Bi pareta, bi puntista

Bi pareta, bi puntista https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bi-pareta-bi-puntista/@@download/image/79p42zesta4.jpg
2007/11/02
erreportajea
Argazkiak: Galder Izagirre / Testua: Alberto Irazu
Bi pareta, bi puntista
Zesta puntak garai hobeak ezagutu ditu. Hori Horrela Da. HAla ere, puntistak esportatzen jarraitzen dugu mundu osoko frontoietara. Iñaki Goikoetxea eta Imanol Lopez, Miamiko Jai Alai frontoian aritzen diren bi zumaiar, umetatik euren jolastoki izandako Zumaiako frontoi zaharrean erretratatu ditugu. Laster, hondeamakinek behera botako dituzte frontoiko bi paretak.

Txapelduna, kritiko
27 urte ditu Iñaki Goikoetxeak. Bost aldiz irabazi du bakarkako Munduko Txapelketa, eta beste hainbestetan, binakakoa. Hamasei urterekin Milanera joan zen jokatzera, eta ondoren, AEBetara. Miamiko Jai Alai frontoian ari da 2002tik. "Duela hiru urte, zesta punta oso makal zegoen Euskal Herrian, baina orain indartzen ari da berriro. Errua komunikabideena da. Ameriketan hainbeste Jai Alai zabaldu dituen kirol hau, Euskal Herrira hainbeste dibisa ekarri dituena, ia ez da existitzen komunikabide askotan".

Pilotarien elkartasuna
Imanol Lopezek 23 urte ditu, eta duela hirutik dabil Miamiko Jai Alai frontoian. "Hasieran, ez da erraza Miamira moldatzea. Dena dela, pilotarien arteko elkartasunak aurrera egiten laguntzen dizu. Gaur egun, oso gustura bizi naiz han". AEBetako frontoietan aritzen diren zesta puntari gehienentzat bezala, urteak bi zati ditu Imanolentzat: neguko denboraldia Miamin pasatu ohi du, eta udakoa, Euskal Herrian. "AEBetako eta Euskal Herriko frontoietako giroak ez du zerikusirik. AEBetan dena apustuen inguruan mugitzen da. Hango frontoietan oso jende apustuzalea ibiltzen da: berdin zaizkie zaldiak, txakurrak, makinak… Edozein aitzakia ona da apustua egiteko".

XXI. mendeko sustraiak
Molde zaharrak atzean utzi eta XXI. mendera egokitzea. Horixe da Euskal Herrian zesta punta munduan ari diren zenbait enpresen helburua. Esaterako, Jai Alive enpresak (www.jai-alive.com) duela urte batzuk pentsaezinak ziren berrikuntzak egin ditu zesta punta munduan. Marketing eta merchandising estrategiak hartuta, irudi gazte eta modernoa eman diote zesta puntari.