Babylondon

Babylondon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/babylondon/@@download/image/63p24-1_1365629475.jpg
2006/05/05
erreportajea
Aritz Sound System
Babylondon
Gauza asko esan eta idatzi dira Londresi buruz: hango eraikinak, historia, moda korronteak,  musika mugimenduak direla eta ez direla… lerro hauetan, betiko topikoak alde batera utzi, eta ez ohiko zirrikitu batetik begiratuko diogu Ingalaterrako hiriburuari: musika beltzaren erritmopean hurbilduko gara Big Ben-ek zaindutako hiriburura. Bai, adiskideok: opor musikalak egiteko garaia lekua ezinhobea da Londres.

Londres historia luzeko hiria da. Jamaikar etorkinek Babylondon deitzen zuten, rasta erlijioaren jarraitzaileentzako, Babylon (Babilonia), munduko gauza txar guztiak batzen dituen lekua delako (infernuaren antzekoa).

Egia esan, erlijioaren ikuspegitik begiratuta, Londresek bide "zuzenetik" desbideratzeko tentazio guztiak eskaintzen dizkigu. Hori bai, hiri horretan, soilik poltsikoa diruz gainezka dutenak desbidera daitezke. Aspaldi ibaiaren korrontea jarraitzeari utzi genion gizarajook eroso senti gaitezke horrelako hiri batean, eta zer esanik ez musikazaleak izanez gero (infernuan sartzeko ezinbesteko baldintza). Etorri nahi?

Historia laburra

Historia liburu gehienetan halakorik aipatzen ez den arren, Ingalaterrak indarrez menperatutako herriak ustiatuz aberastutako hiria da Londres. "Britainiar inperioa" delako horrek ahalik eta herri gehien odolustu zituen, herri horien aberastasun guztiak lapurtuz.

Londres hiri ederra da, bai; gizakien sufrimenduaren gainean eraikitako hiri eder eta boteretsua. Ustiatutako herrietako biztanle askok Ingalaterrara joan behar izan zuten ogi bila, eta haietako asko, Londresen aurkitu zuten lana. Lan-baldintzak penagarriak ziren: ghettoetan pilatuta, hamabi orduko lanegun amaigabeak eginez, soldata lotsagarri baten truke….

Gaur egun egoera zerbait aldatu da, baina hala ere, eraikin ikusgarrien itzalean nonahi topatuko ditugu miseriaren aztarnak. Gure ustez, etorkinak dira Londresek lotsagabeki erakusten duen aberastasunaren sortzaile nagusiak. Izan ere, etorkinak lanesku merkea izan dira era guztietako aprobetxategientzat, baina horrez gain, beren jaioterrietako ohiturak eta kultura ekarri dituzte hirira.

Hala, urteak joan eta etorri, ez da harritzekoa Londresera heldutako kultura guztien batuketak aberastasun izugarria sortu izana (ez soilik materiala). Londresen, errazagoa omen da munduko edozein kulturatako pertsonak aurkitzea, ingeles bat topatzea baino.

Musikazaleon paradisua

Besteak beste, Karibeko hainbat irla ustiatu zituzten ingelesek. 50eko hamarkada amaieran, industrializazio basatiaren garaian, Karibeko irletatik milaka etorkin heldu ziren Londresera lan bila. Etorkin haiek Notting Hill zonaldean kokatu ziren, eta Karibeko inauterietako ohiturak bizirik mantentzen saiatu ziren.

Hasieran, steel bands edo metalezko perkusioekin osatutako taldeak aritzen ziren soilik, soca eta calypso erritmoen harira. Perkusiolariak orga handi batzuen gainean aritzen ziren, eta atzetik, jantzi koloretsu eta distiratsuekin, deabruak bereganatutako dantzari taldeak ibiltzen ziren.

70eko hamarkadan, jamaikar etorkinak iristearekin batera, ska eta reggae doinuak indarra hartzen joan ziren Londresen. Hala, ibilbidea osatzen zuten orgekin batera, perretxikoak bezala ugaritu ziren leku finkotan kokatutako sound systemak.

Sound system haiek soinu ekipo erraldoiekin egiten ziren, bi pisutako garaiera zuten bafle dorreak baliatuz, musikari indarra emateko. Musika aukeratzen zuen "hautatzailearekin" batera, mikroa eskutan, jendea zirikatu eta animatzen zuen Dj edo toasterra aritzen zen.

Mezuak eta aldarrikapenak

Ondo pasatzeko aukera emateaz gain, musika mezuak eta aldarrikapenak zabaltzeko tresna aproposa da, eta halaxe izan ziren sound system haiek ere. Hori dela eta, istilu ugari izan ziren poliziarekin, eta urte batzuetan, hildakoak ere izan ziren poliziarekin izandako borroken ondorioz.

Urteekin, aldarrikapen kutsu hura galtzen joan da, eta gaur egun, festa da nagusi. Inauteriak izaten diren egunetan, milaka lagun gerturatzen dira Notting Hillera, eta inauteriak abuztuaren azken asteburuan egiten direnez, turistentzako gune bilakatu da.

