2021eko 20 dokumentalik onenak

2021eko 20 dokumentalik onenak Telesail onenen zerrenda argitaratu ostean, azken urteetan urrezko aro moduko bat bizitzen ari diren dokumental nabarmenenak aipatzeko ordua iritsi da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2021eko-20-dokumentalik-onenak/@@download/image/dokuak1.jpg
2021/12/29

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Telesail onenen zerrenda argitaratu ostean, azken urteetan urrezko aro moduko bat bizitzen ari diren dokumental nabarmenenak aipatzeko ordua iritsi da.

20- ‘ A Song Called Hate’

Filmin

Hatari talde islandiarrak mundu osoa zalantzan jarri zuen unearen azterketa sakona, mundu osoko telebista-lehiaketa ikusienean: Eurovision jaialdian. Txikikeria zirudien ekintza batek -Palestinako bandera bat atera zuten jaialdia Israelen ospatu zen urtean-  sekulako lurrikara eragin zueneko unea, eta hau nola gauzatu zen, azaltzen duen dokumentala da.  Interesgarria oso.

 

19- ‘Seaspiracy’

Netflix

Gizakiok itsas espezieei – eta ozeanoari oro har- egiten diegun kaltea frogatzen duen dokumentala da, tartean, munduko ustelkeria kezkagarria ere salatuz. Legez kanpoko arrantzaren aurkako aktibista konprometitu batek zuzendua eta kontatua, negozio immoral jakin batzuk kontrolatzen dituzten mafiak (Japonian, adibidez), estatu osoetara iristen diren interes ilunak eta korporazio eta talde ekonomikoen aldetik eraikigarritasun gutxiko beste praktika batzuk salatzen ditu besteak beste. Oso dokumental indartsua iruditu zait, itxuraz mugiezinak diren ikuspegiak aldatzeko gai izan daitekeena. Egia da –eta guztiz ulertzen dut- kontrako iritzi batzuk ere piztu dituela lan honek, auzi konplexu bat gehiegi sinplifikatzen duela argudiatuz: komunitate asko arrantzaren menpe baitaude, bizitzeko eta elikatzeko, eta, izatez, harrapaketa-metodo jasangarriak praktikatzen dituztenak. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak baina eztabaida piztu dezakeen dokumental indartsu eta oso interesgarria iruditu zait.

 

18- ‘1971: The Year That Music Changed Everything’

Apple tv+

Musikazaleentzat ezinbestekoa. 8 atalez osaturiko dokumental sorta honek 1971. urtera garamatza zehazki, garai iskanbilatsua izateaz gain,  asaldura politiko eta kulturalak bultzatuta, musikaren berpizkundearen urtea izan zelako aditu askoren ustez. Talentu berriak agertokira sartu ziren eta musikaren mugak inoiz ez bezala hedatu ziren. Dokumentalean The Rolling Stones, Aretha Franklin, Bob Marley, Marvin Gaye, The Who, Joni Mitchell edota Lou Reed bezalako artistak ikusteko aukera eskaintzen du besteak beste.  Zortzi atal horietan, urte hartan gertatutakoaren eta musikaren historian izandako garrantziaren errepaso zehatza egiten da, gertaera haiek gizartea bere oinarrietatik eraldatu baitzuten.  Lehen atalak, adibidez, Marvin Gayeren obraren eta Vietnamgo Gerraren aurkako protesten arteko harremana aztertzen du, baita Richard Nixon AEBetako presidente ohiaren administrazio zapaltzailea ere. Kulturaren historiari eta musikaren historiari buruzko ikasgai gisa oso ongi funtzionatzen duela uste dut; musikaz eta maisulan handiak egitearen historiaz gozatzeaz gain, dokumental honek egungo musikari buruzko hausnarketa egitera ere garamatzalako, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait.

