Bertsolaritza moda-modan

Bertsolaritza moda-modan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsolaritza-modamodan/@@download/image/20115255526BERTSOA2.jpg
2012/12/13
berria
Bertsolaritza moda-modan
Bertsolariak sekta bat direla esaten dute batzuek. Beti elkarrekin, beti neurri eta erritma gora eta behera. Bertsozale Elkarteak urteko balantzea egin du eta datuek erakusten dute sare zabal eta irekia dela eurena. Sekta bat baino euskal kulturako 'erlijio' nagusienetarikoa. 

Elkarteak ikastetxeetan burutzen den 'Gu ere bertsolari' ekimenaren datuak eman ditu. Zazpi herrialdeetako 327 ikastetxek landu dute bertsolaritza eskola orduetan; guztira 17.442 ikasle aritu dira bertsotan, edo saiatzen behintzat.
Ikasitakoa praktikan jarri beharra dagoela. Animatu denari taulatu gainean aritzeko aukera eman nahi zaio 'Ikastetxeak bertsotan' proiektuarekin. Ikasturte amaieran 70 jaialdi ospatuko dira 8.800 ikasleren parte hartzearekin; Bizkaian 35 jaialdi eta zazpi topaketa 6.000 ikaslerekin; Araban eskolarteko lau topaketa 1.624 ikaslerekin;  Nafarroan 1.204 ikasle eskualdeko bost saiotan; eta Iparraldean 523 ikasle 'Bertsulari Ttiki' egunean.
Ikastetxeetatik kanpo ere bada bizitzarik, noski. Eta bertso eskolek ere haur, gaztetxo eta gazte ugari biltzen dituzte. 122 herritan antolatu dira bertso eskolak aurten 1.636 kiderekin.
Kopuruak ikusgarriak dira bada. Eta hori Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat ekimen kontutan hartu gabe: Bertso-eskolen egun bat herrialde bakoitzeko, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa bana herrialdeko... Bestalde Zuhatza, Bidarrai, Irañeta, Arrazola, Zerain, Barria eta Hondarrabian bertso udalekuak eskainiko dira uztailetik irailera bitartean.
Andoni Egañari erreleboa hartu zion azken txapelketan belaunaldi berriak Maialen Lujanbioren eskutik. Hernaniarrari lekukoa hartzeko prestatzen ari den belaunaldi gazteena ere hor daukagu. Kalitatez kopuruz bezain indartsu etorriko balira tentu handiarekin ibili beharko du txapelari eusteko.
Informazio gehiago nahi duenak edo ekimen hauetan parte hartzeko interesa daukanak Elkartearen bertsozale.com webgunean topatuko du bidea.