. Hiriak eta fabrikako lanak sortzen dizkigun neurosiaren aurkako jarrera errebelde bat. Mendira, hots bizi basatira, ihes egiteko grina.
M. A.: Ez dezala aurrekari bezala konta baina Eñautekin ados nagoa azken honetan. Hala ere, hausnarketa horren ondorioak, berak esan duenean baino Euskal Herriko ABDetako Ultrafesta film laburrean jarriko nituzke.
B. I.: Mundu guztiak du estetika bat, munduko kultura eta herri guztiek, baita geuk ere. Seguraski uste duguna baina garrantzia gehiago ematen diogu estetikari. Nahiz eta askok estetika modernitatearekin erlazionatu, estetika da janzten gaituena, bai fisikoki zein kulturalki.
Etorkizunera begira, zein amets betetzea gustatuko litzaizueke?
B. I.: Iraganera bidaiatu nahiko genuke eta laukote moduan Txisteka Mistekan parte hartu.
E. T.: Winona Ryderrentzako txofer lanak egitea. (adi spoilerrak) Lana probestuz ETB2rentzako “Paseando a Miss Wynona” izeneko reality bat ekoiztuko genuke. Atal bakoitzean Euskal Herriko txoko bat erakutsiko genioke: Bilboko Sanfrantziko auzoa, Zubietako erraustegiaren ezkutuko tximiniak edota Iantzirekin kolaboratuz Iturengo ihauteriak. Betiere kobratu gabe. Pixkanaka pixkanaka Winona eta gure arteko alde kulturalak txikitzen joango lirateke eta boston artean benetako laguntasun erlazio bat jaioko litzateke. Bizi guztirako diren horietako eta realityaren amaieran guztiak hilko ginateke.
M. A.: Errepikatu egingo naiz: telesail bat, euskaraz. Ahal bada abentura giroan, umore ilunez jantzita eta zientzia fikzio ukitu batekin.
O. S.: Gaizka Izagirreren “ikusi beharreko” zerrendaren batean gure lanen bat topatzea -barreak-.