Bidaia bat zazpi oroitzapenetan

Bidaia bat zazpi oroitzapenetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bidaia-bat-zazpi-oroitzapenetan/@@download/image/motorzalea_01_1382611397.jpg
2013/11/04
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
30 egun, 13.500 kilometro, 15 herrialde. Manu De la Cruzek (Bera, 1968) ez du erraz ahaztuko motor gainean Europa ekialdea zeharkatu zuenekoa.


Uztailaren 28an irten zen etxetik, Suzuki V-Strom motorraren alboetan maleta bana zeramala; bi esterila eta lo zakua eserlekuaren atzealdean, garbitu eta edateko ura eta jatekoak motorraren kutxan. Su txiki bat, kazola nanoak, arropa eta bota sendoak, baita uretako trajea ere. "Buruaskia izan nahi nuen". Turkia iparraldea zuen helburu, Itsaso Beltzak bustitzen duen ingurua, eta itzulera data eztabaidaezina, abuztuaren 28a, emaztearen urtebetetze egunaren bezpera. Gailu teknologikoak: telefono mugikorra, kasko barruan jartzeko aurikularrak eta GPSa; azken honek, gainera, ez zion gehiegi lagunduko Moldavia, Ukrainia eta Turkiako zenbait eremutan, gatazka politikoek eta errefuxiatuen auziak tarteko, tokian tokiko indar armatuek satelite bidez igorritako mapak ezabatzeko agindua eman baitzuten.

Goizeko bostetan jaiki eta motoan esertzen zen, kilometroak egitera. 500 kilometro egunean, batez beste. Motorzaleei eskatzen zien gomendioa, zein errepidetatik joan, zein leku ezagutu. "Alemaniarrak eta italiarrak edonon aurki daitezke, Albanian izan ezik: ez dut turista bakar bat ere topatu". Baina gidatzea gustatzen zaio, txoko berriak ezagutzea eta bide bakar bat ere errepikatu gabe bidaiatzea.

Bera. Bakardadea
"Lehen egunean beldurra galtzen duzu. Senpereko lakurantz abiatu nintzenean, nire baitan pentsatzen nuen: ‘Ene, noraino joan behar dudan!’. Motorra orduan izorratu izan balitz, gustura itzuliko nintzateke etxera". Barre artean kontatzen du lehen uneko bakardadea, eta buruan bueltaka zuen pentsamendua: "Bakarrik nago, bakarrik…". Baina lehen gaua igaro eta ohitzen hasi zen, jende berria ezagutzen. Fededuna izan ez arren, goizero dena delakoari eskerrak ematen zizkion, leku egokia aurkitzen laguntzeagatik, istripurik ez izateagatik, jende jatorra ezagutzeko aukera emateagatik. Ondorengo egunetan lautan erori zitzaion motorra, eta 320 kiloak altxatzeko gai ez zenez, aldiro laguntza eskatu behar izan zuen. Baita aurkitu ere. "Elkar ulertzeko arazoak izan arren, esku bat botatzeko prest zegoen jendea topatzen nuen". Frantzia, Italia, Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro eta Albania igaro zituen lehen egunetan. Ahal zuen heinean, kostaldetik.

Duzce eta Izmit arteko errepidea. Beldurra
Ibilbidean aurrera, Grezia zeharkatu eta Turkiara igaro zen. Istanbul pasa, eta herrialdearen iparraldera jo zuen, Itsaso Beltzera. Ankara aldera jaitsi zen ondoren, eta handik zertxobait behera egin zuen, Siriaranzko norabidean. Poliziaren eta indar armatuen kontrol ugarirekin egin zuen topo bertan, Siriako ezegonkortasun politikoagatik. "Geratu eta matrikula begiratzen zidaten; Espainiakoa zela ikusirik, eskua eman eta jarraitzeko agintzen zidaten gehienetan". Duzce hirirantz igotzea erabaki zuen, handik Izmitera jo eta Istambulera itzultzeko. Bidean, hutsik zegoen herri baten ostean geratu eta mapa atera zuen, jarraitu beharreko errepidea bilatzeko. 4x4 pick-up ibilgailu bat hurbiltzen ikusi zuen. Autoaren gainean hiru lagun zetozen; aurpegia zapiz estalita zeramaten, eta kalashnikov bana eskutan. Barruko biak ere armaturik zeuden. Albotik igaro zitzaizkion, eta bat-batean, goikoek kolpeak eman zituzten autoaren sabaian, geratu eta atzera egin zezaten, bere motorreko matrikula ikusi ahal izateko. "Izutu egin nintzen. Azeleratu eta abiada bizian atera nintzen. 200 kilometro egin nituen gelditu gabe, ihesi. Ziurrenik ez zen ezer gertatu izanen, baina…"

