Chat GPT-k erabiltzaileak izendatutako pertsonari abisatuko dio arriskuren bat dagoela igarriz gero

Chat GPT-k erabiltzaileak izendatutako pertsonari abisatuko dio arriskuren bat dagoela igarriz gero Erabiltzaileak bere buruari min emateko asmoa duela edo egoera emozional larrian dagoela antzemanez gero, inguruko pertsonari jakinarazpena bidaliko diote. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/chat-gptk-erabiltzaileak-izendatutako-pertsonari-abisatuko-dio-arriskuren-bat-dagoela-susmatuz-gero/@@download/image/pexels-bertellifotografia-16094040.jpg
2026/05/14

Testua: Maitane Legarreta

Erabiltzaileak bere buruari min emateko asmoa duela edo egoera emozional larrian dagoela antzemanez gero, inguruko pertsonari jakinarazpena bidaliko diote.
Chat GPT-k erabiltzaileak izendatutako pertsonari abisatuko dio arriskuren bat dagoela igarriz gero

Chat GPT informazioa bilatu, galderak erantzun eta ikasteko sortu bazen ere, gaur egun gero eta erabiltzaile gehiagok kezkak eta emozioak partekatzen dituzte harekin, haien bizipenak kontatzen dizkiote, edota aholkua eskatzen diote. Osasun mentalarekin zerikusia duten hainbat gai atera ohi dira elkarrizketa horietan. 

Hori dela eta, OpenAIk iragarri du, hala nahi izanez gero, adinez nagusiak diren erabiltzaileek konfiantzazko norbait izendatzeko aukera izango dutela sistemak arriskuren baten susmoa izanez gero, haiei abisatu ahal izateko. Une zaurgarri horietan beste babes sare bat eskaintzea da asmoa. 

Erabiltzaileak familiako, lagun, zaintzaile edo konfiantzazko beste pertsona bat erantsi beharko du bere kontuan. Hori bai, adinez nagusia izan beharko da. Hautatutako pertsonak astebeteko tartea izango du onartzeko. Uko eginez gero, erabiltzaileak beste norbait aukeratu ahal izango du.

Sistemak autolesioekin edo norbere segurtasunarekin zerikusia duen elkarrizketaren bat identifikatzen badu, erabiltzaileari adieraziko dio berak izendatutako pertsonari jakinarazpena bidal diezaioketela, eta harekin harremanetan jartzea proposatuko diote. Bien bitartean, adituz osatutako lantaldeak kasua aztertuko du eta egoera larria dela berretsiz gero, jakinarazpena aktibatuko dute. Abisua email edo mezu bidez bidal ditzakete, eta baita aplikazioa erabiliz ere.

OpenAIk azaldu duenez, jakinarazpenetan ez dute elkarrizketaren inguruko xehetasunik emango eta ezta transkripziorik ere, erabiltzailearen pribatutasuna ez urratze aldera. Egoera kezkagarria dela adieraziko diote konfiantzazko pertsonari, eta harengana jo eta babesa emateko gomendioa egingo diote.

Adinez nagusiak ez direnentzako guraso-kontrolaren eredua zabaldu nahi dute nolabait, egoera zaurgarrian dauden erabiltzaile helduek ere prebentziorako aukera izan dezaten.

OpenAIk argi utzi nahi izan du ez dutela larrialdi zerbitzuen edo profesionalen laguntza psikologikoa ordezkatuko honekin, baina inguruko pertsonekin harremanetan jartzea erraztuko duen laguntza eman nahi dute. Izan ere, krisi emozionalen garaian, babes soziala behar-beharrezkoa dela uste dute adituek.