 

17- ‘Vitals’

HBO MAX

Hiru atalez osatua, 2020ko martxoa eta ekaina bitartean - COVID-19aren pandemiaren hasieran- Sabadelleko Parc Taulí Ospitaleko pazienteei eta langileei jarraitzen dien dokumental hunkigarria. Konfinamenduko lehen olatuaren unerik gogorrenetan sartzen gaitu, eta premisa horretatik abiatuta, kamerek osasun-langileak jarraitzen dituzte ospitalean barrena birusaren aurkako borroka heroikoan.  Dokumentalak egoera honen alderik gizatiarrena irudikatzen du, protagonista bakoitzak une latz hauei nola aurre egiten zien erakutsiz. Sílvia, Isa, Sandra, Eduard, Vanessa edo Cesar dira inor axolagabe utziko ez duten istorioetako protagonistetako batzuk. Osasun arloko profesional batzuen izenak baino ez dira, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-larrialdiaren aurka borrokatu ziren paziente batzuenak. Gogorra baina ezinbestekoa.

 

16- ‘Lucia en la telaraña’

Rtve-ko nahieran zerbitzuan

Errealitateak fikzioa gainditzen duenaren beste adibide ikaragarria. Bost atalez osaturiko telesail dokumental formatua erabiliz, 2008ko apirilaren 30ean, Alharuín de la Torren hil zuten  Lucía Garridoren kasuan zentratzen da.  Abiapuntu horretatik tiraz eta izenburuari erreferentzia egiten dion armiarma sarea deskubritzen goazen heinean, animalia exotikoen trafikoa ilegala, narkotrafikoa, guardia zibila eta poliziaren estoldak, hirigintza-ustelkeria kasuak eta arma-trafikoa bezalako gai ilunak sartuko dira jokoan, sinestezina eta harrigarria den trama osatu arte. Bagenekien zerbaitek ustel usaina zuela Espainian baina lan honekin oso argi geratu da. Zur eta lur geratuko zara. Hemen doan ikusgai.

 

15-‘Playing with Sharks’

Disney +

Valerie Taylor urpekari aitzindariak marrazoekiko dugun beldur horren mitoa azaltzen eman du bere bizitza osoa. Lan honek bere bizitza errepasatzeaz gain, ez du soilik emakume distiratsu baten testigantza gisa balio, ekologismoari buruzko dokumental bikaina ere iruditu baitzait eta, batez ere, marrazoak beste modu batera ikusaraziko dizkizun lana da. Artxiboko urpeko irudi zoragarri batzuen bidez, Valerie berari egindako elkarrizketekin batera, ozeanoko esploratzaile ausart honen ibilbidea jarraituko duzu, itsaspeko arrantza txapelduna zenetik marrazoen babesle sutsua bilakatu zen arte.

 

14-‘Untold: Malice at the Palace’

Netflix

Iazko The Last Dance telesail apartaren erruz saskibaloiari buruzko dokumentalen gose bazara, hauxe da asebeteko zaituen proposamen berria. 2004ko NBAko partida batean Indiana Pacers eta Detroit Pistons taldeetako jokalarien arteko istilu bortitz baten gakoak islatzen dituen lana da,  istiluari, ondorioei eta bere ondareari buruz hitz egiten duena. Dokumentalak, gertakaria erregistratu zuten kameretatik planoz plano azaltzeaz gain, protagonistak elkarrizketatzen ditu (jokalariak, ikusleak, poliziak, ikertzaileak...), zer, nola eta zergatik aztertzeaz gain, izan zituen ondorioei testuinguru egokia gehituz

 

13- ‘The Velvet Underground’

Apple tv +

The Velvet Underground musika taldeak, rockaren munduan lortutako eragin handiaren arrazoiak eta gakoak bilatzen saiatu da Todd Haynes zinema zuzendaria lan bikain honetan. Taldea soinu berri baten egilea izan zela diote askok, neurri batean musikaren mundua aldatu zuena, eta horrela bere ospea historiako rock talde gurtuenetako bat bihurtzera eraman zuten. Filmak garai hartako funtsezko pertsonekin egindako elkarrizketak biltzen ditu, aurretik inoiz ikusi gabeko emanaldiekin konbinatuta, Andy Warholen grabazioak barne. Taldea bereziki gustuko ez baduzu lasai, dokumentalaren mamia ez baita soilik taldeari buruzko datuak biltzea, testuingurua ere funtsezkoa izan baitzen;  talde horren espiritua ez ezik, bere kultura-gorenean zegoen 60ko hamarkadako New York hiria ere era paregabean erretratatzen du Haynes-ek adibidez.