Musikari dagokionez, gaur egun Karibeko etorkinen ondorengo belaunaldiak elkartu dira: perkusio erritmo tradizionaletatik hasi, reggaeren barruko estilo ugariekin jarraitu (gazteenak ragga eta dancehall doinuekin zoratzen dira), eta urban music edo hiriko musika delako horretara -rap, funk, soul eta doinu elektronikoak (jungle, drum&bass;, house, broken beats…)- heldu arte. Egun argiz musika beltzarekin gozatzeko aukera paregabea da, benetan.

Dena ez da Notting Hill

Notting Hilleko inauteriarena adibidea besterik ez da. Musika beltzaren zaletuak garenontzat, bizitzan behin gutxienez, ikusi beharreko ikuskizuna da hura. Dena den, Londresek nahi adina aukera eskaintzen ditu musikaren alorrean.

Zuzeneko emanaldiak gustuko badituzu, taberna edo pub gehienetan aurkituko dituzu taldeen kontzertuak, eta ez soilik asteburuan. Taberna askotan, ia egunero antolatzen dituzte emanaldiak, dohainik eta hainbat musika estilorekin. Hori bai, egarri bazara, hobe duzu aretoan sartu aurretik eztarria ondo bustitzea; bestela, garesti aterako zaizu. Taberna giroaz gain, festa ugari antolatzen dira (legezkoak eta legez kanpokoak), eta horietako asko ikusgarriak dira, festa beragatik baino, festa egiteko aukeratu den egoitzak eraginda (erortzear dauden fabrika zaharrak, elizak… eta abar).

Baita etxean ere

Ateratzeko gogorik ez baduzu, etxean bertan, musikarekin gozatzeko aukera ugari duzu irratia piztuz gero. Izugarria da "legezko" irratien eta irrati "piraten" eskaintza. Musika estiloetan espezializatutako irrati asko dago, eta baita oso maila oneko irratsaio eta esatariak ere (Gilles Peterson, Norman Jay,  Rodigan... eta abar). Zorionez, gaur egun irratsaio eta esatari hauetako asko entzun ditzakegu internetez.

Bestalde, diskoak erosten dituen zoro burugabe horietako bat bazara, eskaintza paregabea duzu Londresen (biniloan eta cd-an). Londres erdialdean, munduko disko denda kate garrantzitsuenak topatuko dituzu (Virgin, Borders, HMV), eta horietan musika industria boteretsuak kaleratutako eta zabaldutako musika gehiena topatuko duzu.

Gauza bereziak eta merkeago nahi badituzu, hiri osoan denda txikiak topatuko dituzu. Denda gehienetan cd-a eta biniloa eskaintzen dute, eta pazientziaz begiratuta, urteetan bilatutako altxorra aurkituko duzu. Musika denda asko —baita bigarren eskukoak ere—. Sohon daude, Berwick Street eta inguruko kaleetan. Londres erdialdean. Tentagarria ezta?

GOMENDIO PRAKTIKOAK



Nola iritsiErraza da Londresera joatea. Garraiobide guztien artean aukera dezakezu, baina guk hegazkina erabiltzea gomendatuko genizuke. Azkarra, merkea eta erosoa da.

Bilbotik abiatuta, Easyjet enpresak oso prezio interesgarriak ditu.  Aldiz, Biarritzetik abiatuz gero, Ryanair da merkeena. Aldez aurretik eta denboraz hartuz gero, hegazkin txartela oso merke atera dakizuke. Hegazkina baldintza onetan egotea besterik ez da falta. Zorte on.

IritsitakoanBidaia ordu eta erdikoa da, eta Londresera iristerakoan, erlojua ordubete atzeratu behar da. Arestian aipatu ditugun bidaia agentziak aukeratzen badituzu, Stanted-eko aireportuan utziko zaituzte (beste batzuk Heathrow-era heltzen dira, hiritik gertuago).

Beraz, Stanted-ko aireportutik, trena edo autobusa hartu beharko duzu Londresera joateko. Trena azkarragoa da, baina oso garestia. Aldiz, autobusa prezio erdian aterako zaizu (Terravision konpainian, adibidez, Liverpool Street-era 7 libra dira eta Victoria Stationera 8 libra). Trenez joanda baino hamar minutu gehiago besterik ez duzu beharko zentrora iristeko.

Londresen mugitzeko
Behin aipatu lekuetara iritsita, autobus eta tren (metro) sare zabala duzu Londresen batetik bestera ibiltzeko. Londres gune edo zonetan banatua dago, eta zentroa lehenengo bi zonek osatzen dute. Aste osorako Travelcard txartela ateratzen baduzu, nahi adina tren eta autobus hartu ahal izango dituzu astebetean (autobusetan txartelik gabe bidaiatzea nahiko erraza izaten da).

Time out aldizkariaHiriak eskaintzen duenaz informatuta egoteko, Time Out aldizkaria aholkatzen dizuegu, agenda bikaina du eta. Portobello eta Candem Town-eko merkatuak ikusgarriak dira. Gogoratu euroak ez duela baliorik Londresen, eta librak beharko dituzula (asko, gainera: gauzak hemen baino garestiago daude!). Korrika eta presaka egindako “gida” hau nahikoa izango ez denez, interneten eskura duzu erabateko informazio gaindosia. Ondo ibili