Vama Veche. Maitasunaren festa
Istanbulera egin zuen itzulia, eta handik Bulgariara jo zuen, kostaldetik, Errumaniara iritsi arte. "Vama Veche herria, esaterako, paradisua da. Gazteak ziren guztiak, festan, hondartzetan, kalean… Halako batean gorriz, oso dotore, jantzitako gizon-emakumeak ikusi nituen mendian behera jaisten, herrirantz. Jendearengana hurbildu ziren, baita nigana ere, eta kondoiak banatu zizkiguten. Harrituta geratu nintzen!". Geroago jakin zuen bi orduan behin jaisten zirela, dantzan, solasean, musika jotzen zeudenei kondoiak banatzera. "Tabernariarekin harremana egin nuen, eta hark azaldu zidan maitasunaren eta askatasunaren festa ospatzen ari zirela; herrian ez zegoela polizia bakar bat ere, eta jendeak nahi zuena egiten zuela libreki, beti ere, besteak errespetatuz. Lapurretarik, borrokarik… ez, sexua soilik". Bertan luzeago geratzeko tentatuta egon zela aitortu digu.

Transfagarasan. Errepideak
Errumanian aurrera, kostaldetik barrualderantz jo zuen. "Ez naiz autopistatik joan, bi arrazoi nagusigatik: bigarren mailako errepideak eta pistak askoz politagoak direlako, paisaiak ikusgarriagoak; eta nire aurrekontua oso murritza izanik, ezin nituelako bidesariak ordaindu". Transfagarasango errepidea izan da egindako bideetan ederrenetako bat. Karpato mendien hegoaldeko muturra zeharkatu zuen bertatik, Errumania erdialdean. Bihurgunez beteriko errepidea bada ere, ingurunea zoragarria da. "Jendeak esandako bideak jarraitu ditut. Mapan boligrafoz markatzen zizkidaten. Ibilbide nagusietatik zenbat eta urrunago, hobe, ziurragoak baitira."

Sibiu eta Fagaras arteko lakua. Ijitoak
"Herrialdeen arteko aldeak ikaragarriak dira; kultura, ohiturak… dena. Turkian, esaterako, emakumeak goitik behera estaltzen dira, baina Errumanian gona motzekin ikusi nituen gehienak. Haiekin nahastea ikaragarri gustatzen zait". Transfagarasan errepidean aurrera, Sibiu eta Fagaras herrien artean, ijito nomadekin egin zuen topo. Arratsalde euritsua zen, eta pista batetik zihoala, aterpe bila, zaldiz tiratutako gurdi errenkada bat ikusi zuen bidean aurrera, laku baten hertzean. Beldurra sentitu zuen lehenik, ezezaguna denarekiko beldurra, baina gurdietako gizon-emakumeek begirada eusten ziotela ohartu zen, noiz agurtuko zain. Estalperik ezin aurkitu, eta haiek kanpatu zuten eremutik hurbil geratzea erabaki zuen. "Guztiak niri begira zeuden, eta ikaratu egin nintzen. Nire burua lasaitzen saiatu nintzen. ‘Ez didate ezertxo ere lapurtuko, ez dituzte motorra eta gainerako gailuak ezertarako nahi, zaldiz ibiltzen dira eta sua darabilte argia egiteko!’ Halako batean, haietako bat nigana hurbildu zen, eta ontzi batean zopa ekarri zidan. Pentsa, ni baino gutxiago izan, eta hala ere zuten apurra eskaini zidaten!". Zapore ezatsegina zuela dio, baina on egin ziola. Lo lasai egin, eta hurrengo egunean Moldaviarantz jarraitu zuen.

