Berri Txarrak taldearen eta zaleen inguruko 'Dardara' dokumentala emango dute gaur gauean ETB1en

Berri Txarrak taldearen eta zaleen inguruko 'Dardara' dokumentala emango dute gaur gauean ETB1en 'Ikusi arte' izeneko azken biran grabatutako irudiak, munduko hainbat lekutatik jasotako istorioak, eta Gorka Urbizuren hausnarketak jaso ditu Marina Lameiro zinemagileak filmean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-taldearen-eta-euren-zaleen-inguruko-dardara-dokumentala-emango-dute-gaur-etb1en/@@download/image/dc089c84-d8a7-4f2a-98ea-7d8ef6caba89.jpeg
2021/12/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Ikusi arte' izeneko azken biran grabatutako irudiak, munduko hainbat lekutatik jasotako istorioak, eta Gorka Urbizuren hausnarketak jaso ditu Marina Lameiro zinemagileak filmean.
Berri Txarrak taldearen eta zaleen inguruko 'Dardara' dokumentala emango dute gaur gauean ETB1en

Marina Lameiro zinemagilearen Dardara dokumentala eskainiko dute gaur gauean ETB1ek eta eitb.eus-ek. Berri Txarrak taldearen azken birako irudiak biltzen dituen ikus-entzunezko lana 22:30etik aurrera izango da ikusgai.

25 urtez agertokietan aritu eta hainbat disko kaleratu ondoren, Berri Txarrak taldeak geldialdi mugagabea egingo zuela jakinarazi zuen, ordura arteko ibilbide oparoari etena jarrita. Geratu aurretik, ordea, azken bira egingo zutela iragarri zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko.

Marina Lameiroren kamera izan zuten bidelagun Ikusi arte izeneko biran, zuzeneko berezi haiek zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak etxetik hasi eta hainbat herrialdetako -Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak, etab.- zaleen bizitzen zatiak tartekatu ditu. Denek ere pasio bera partekatzen dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.

 
Zineman aditua den eta GAZTEZULOko kide den Gaizka Izagirrek urteko bosgarren dokumental onena izendatu berri du eta hauxe adierazi du haren inguruan: "Lameiroren ikuspegiari esker, sortzailearen, publikoaren eta obraren arteko harremanaz diharduen ikus-entzunezko boteretsua gauzatzea lortu dute. Lengoaia zinematografikoak eskaintzen dituen tresnak ezin hobeto zukutu ditu – muntaia, soinua eta lehen planoen indarra bereziki-, Berri Txarraken musika filmaren elementu narratibo moduan txertatuz, kantu bakoitzaren mamia narrazioaren zati bihurtzen delarik.  Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Lameirok dokumentala, eta horrek lanak eskatzen duen humanismoz bustitzen du. Hauxe da98 minutuetan zehar topatuko duzuna: pasioa, samurtasuna eta zintzotasuna. Dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute. Oroitzapen, zintzotasun eta pasio kolektibo eder horren hazitik loratu den lan ederra da Dardara; estilo, hizkuntza, herrialde eta belaunaldi ezberdinen barrerak gainditu eta urrunago doan fenomeno baten unibertsaltasunaren lekuko bilakatzen gaituena".