 

12- ‘Una película de policías’

Netflix

Aitortuko dizut ez nekiela lan hau dokumentalen zerrendan sartu ala filmen barruan, dokumentala eta fikziozko elementuak uztartzen dituen ikus-entzunezko bitxia delako. Mexikoko erakunde eztabaidagarrienetako bati ahotsa ematen dio: Poliziari, eta justizia sistemari eragiten dion zigorgabetasun krisiaren kausak argitzen ditu.  Kontakizun liluragarria eta ezohikoa eskaintzen du Alonso Ruizpalacios zuzendariak.

 

11- ‘The Alpinist’

Filmin eta Amazon

Jende gutxik ezagutzen du bere izena, baina alpinismoaren munduan Marc-Andre Leclerc mito bat da.  Bakarrik eskalatzen du, fokuetatik urrun. Alpeetako leku urrunetan, 23 urteko Kanadako gazteak historiako bakarkako igoerarik ausartenetako batzuk egin ditu. Ia isilean, ezkutuan aritzen da, ez zaio arretarik piztea gustatzen.  Kamerarik gabe, sokarik gabe eta errakuntzarako tarterik gabe, bakarkako abenturaren esentzia hutsa da Leclerc. Lan zoragarri honek mendiekiko eta naturarekiko maitasuna era zoragarrian transmititzea lortzen du. Oso hunkigarria da, baina baita tristea ere; nola eskalatzen duen ikusten duzun bitartean, tentsiopean mantentzen zaitu hasieratik, eskuak izerditan dituzula. Beldurgarria eta zoragarria aldi berean, protagonista absurduaren eta jenialtasunaren arteko marran mugitzen baita hasieratik, baina batez ere benetako kontakizun zintzoa eta maitasun eskutitza alpinismoari.

 

 

10- ‘Altsasu gau hura’

Zoritxarrez, Altsasuko gazteena, denok ezagutzen dugun kasu lazgarri eta bidegabea da. Dokumental argigarri honi esker, Marc Parramon-ek eta Amets Arzallusek, geure herriko mugak gainditu, gezurraren eta manipulazioaren harresiak hautsi,  eta mundu osora esportatzeko aukera eman diote kasuari, injustizia hau izkina guztietara helaraziz. “Terrorismo bilakatutako parranda gau bat. Bizitza osoa kartzelan pasatzeko arriskua. Arrisku horren erraietatik grabatutako dokumental bat”. Dokumentala 2018an hasten da, epaiketarako 100 egun falta direnean, eta zortzi auzipetuetako hiruk urte eta erdi daramate prebentziozko espetxealdian. Filmak gazteen eraldaketa fisiko eta emozionala erakusten du, beren ingurune pertsonal eta familiarrean ere zentratuz noski.  Hurbileko behaketa tekniken bidez, eta begirada intimo bezain poetikoa landuz, dokumental honek istorio honen parte diren pertsona batzuen hiru urteko jarraipena egiten du, beren eguneroko bizitzetatik abiatu eta epaiketaren edo kartzelaren atariraino orpoz orpo segituz. Marc Parramón eta Amets Arzallusen ikerketa lanak Altsasu auziaren tratamendu mediatikoa eta euskal gatazkarekin duen harremana azaltzen ditu.

