Bidali zure ikerketa IkerGazte 2021 kongresura!

Bidali zure ikerketa IkerGazte 2021 kongresura! Ekainaren 9-11n egingo dute, Gasteizen; lanak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidali-zure-ikerketa-ikergazte-2021-kongresura/@@download/image/ikergaz-aaa.jpg
2021/02/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ekainaren 9-11n egingo dute, Gasteizen; lanak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da.
Bidali zure ikerketa IkerGazte 2021 kongresura!

Ikerketa bat duzu esku artean? Zergatik ez komunitatearekin partekatu? IkerGazte kongresuan aurkezteko epea irekita duzue, eta martxoaren 12a arte zuen ikerketa lana bidaltzeko aukera duzue. Kongresua ekainaren 9-11n egingo dute, Gasteizen. 

2015.eko 1. edizio hartatik lan asko egin dute antolatzaileek, eta erronkak erronka 4. ediziora heldu dira. 2021eko edizio hau berezia izango dela zalantzarik ez dute; beste ezeren gainetik topagunea da IkerGazte eta aurrez aurreko topagunea izan dadin beren eskuetan dagoen guztia egingo badute ere, online egin beharko balute ere, IkerGazte2021 egin egingo dutela argi utzi dute: "IkerGazterik gabeko biurtekorik ezin dugulako irudikatu, jada erreferente garelako. Eta IkerGazterik ez dagoenez zure ekarpenik gabe, UEUren eta Kongresuaren Batzorde zientifikoaren izenean 2021eko ekainaren 9-11an Gasteizen egingo dugun IkerGazte2021era gonbidatzen zaitugu".

Edozein delarik ere zure ikerketa-eremua, hurbil zaitez IkerGaztera: giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean jarduten duen nazioarteko ikertzaile-komunitate euskalduna osatzen du IkerGaztek. Egizu bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu ikerketan diharduten ehundaka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko ikerketa-lanak. Tesia bukatu berri duzula? Orain hiruzpalau urte amaitu zenuela? Bukatzear zaudela? Zatoz, ikertzaile euskaldunen komunitatearen aurrean zure emaitzak azaltzeko aukera duzu!

Nortzuk aurkez dezakete bere lana IkerGazte kongresuan?

Ikerketaren ibilbide profesionalean hasiberri direnei zuzendua dago. Hori horrela, ikertzaile hasi berria izan, zein tesia burutzen egon, zein tesia aurkeztu berri izan, ikerketa lan bateko emaitzak aurkeztera animatzen zaitugu.

Ekarpenak

Ekarpenak artikulu zientifikoak dira, eta bidalitako lanak honako ikergai nagusi hauen gainekoak izango dira:

  • Giza zientziak: Historia, Hizkuntzalaritza, Filosofia, Artea, Antropologia…
  • Gizarte-zientziak: Ekonomia, Enpresa, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Pedagogia, Psikologia…
  • Zientzia zehatzak eta Natur Zientziak: Fisika, Kimika, Geologia, Matematika, Biologia…
  • Ingeniaritza eta Arkitektura: Industria Ingeniaritza, Telekomunikazioak, Informatika, Arkitektura…
  • Osasuna: Medikuntza, Erizaintza, Farmazia…

Gogoan izan IkerGazte ez dela kongresu espezializatua eta beraz, aurkezten den ikerketa jakintza alor horretako ikertzaileentzat ulergarria izan behar dela.

Artikuluaren bidalketa easychair plataformaren bitartez egingo da, helbide honetatik.

Artikuluen egitura eta ereduak ikusteko, ikusi “Ereduak eta arauak” atala.

Ekarpenak bidaltzeko deialdia

Hemendik jaitsi daiteke ekarpenak bidaltzeko lehen deialdia.

Data garrantzitsuak:

  • Artikuluak bidaltzea: 2021eko martxoaren 12rako
  • Erantzunak: 2021eko apirilaren 7ko astean.
  • Izen-ematea: 2021eko apirilaren 7tik maiatzaren 28ra
  • Artikuluen azken bertsioa: 2021eko apirilaren 19rako
  • Kongresua: 2021eko ekainaren 9tik 11ra.