Bertsoa eta rapa: Mingainaren jaia

Bertsoa eta rapa: Mingainaren jaia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsoa-eta-rapa-mingainaren-jaia/@@download/image/53p38-1.jpg
2005/06/03
erreportajea
Unai Brea
Herri askotan, bertsoak festen ezinbesteko osagai bihurtu dira, mingainari eraginez, giroa suspertzen apartak baitira bertsolariak. Aldiz, mingaina astintzen duten beste batzuk, rapeatzaileak, azken urteotan hasi dira gurean txoko bat eurenganatzen. Orain, bertsoak eta rapa uztartzeko lehen saiakerak hasi zaizkigu: biak ez ei daude-eta elkarrengandik uste bezain urrun!            

Bat-batean, esaten badigute, Txirrita eta Lazkao Txiki uste baino hurbilago daudela Bronxeko beltz gazte hip-hopzale batengandik, harridura keinuz hartuko dugu albistea. Baina kontua lasaiago hausnartuz gero, "hara, badaude antzeko ezaugarri batzuk, egia da", pentsatuko genuke. Euskal Herrian, askok uste dute parekotasun handia dagoela bertsolaritzaren eta raparen artean; eta hala dela frogatu guran-edo, biak uztartzen dituen lehen saioa abiatu da orain hilabete batzuk.

Zarauzko Antoniano ikastetxean Imanol Epelde irakaslea topatu dugu. Berak erditu zuen, lankide batekin batera, Bertso Hop Kluba. "Eskola orduetatik kanpo, euskarara hurbildu nahi genituen DBHko ikasleak; izan ere, eskolatik at nahiko giro erdalduna egoten da. Ikasle horiek erakartzeko, interesgarria iruditu zitzaigun bertsolaritza erabiltzea".

Ikasle askorentzako, ordea, bertsolaritza hutsa amu eskasegia izan zitekeen. Horregatik, zer edo zer modernoagoarekin —ustez behintzat— batzea erabaki zuten: raparekin, alegia. "Ni rapzalea naiz –dio Epeldek-, eta inoiz, eskolan Txirritaren bertsoak kantatzen ari ginela, ikasleei esaten nien bertso haiek rapeatu zitezkeela. Errima eta erritmoa dituenez gero, bertsoa rapa da, eta alderantziz. Biek dauzkate osagai horiek". Azkenean, dozena inguru ikaslerekin Bertso Hop Kluba sortu, eta adierazpen biak uztartzen dituen antzezlana prestatzen hasi ziren. Dagoeneko, eginda dituzte emanaldi batzuk.

Zer da hip-hopa eta zer rapa?

Aurrera egin baino lehen, raparen eta hip-hoparen arteko aldea zein den argituko dugu; askotan, berba biak nahasten dira eta. Jon Eyherabidek eman dizkigu azalpenak: "Rapa musika da, eta hip-hopa musika hori bere baitan hartzen duen mugimendu orokorra da, grafittiarekin, break dance-arekin eta DJekin batera".

Eyherabide Lapurdiko MAK taldeko abeslaria dugu. Eurak dira, Selekta Kolektiboa talde gipuzkoarrarekin batera, euskaraz rapa egiten duten bakarretakoak. Euskal Herriko gainerako taldeek, erdaraz dihardute. Ez dira gehiegi oraindik, baina gutxika-gutxika sortuz doaz, Bizkaia eta Gipuzkoako hiri handienetan batez ere, eta oso jende gaztea erakartzen dute. Hip-hopak hamalau eta hamazortzi urte bitartean dauka jarraitzaile gehien, Euskal Herrian, behintzat.

Errima eta erritmoa aipatu ditugu lehen, bertsolaritza eta raparen arteko antzekotasunez berba egitean. Baina badira antzekotasun gehiago ere.

Esaterako, rapean, bertsoan bezala, bat-batekotasuna ere badago. Diskoetako kantak idatzitakoak dira, bertsolaritzan ere maiz izaten diren bezala. Aldiz, rap kontzertuen amaieran, jendeari oholtzara igo eta mikroa hartzeko aukera ematen zaio, momentuan asmatutakoak bertan bota ditzan. Bapatean.

Amets Arzallus bertsolariak, rap-ean aditua ez dela aitortuta ere, Eminem kantariaren bizitzaren gaineko pelikula ospetsuak sortarazi zion irudia gogoratzen du: "Elkarren aurka egiten zituzten bat-bateko saioak, lehengo tabernetako bertsolaritzaren parekoak iruditu zitzaizkidan; bata besteari gailendu behar hura".

Bertsolariak rapeatzaile?

Dena dela, bat-bateko jardunak ez du oraindik indar handiegirik euskal rapean. Jon Eyherabidek berak, konparazio baterako, onartu egin digu bera ez dela momentuan asmatzeko gauza. "Baina bertsolari on batek ongi egingo lukeela uste dut". Selekta Kolektiboko Iñaki Arrizabalagak antzeko ustea dauka: "Bertsolari onak rapeatzaile onak izango lirateke. Gainera, bertsolaritza zailagoa da rapa baino. Rapean erritmoa dago, baina neurriak ez dira zurrunak. Bertsolariek, aldiz, doinua jakin behar dute, eta neurri zehatzari atxiki".

