Badator Zurrunbilo, euskal arte eszenikoen jaialdia

Badator Zurrunbilo, euskal arte eszenikoen jaialdia Kukai, Atx eta Huts Teatroaren lanak ikusi nahi dituzu? Orduan zita duzu datorren astean, Gasteizko Oihaneder eta Baratza aretoan. Apuntatu: apirilaren 19tik 22ra! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-zurrunbilo-euskal-arte-eszenikoen-jaialdia/@@download/image/1521484048_zurrunbilo-baratza-2018.jpg
2018/04/12
berria
Kukai, Atx eta Huts Teatroaren lanak ikusi nahi dituzu? Orduan zita duzu datorren astean, Gasteizko Oihaneder eta Baratza aretoan. Apuntatu: apirilaren 19tik 22ra!

Euskarazko antzerki berri gosez dauden ikusle eta sortzaileak zorioneko daude. Hilaren 19tik 22ra bueltan da Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia, hirugarrenez, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Baratza aretoa topaleku izango dituena.

Bat-bateko antzerki norgehiagoka bizi batekin emango diote hasiera jaialdiari, hilaren 19an, 21:30ean, Oihanederren. Jose Teran aktorearen gidaritzapean, bat-bateko tekniken inguruko ikastaroa egiten ari diren 15 lagunen emaitza ikusi ahal izango da. Bi taldetan banatuta,  istorioak sortu eta horietan inprobisatzeko gaitasuna erakutsiko dute aktoreek. 

Dantza eta zinema batzen dituen formatu berezi batekin helduko da Kukai taldea Baratzara, hilaren 20an. Pablo Iraburuk eta Iñaki Alforjak sortutako film dokumentala oinarri, hiru dantzarik Oskara ikuskizuneko hainbat pasarte taularatuko dituzte. Ikuskizunaren sormen prozesua da lan honen abiapuntua, eta identitatea gogoetarako gai nagusia. Kukairen ostean, Monstrenko kolektiboa helduko da. Maitasunaren sugarrean biran arituko dira Itziar Rekalde eta Eñaut Armentia. Sugarrak bizirik iraun dezan egindako lanak eta estrategiak gerturatuko dituzte Maitasunezko istorio bi eta marko teoriko bakarra lanean.

Errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen lana aurkeztuko du hurrengo egunean, hilaren 21ean, 20:00etan, Atx Teatroa taldeak. Indarkeria matxista ardatz duen  bakarkako ikuskizuna eskainiko du Iñaki Ziarrusta aktoreak.

 

Hozkailu bat protagonista

Huts Teatroak Hozkailua antzezlana emango du igandean, hilaren 22an, 19:00etan, Baratzan. Maite, Karlos eta hozkailu bat dira protagonistak, eta batetik bestera ibiliko dira zeregin xelebre samar batekin: Jimmy lagunaren gorpuari lur ematea. Unai Iturriagak idatzi, Manex Fuschek zuzendu, eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia izango dira aktore lanetan.

Ibon RG-ren kontzertuarekin emango diote amaiera; bakarlari gisa, ahots hutsezko esperimentazioak egiten ditu, inprobisaziotik abiatuta. Animatu!