Jaunartzeak ezkontzen pare ia?

Jaunartzeak ezkontzen pare ia? Batez beste 6.800 euro baino gehiago gastatzen da jaunartzeetan Espainiako Estatuan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaunartzeak-ezkontzen-pare-ia/@@download/image/pexels-jinu-joseph-7628341-14354566.jpg
2026/05/15
Batez beste 6.800 euro baino gehiago gastatzen da jaunartzeetan Espainiako Estatuan.
Jaunartzeak ezkontzen pare ia?

Jaunartzeak egiteko ohitura gutxitzen ari den arren, tradizio horri jarraitzen diotenek gero eta ospakizun handiagoak antolatzen dituzte. Familiakoak bildu ohi ziren lehen halako ospakizunetan, baina batzuek gonbidatuen zerrenda luzatu eta ezkontza baten pareko ekitaldia bilakatzen dute. Hori dela eta, aurrerapen handiagoz antolatzea eskatzen du, tokiak garaiz erreserbatzea eta xehetasun guztiei erreparatzea.

Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak emandako datuen arabera, Espainiako Estatuko jaunartze gehienak 50 gonbidatu ingurukoak izaten diren arren, % 10a 150 gonbidatukoa izaten da. Eta 30 pertsona baino gutxiagokoek, berriz, behera egin dute. 

Kostuari dagokionez, aurten 6.800 euro baino gehiago gastatuko dituzte batez beste jaunartzeetan, aurreko urtean baino % 21 gehiago. Gutxienez 3.200 euro behar izaten dituzte halako ospakizunetarako, eta gonbidatu kopuruaren arabera, 22.00 euro ingurura ere hel daiteke prezioa.

Gastuaren zati handiena otorduarena izaten da. Kontsumitzaileen Elkarteak egindako ikerketaren arabera, 50 lagunentzako oturuntza 4.500 eurora hel daiteke. Izan ere, batez beste 90 euroko kostua izaten du gonbidatuko, nahiz eta eskaintza 50 eurotik hasi eta 220 euro artekoa izan daitekeen.

Jantziak eta osagarriak izaten dira aintzat hartu beharreko beste alderdiak. Soinekoak 90 eta 1.900 euro arteko kostua izan ohi dute, eta diademak, ilerako apaingarriak, poltsak, eskularruak, oinetakoak eta bestelako kontuak ere badira kasu askotan. Ile-apaindegian ilea bildu eta orrazkera jakina egitea, berriz, 140 bat euro ordaindu behar izatea gerta liteke. Marinel edo almirante jantziak, berriz, 110 eta 820 euro arteko prezioa izan ohi du, eta gorbada, alkandora eta bestelako osagarriak ere izaten dira.

Bestetik, tokiaren alokairua, argazkilariaren lana, bideo-erreportajea, eta gonbidatuentzako oroigarriak beste 3.000 euroko kostua izan dezakete. Horretaz gain, ekitaldian beste hainbat elementu ere eransten ditu zenbaitek, hala nola animazioa edota puzgarriak.

Egoera hau ikusita, kontsumitzaileen elkartekoek hainbat gomendio eman dituzte: norberaren ahalmen ekonomikoaren araberako aurrekontua egin eta ahalik eta zorrotzen betetzea, ezustekoetarako diru kopuru bat aurreikustea, gonbidatuen kopurua murriztea, jantziak berrerabiltzea, menurik ekonomikoenak bilatzea, publizitateak eta kontsumismoak eragindako presioaren eraginari izkin egiten saiatzea, hainbat tokitako prezioen konparaketa egitea, eta dena batera erosi beharrean, gauza bakoitza tokirik aproposenean erostea. Eta zerbitzua behar bezalakoa ez dela izan ikusiz gero, erreklamatzea.