Husi. Polizia
Herrialdeen arteko mugak leku interesgarri bezain hotzak direla kontatzen du. Batzuetan beldurra pasa zuen, matrikula begiratu eta dirua eskatzen ziotelako. "Esaterako, ez zidaten Husi herritik Moldaviara igarotzen utzi nahi. Dokumentazioa kendu zidaten, eta baimena eskuratu bitartean, bi egunez itxoin behar nuela zioten." Noski, hura ekiditeko modu bakarra dirua zen. Kopuru altu xamarrak eskatzen zituzten, 140 euro inguru orduko hartan, baina billete "txikiak" soilik zeramatzan eskura, eta gehienez ere bakoitzari 10 euro ordainduta alde egiten zuen.

"Behin, polizietako batek nirekin joan nahi zuela esan zidan, bere herrira eraman behar nuela. Bi ordu egin genituen mugan nire dokumentuak bete bitartean, guztia itzuli behar baitzidan, errusieraz zegoelako. Ondoren, bisatua ordaindu nuen, lau euro, eta nik hamarrekoa eman nionean, bueltak beretzat gordeko zituela esan zidan, itzultzaile lanengatik". Amaitutakoan, motoan igotzen saiatu zen, kaskorik gabe. De la Cruzek behin eta berriro esan zion ezetz, burukorik gabe ez zuela inora eramango, arriskutsua zela. Eta hark baietz, bera polizia zela eta ez zuela halakoren beharrik. "Amore ematen ez zuela ikusita, nahita erortzea erabaki nuen. Eta han abiatu ginen biok. Nik albo batera eta bestera egin nuen, pisuagatik motoaren kontrola galdu izan banu bezala, eta ia erori egin ginen". Une horretan, mototik jaitsi zela aprobetxatuz, ihes egin zuen. "Bere helburua ni entretenitzea zen, lan orduak amaitu eta egun amaieran etxera doan eraman nezan".

Kiev. Harremanak
Moldaviatik Transnistriara egin zuen jauzi, eta handik Ukrainiara, iparralderantz. "Jende asko ezagutu dut. Nire seme-alaben eta emaztearen argazkiak erakusten nizkien, eta ordura arte egindako bidaia. Horrek konfiantza ematen zien, eta harreman oso estuak egin ditut, jendea oso eskuzabala baita, baita hiri handietan ere". Ukrainiako hiriburutik, Kievetik, hurbil zebilen gau batean, hain zuzen, argia ikusi zuen etxe baten egongelan, eta non lo egin zezakeen galdetzera sartu zen. Gizonetako batek autoa hartu eta atzetik jarraitzeko esan zion, handik 20 kilometrora zuten txabolara eramango zuela, laku baten ertzera. Esan eta egin. "Hara iritsitakoan eskerrak eman nizkion, eta bertan lasai lo egiteko esan zidan. Eltxo ugari zegoenez, kanpin denda jarri nuen babesteko. Halako batean ohartu nintzen pareko etxean rock musika entzuten ari zirela, eta atea jo nuen telefono mugikor bat utziko zidaten galdetzeko, hiru egun baineramatzan etxekoekin hitz egin gabe". Bada, ordu beteko tartean etxekoak lasaitzeko telefono deia egin zuen etxolan topatutako gazteen mugikorretik, haiek lakuan arrantzatutako lupia bat afaldu zuen ondoren, musika zaletasunen inguruan hitz egin zuten segidan, eta egindako bidaiaren berri eman zien azkenik. Gaualdi polita igaro zuten elkarrekin. "Hurrengo egunean, 7:00ak aldera, haietako bat autoan etorri zen nire kanpin dendara, eta ogi barra bat, ogitarteko bat eta ur botila bat ekarri zizkidan lanera joan aurretik. Erdi lo nengoen, eta denda zabaldu nuenean harrituta geratu nintzen! Telefonoa eta helbidea hartu nizkion". Ukrainia erdialdetik zeharkatu zuen, eta handik Hungariara, etxerantz. Esloveniara igaro, eta egun gutxian Italia eta Frantzia egin zituen, aurreikusitako egunean etxean izateko. Ez zuen hutsik egin.

"Bidaiaren ostean are gehiago estimatzen dut etxea, ikusi nituen lekuekin alderatuta, gurearen parekorik ez dagoelako. Haiek gustatu zaizkit, bereziki, gurearekiko zuten antzagatik. Baina errotuta ditugun zenbait jokamolde aldatu behar ditugula uste dut, jarrerak, beldurra. Horiek kentzea lortuko bagenu, askoz hobeak izango ginateke, pertsona ondraduak eta nobleak baikara."