Zein da bertsolarien iritzia honetaz? "Beharbada, bertsotan ari den batentzako, tentagarria izan daiteke rapeatzen hastea. Eminemen pelikula ikusi eta gero, ni eta nire lagunak saiatu ginen horretan, erdi txantxetan. Baina, egia esan, lotsa pixka bat ematen du, eta ez dut uste oholtza gainera aterako nintzatekeenik halako zerbait egitera". Zarauzko Antonianetako Imanol Epeldek, berriz, raperako harrobi ezin hobea igartzen du bertsolaritzan: "Hemen egundoko materiala eta jendea dago urrezko letrak egiteko, eta erabili beharko lirateke".

Errimaz, erritmoaz eta bat-batekotasunaz gain, bertsoak eta rapak badaukate azpimarratzeko moduko beste ezaugarri komun bat, askoren iritziz: kronika soziala egiteko tresna dira, kritika zorrotza barne. "Izan ere, rapa hortik dator berez. Oso musika erradikala izan da, iraultzailea", dio Iñaki Arrizabalagak.

MAKek eta Selekta Kolektiboak, euskarazko hip-hop talde biek, filosofia horri eutsi eta egunero inguruan ikusten dutena kritikatzen dute euren kantetan. "Beharrezkoa da", MAKeko Jon Eyherabideren berbetan. AEBetan, berriz, ezaugarri hori ahultzen ari da, antza. AEBtan kritikak oraindik bizirik dirau, baina bestelako gaiak ere jorratzen dira, eta gero eta gehiago gainera. Ai, rapa… zer hintzen eta non hago!

Bertsolaritza, euskaldunon ohitura zaharra


Bertsolaritza noiz sortu zen jakitea ezinezkoa da, oso berandu sartu zelako “historian”. Urte luzez, bertsolaritza ahozko jardun soila izan zen, eta beraz, ez zen inon idatziz jaso. Oso bertso gutxik iraun dute denboran zehar, inoiz inork papereratu arte. Esaterako, oso ezagunak dira Lasturko Milia hiltzean beraren ahizpak egindakoak.

Etxepareren “Linguae vasconum primitiae” (1545) jo izan da bertsolaritza idatziaren abiapuntutzat. Ahozkoan, berriz, XIX. mende hasieran dauzkagu lehen aztarna ezagunak. Pernando Amezketarraren garaiak ziren. XX. mendean, 1935etik aurrera, bat-bateko bertsolaritzak loraldia eduki zuen, eta lehen txapelketak antolatzen hasi ziren. Azken hamarkadetan jaialdiak biderkatu egin dira, bertso eskolak ugaldu, bertsoak komunikabideetan lekua bereganatu… Horrez gain, bertsolaritzak garaian garaikoari egokitzen jakin du, bide berriak bilatuz (bertso-tramak…). 

Rapa, afrikar erroak AEB-etan


Rapa, AEBetako beltzek Afrikako erroak oinarritzat hartuta sortutako musika da. Dirudienez, 70eko hamarkadan jaio zen New Yorkeko Bronx auzoan. Rapak beltzen eguneroko bizitza hartu zuen gai nagusitzat, eta laster lortu zuen arrakasta New York osoan, mezuak askatasunez zabaltzeko aukera ematen zuelako. Hasieran, raparen barruan ez zen errima jolasik egiten, eta sortu ziren lehenengo leloak ere ez ziren lar luzeak. Denboraz, baina, testu haiek korapilotzen hasi ziren. Artean, rapak ez zeukan izen hori, emceeing baizik. Apurka-apurka, musika estilo honek kaletik estudioetara jauzi egin zuen, eta gaur egun, industria indartsua sortu da horren atzean. 

Bertsolaritza gehi...



Azken urteotan, hainbatetan egin dira bertsolaritza beste zer edo zerekin elkartzeko saioak. Josu Goikoetxea, “Hitzetik hortzera” telebista saioaren aurkezlearen ustez, “oraingo bertsolari gehienak unibertsitatean ibilitakoak dira, eta bestelako zaletasunak ere badauzkate. Beraz, normala da saiakerak egite hori. Dena den, horrek ez du esan gura horrelako ekimenak ohiko bertsolaritzari gailendu zaizkionik. Hala balitz, azkenerako, bertsoa bera lausotu egingo litzateke. Dena dela, bertsolariek gustura hartzen dituzte horrelako ekimenak, ohiko jardunetik ihes egiteko balio dute eta”.

Adibide batzuk ematearren, bertsolaritza eta literatura uztartu dituztenak aipatzen has gaitezke. Esaterako, Harkaitz Cano idazleak eta Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek, literatura unibertsaleko poemak eta bertsoak batzeko ahalegin interesgarria egin zuten. Dena den, bertsolariek ondoren nabarmendu zutenez, horrelakoetan bertsoa galtzaile izaten da askotan: literatura egileek denbora daukate euren lana biribiltzeko, eta bat-batekotasunak jai du horren aurrean.

Bestelako arte adierazpenekin ere elkartu da bertsolaritza: komikia, antzerkia, dantza… denak izan dira bertsoaren lagun. Kirola ere ibili da tartean. Azken urteotan, berbarako, bertso-pilota saioak egin dira hainbat herritan. Bertsolari bik, bakoitza pilotari baten alde, tantoak komentatu eta aurkaria zirikatu egiten dute halakoetan. Ez gabiltza, ez, irudimen faltan.