 

9-' Exterminate All the Brutes’

HBO MAX

Raoul Peck-ek  inperialismo europarraren eta estatubatuarraren ankerkeria kontatzen du atalkako dokumental bitxi honetan. Arrazakeriari buruz dihardu eta nola gure planeta genozidioaren gainean eraiki zen moduari buruz. Telesaila lau ataletan banatuta dago eta irudi dokumentalak argazkiekin nahasten dituzte, baina baita zuzendariaren beraren familiarteko grabaketekin eta oroitzapenekin ere -off ahotsa Peck-ek berak jartzen du- eta beste film batzuetako collageekin. Hori guztia Josh Hartnett protagonista duen berreraikuntza zinematografikoz hornituta dago, kolonizazioaren hainbat une birsortzen dituztenak, Atlantikoan zeharreko esklabo-trafikotik hasi eta Amerikaren konkistaraino edo Ameriketako Estatu Batuetako indiarren sarraskiraino. Zaila ulertzen ezta? Onena ikustea izango duzu, Peck-ek erabili duen lengoaia oso bereziari esker, pieza zinematografiko oso boteretsua iruditu baitzait, mezu konkretu eta oso garrantzitsu bat helarazteko helburuz egindako dokumental sailkaezina eta  hipnotikoa.

 

8-‘The Beatles: Get Back

Disney +

Beatles-zalea bazara ahozabalik geratuko zara lan honekin, txundituta. Aitortuko dizut bestalde, ni bereziki fana ez izanda ere,  oso dokumentu berezia eta bakarra iruditu zaidala Peter Jackson-ek zuzendu duen telesail dokumental hau. The Beatlesi buruzko dokumentala den arren, pasarte jakin batean zentratzen da bereziki:  Let It Be diskoaren grabaketa eta horrek eragin zuena. Argitaratu gabeko material ugarirekin sortua, Let It Be-ren errealizazioan nagusi ziren adeitasuna, adiskidetasuna eta umorea erakusten baititu eta baita ezagutzen ez ziren beste alderdi batzuk ere. Beatlesen estudioko album mitikoa, eta talde gisa emandako azken zuzeneko kontzertua, Londresko Savile Row kaleko teilatuan egindako emanaldi ahaztezina. Argitaratu gabeko 55 ordu baino gehiagoko materiala bildu da lan hau egiteko -Michael Lindsay-Hoggek 1969an grabatu zituena-, eta oso gutxitan entzun diren albumaren grabazio-saioen 140 orduko audio-grabazioak ere presente daude. Harribitxia.

 

7-‘Night Stalker: The Hunt for a Serial Killer’

Netflix

True Crime generoaren zale amorratua naiz eta oso ohitua nago era honetako dokumentalak kontsumitzen, baina hau ikusten pasa nuen beldurra eta ezinegona oso gutxirekin gertatu zaidan zerbait izan da. Lan hau urtarrilean ikusi nuen arren, Richard Ramírez "Night Stalker” lehen aldiz azaltzen deneko irudi hori iltzaturik daukat oraindik garunean. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, serieko hiltzaile batek izua zabaldu zuen Kalifornian. Psikopata honek gauez etxeak zelatatzen zituen era guztietako basakeriarik imajinaezinak burutzeko; hilketak, bortxaketak, lapurretak,  bahiketak, torturak… Los Angeleseko bi detektibe, bat beteranoa eta arrakasta-historia zabalekoa, eta beste bat gazteagoa, hiltzailea harrapatzen saiatu zireneko istorioa azaltzen du dokumental beldurgarri honek. Munstro hau jazarri zuten polizien ikuspuntutik azaldua dago, baina baita bizirik atera ziren biktimei ahotsa emanez, heriotzak gertatu ziren testuingurua azaltzeko eta krimenek izan zuten eragina aztertzeko. Hotzikarak eragiten dituen dokumentala.

 

6- ‘How To with John Wilson' (2.denboraldia)

HBO MAX

Iaz lehen denboraldi zoragarri batekin harritu ninduen eta bigarren honekin ere maila mantentzen duela iruditu zait.  Esango banizu, telesail-dokumental hau, une honetan Ikusten ari ez zaren gauzarik surrealista, dibertigarri, berezi, triste, bitxi eta batez ere sailkaezinena dela? Bizitza modernoari buruzko umorezko tutorial gisa planteatuta, kamera hartu eta New York hirian milaka eta milaka ordu grabatu ditu John Wilson dokumentalista ia ezezagunak.  Lehen pertsonan kontatuta, giza izaera, oinarrizkoenetik xehatu nahi du telesailak, eta horrekin guztiarekin pertsona eta egoera bitxien bilduma zoragarri bat sortzea lortu du, espontaneoki sortzen den narratiba bat erabiliz. Koherentzia inkoherentziaren barruan. Dokumentalak samurtasunaren eta deserosotasunaren artean mugitzen den umore mota bat du ezaugarri, eta atal guztiak, absurdotik jaiotzen dira eta autokritika basati batetik. Soziologia, New York edota umorerik apurtzaileenaren zalea bazara, gomendio saihestezina.

 

5 -‘Dardara’

Iritsi gara lehen bost postuetara eta hemen ere euskal ekoizpen bat, ze poza! Dokumentazio lan hutsean eta kontzertu irudietako efektismo errazean erortzeko aukera guztiak zituen dokumentala izan zitekeen, ohiko narratiba konbentzionala erabiliz, su artifizial hutsalak jaurtiz,  baina Lameriroren ikuspegiari esker,  sortzailearen, publikoaren eta obraren arteko harremanaz diharduen ikus-entzunezko boteretsua gauzatzea lortu dute. Lengoaia zinematografikoak eskaintzen dituen tresnak ezin hobeto zukutu ditu – muntaia, soinua eta lehen planoen indarra bereziki-, Berri Txarraken musika filmaren elementu narratibo moduan txertatuz, kantu bakoitzaren mamia narrazioaren zati bihurtzen delarik. 

Ez da erraza musika talde bati buruzko dokumental bat egitea, topikoetan ez erortzea, originala izatea eta taldearen jarraitzaile ez direnen artean arreta piztea. 2011. Urtean estreinatu zen Foo Fighters: Back And Forth dokumentala izan liteke adibide ona. Lan honetan zerbait nabarmentzen bada, bizi izan dituzten esperientziak azaltzerako orduan, guztien zintzotasuna da. Talde, idolo edota miresten ditugun izen horien atzean gu bezalako pertsona arruntak daudenaren mezua gailentzen da, eta taldekideek bizi duten guztia dirudiena baino askoz ere arruntagoa eta gizatiarragoa dela. Lan hau aipatzen dut, Foo Fighters-eko Dave Grohl-ek moduan, Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu duelako Lameirok Dardara dokumentala, eta horrek lanak eskatzen duen humanismoz bustitzen du. Dokumentala hasi eta minutu gutxira, errepide bat zeharkatzen duen baso bat ikusten dugu. Isiltasuna nagusi den basoa. Eguzki izpiek adar eta hostoak zeharkatzen dituzten bitartean, txorien kantuak soilik entzuten ditugu. Planoa gurutzatzen eta isiltasun hori hautsiz, Gorka Urbizu azaltzen da; bakarrik, oinez, pentsakor. Une horretan kamerak atzetik jarraitzen dio, bizkarrez, mugikorrean audio bat grabatzen ari den bitartean “Kamerinoan zaudela entzuten duzu ‘Beste bat, beste bat!’, oihuka eta orduan datorkizu galdera burura: ‘hau benetan uztera zoaz?’ (. …) sortzaile gisa bilatzen jarraitzeko etxea uzteko ordua da orain, eta gogorra izanagatik ere, batek ezin dio muzin egin horrelako deiari”. Naturaren arnasaz gain, hori da lasaitasun horren erdian entzuten den gauza bakarra. Isiltasunaren garrasia.

Hortik aurrera dokumentalak ardatz nagusi batzuk kokatuko ditu mahai gainean. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, beti ere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Ikusiko dugunaren bigarren lagina, basoko sekuentzia horren ostean ikusten lehena, Jare Lertxundi jarraitzaile gaztearen eta bere amaren lehen planoak dira. Berri Txarraken kontzertuaz gozatzen ari dira Min Hau abestia entzuten duten bitartean. Horren ostean ama-alaba ohean ageri diren sekuentzia; Jarek abestiaren letrari buruzko galdera zuzena jaurtitzen dio amari: “Zergatik Min Hau kantak esaten du ez duela topatzen zauria inondik?”. Hau da Dardara-ren muina eta 98 minutuetan zehar topatuko duzuna: pasioa, samurtasuna eta zintzotasuna.  Zuzeneko kontzertuen indarra eta magia irudien bidez islatzeko aukera asko topa daitezke, baina Lameirok lehen planoen aurpegiak eta pertsona zehatzak erabiliz egin du. Taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, doinu horiekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Japoniako uneak ere ahaztezinak iruditu zaizkit.

Eta azkenik taldekideen jarraipena egin du, eta Gorka Urbizuk taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak azaltzen ditu. Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute. 

 “Musika helduleku bat da, horregatik eskatzen ditugu kantu gehiago” dio Urbizuk dokumentalaren pasarte jakin batean. Abestiak ez dira agortzen, horiek beti egongo dira eskura, behar dugunetan arnasguneak eskainiz. Oholtzatik jaitsi dira baina haria ez da eten. Berriren abestiak ozen entzungo dira, maitasunez eta zintzotasunez egindako musikaren magia betirako baita. Oroitzapen, zintzotasun eta pasio kolektibo eder horren hazitik loratu den lan ederra da Dardara. Estilo, hizkuntza, herrialde eta belaunaldi ezberdinen barrerak gainditu eta urrunago doan fenomeno baten unibertsaltasunaren lekuko bilakatzen gaituena.

“Musikak ez zaituelako pertsonek bezala epaitzen”.  Gozamena.

 

4- ‘Pretend It's a City’

Netflix

Martin Scorsese –eta bere barre-algarak- eta Fran Lebowitz. Zer gehiago behar duzu? Zazpi atalez osaturiko dokumental berezi honetan, Fran Lebowitz idazle, umoregile eta anekdota kontalari ironikoak Martin Scorseserekin partekatzen ditu New York hiriari buruzko bere istorio liluragarriak. Lebowitz elkarrizketa baterako pertsonarik aproposena da: ahoan bilorik gabe mintzatzen da, bere iritzia ematen baitu, filtrorik gabe. Harro dago, ordenagailurik, telefono mugikorrik eta internetik ez duelako. New York aitzakia da bere bizitzako hainbat pasadizo kontatzeko, kulturari, inbertsioei, osasunari, garraio publikoari, janariari, tabakoari edota liburuei buruz duen iritzia partekatzeko. Baina adi, honakoa ez baita dena jarraian irensteko produktu bat, astiro murtxikatu eta gozatzeko zerbait baizik. Scorsesek eta Lebowitzek beren aldetik dena jartzen dute gure gizarteko eztabaidarik aberats eta bizienetako batzuei buruz gure pentsaera propioa garatzeko, beraz, aprobetxatu.

 

3- ‘Summer of Soul’

Disney +

Udako eta gerora urteko estreinaldi garrantzitsuetako bat izan da zalantza izpirik gabe. Ia zaratarik atera gabe estreinatu ostean, mundu mailako kritikarien eta ikusleen iritzi positibo guztiak bereganatzea lortu du. Gozamen hutsa, ikuskizun aparta iruditu zait.  1969an Estatu Batuetan ospatu zen Harlem Cultural Festival ospetsua aztertzen duen dokumentala. Bertan Stevie Wonder, Mahalia Jackson, Nina Simone, Sly and the Family Stone, B. B. King edota Gladys Knight and the Pips ikus zitezkeen besteak beste. Bertan, afroamerikar kultura eta musika omentzeaz gain, 'Black pride' eta arraza bereko pertsonen arteko batasuna ere sustatu zituzten. Aurtengo Sundance jaialdian dokumental onenaren eta ikuslearen sariak eskuratu dituen ikuskizun aparta gomendatu nahi dizut.

Dokumental musik soil bat baino askoz ere gehiago da. Ez da Harlem Cultural Festival jaialdian izan ziren emanaldi itzelak errepasatzeko kontzertu sorta bat soilik, komunitate beltza bizitzen ari zena era miresgarrian islatzen duen ezinbesteko proposamena baizik. M. L. King eta Kennedy presidentearen hilketa, aurrekaririk gabeko errepresioa eta Vietnamgo gerra testuinguruaren erdigunean kokatzen diren bitartean. Ia emanaldi guztiak apartak dira, baina beharbada, filmak erakusten duen ikuskizunik handiena, aipaturiko gaia eta testuinguruaz gain, kontzertuetako ikusle zabal eta askotarikoen artean dago, harribitxi bilakatzen diren irudiak ikusiko dituzu.

 

2- ‘The Rescue’

National Geographic Films

Etxeko leihoak ireki, burua kanpora atera eta sakonki arnastu; hori da dokumental hau ikusten duzunean egin nahiko duzun lehenengo gauza. Urak hartutako kobazulo batean harrapatuta, Thailandiako 12 nerabeen eta futbol-entrenatzailearen 2018ko erreskate dramatikoa erretratatzen duen dokumental gordina baita. Kasu harrigarri honen aitzakiaz, era paregabean erakusten dute zuzendariek, haitzuloetako urpekaritzaren mundu arriskutsua, erreskatatzaileen ausardia eta komunitate oso baten dedikazioa nolakoa den. Mundu mailako kasu mediatikoa bilakatu zen arren, aski ezaguna,  inoiz ikusi ez diren irudiak erakusten dizkigu lan honek, klaustrofobikoak eta itogarriak. Zama emozional handia duen lana da, hunkigarria.

 

1- 'Bo Burnham: Inside'

Netflix

Covid-19aren pandemiaren etorrerak, eta bereziki konfinamenduak, sortzaile askok euren ohiturak aldatzearekin batera, hauen lana berrasmatzera bultzatu du. Hori da 30 urteko Bo Burnham umoregile, musikari, aktore eta zinemagile estatubatuarrak ikus-entzunezko sailkaezin baina zoragarri honekin egin duena.

Dena den, ‘Bo Burnham: Inside’ konfinamenduan jaio den ikus-entzunezkorik onena zergatik den azaldu aurretik, Bo Burnham nor den azaldu behar dut. 2006an, Burnhamek bi abesti grabatu zituen bere kabuz eta YouTuben zintzilikatu zituen familiarekin partekatzeko. Berehala egin ziren ezagun eta biralizatzen hasi ziren. Ikustaldi kopurua igo ahala, eta jarraitzaileak lortu, bakarka,  gitarra edo piano digitalaren laguntzaz, Burnhamek "komedia musikal pubeszentea" izeneko abestiak eta bideoak kaleratzen jarraitu zuen.

The Boston Globe egunkariaren hitzetan "aldi berean osasuntsu eta aztoratzaile, intimoa, erokeria moduko batean nabigatzen duena", Burnhamek supremazismo zuriari, ezintasunei, Helen Kellerren homosexualitateari eta gai askori buruzko abestiak idatzi eta kaleratu zituen. Bideo guztiak etxean egin zituen. Burnham-en emanaldiek arraza, generoa, giza sexualitatea, sexua eta erlijioa bezalako gaiak jorratzen dituzte. YouTubeko lehen izarretako bat kontsideratu daiteke beraz. Arrakasta horri esker, 2008an Londresen, Comedy Central-eko The World Stands Up taldearen emanaldi batean parte hartu zuen eta lau diskoko kontratu bat sinatu zuen Comedy Central Records-ekin. Hortik antzokietako biren mundura jauzi egin zuen , telesailetara (Zach Stone Is Gonna Be Famous sortu zuen) eta baita zinemara ere (Eight Grade zuzendu du adibidez). Bere ideiak hain dira harrigarriak eta originalak, Chris Rock edo Jerrod Carmichael bezalako artistek kontratatu zutela bere stand-up showak zuzentzeko. Bere komedia estilo bereziak letra sarkastikoz betetako abestiekin uztartuz, eta teknikoki guztia muturreraino zukutzeko gaitasuna eta talentua duela erakutsiz, figura berdingabe batean bilakatu duten arte.

Tira, umoregile hau apur bat hobeto ezagutu ostean, murgil gaitezen Netflixerako estreinatu berri duen Inside saio berezi-sailkaezin honetan.Arrazoi du saioaren hasieran,  "Ongi etorri dena delako honetara" dioenean, ordu eta erdiko metrajearen ondoren, benetan zaila delako genero batekin etiketatzea, baita diziplina batekin ere; Stand-up Comedy-aren kutsua duen performance abangoardista? bideo-klip sorta zirikatzailea? Itxialdian egindako ikus-entzunezko sailkaezina? Argi daukadan gauza bakarra, harribitxi bat dela da, hasieran esan dudan moduan konfinamenduan jaio den obrarik pertsonalena, bereziena eta ziurrenik onena. Ikus-entzunezko saiakera bat da, ondoa jo dugunean umoreak jokatzen duen (jokatu duen eta jokatuko duen) rolari buruzkoa, komediak beti dramarekin izango duen harreman delikatuari buruzkoa, eta barreak beti negarrarekin izango duena.

Itxialdiari buruzko hausnarketa bat da, barregarria eta itogarria aldi berean. Burnham gazte zuri, hetero eta pribilegiatuaren lekuan kokatzen da, autoparodiatzeko,  zuzentasun politikoaren, sare sozialen eztandaren eta batez ere une oro eta etengabe iritzia emateko tentazioaren garaian (Jeff Bezosen aholkuei iseka egiten dien, sexting-a, sare sozialak, lan-esplotazioa, paranoia, bakardadeak sortzen dituen miseriak, traumak edota lagunen seme-alabak sartzen ditu hasieratik jokoan). Netflixeko ikuskizun honetan oso presente dago hasieratik erabateko bakardadean 30 urte betetzen dituen gizon baten osasun mentalaren haustura, "Mundua amaitzen den bitartean". Era berean, fobia eta izu une horiek, kantu burutsuetan islatzen saiatzen da, ekoizpenak irauten dituen ia 90 minutuetan ikuskizunaren maila inoiz jaisten ez dutenak. Hain arrakastatsua izan da sortu duen abesti zerrenda, laster disko bat aterako. Spotify-en ere entzungai dauzkazue abestiak. ia 3 milioiko entzunaldiak lortu dituzte https://open.spotify.com/album/1e5OlE0EY5fucq6GIU1xi3?si=kUXmm3wXR92J6StxOUqEpw&dl_branch=1

Mezu zorrotz, probokatzaile eta zirikatzaile horien artean eta ia guztia berak bakarrik sortu duen arren, oso deigarria iruditu zait lanak duen faktura teknikoa. Argien erabilera adibidez bikaina da, harrigarria da hain elementu gutxirekin zer nolako gaitasuna erakusten duen argiarekin jolasteko eta sekuentzia desberdinak sortzeko. Musika eta letrak ere bikaintasun maila nabarmenekoak dira eta nola ez  gela horren erabilera izugarria iruditu zait.

Stand-up Comedy-a gustuko izan ala ez, eta nahiz eta formatua bera deigarria ez iruditu, biziki gomendatzen dizut harribitxi honi aukera bat ematea. Garai tristeenetan dibertigarria izaten saiatzeari buruzko obra indartsu bat delako, intimoa, sarkastikoa, ausarta eta batez ere oso zintzoa.

Pd: Bo Burnham-en estiloa, Euskal Herrira moldatu beharko banu,  Gartxot Unsain imajinatzen dut argi eta garbi.