Babelmusik, doinu eskaintza anitza

Babelmusik, doinu eskaintza anitza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/babelmusik-doinu-eskaintza-anitza/@@download/image/70p12_1364254410.jpg
2007/01/05
erreportajea
Gaztezulo
Babelmusik, doinu eskaintza anitza
Diskoetxeen krisi globalari muzin eginez, Bizkaiko Galdakao herrian zigilu berria sortu dute oraintsu: Babel Musik. Zigiluko arduradunek gogor ekin diote diskoak argitaratzeari. Dagoeneko sei lan kaleratu dituzte. Aipatu grabazioak hainbat estilotakoak dira; izan ere, zigiluaren ezaugarri nagusienetako bat “musika kolore guztietako katalogoa” eratzea da.

Babelek argitaratutako lehenengo lana Mungiako Pog-Mo-Thon rock bandaren bigarrena izan da: “Itzalitako argi bakoitzeko”. Boskote gazteak metal kutsuko rock gogorra jorratzen du, eta grabazioa Alan Douches teknikariak masterizatu du New Yorken. Pog-Mo-Thonen azken lanak harrera ona izan du, doinu gogorrak maite dituztenen artean.

Harrobi taldearen “Moai” diskoa da bigarren lana. Hirukotea Arratia aldetik dator, eta pop-rock esparruko kanta eztiak bildu ditu euren estreinaldian. 60ko eta 70eko pop britaniarraren eragina nabari zaie.

Pop-rocka alde batera utzi eta elektronikan murgilduz, Babel Musik-ek Axular disko jartzailearen “Axular 3.0” lana karrikaratu du. Gipuzkoarrak dantzarako fusio aproposa prestatu du: elektronika, erritmo tribalak eta Euskal Herriko folklorea dira, besteak beste, salda dantzagarri horren osagaiak. Axularrek naturaltasun osoz uztartzen ditu techno erritmoak eta txalaparta eta alboka. Diskoa etno-beat musika estiloaren barruan dagoela esan daiteke.

Labetik atera berriak

Bizkaitar kementsu hauek beste hiru disko kaleratu berri dituzte: Gozategiren “Goztgi.com”, Txato Plato bandaren “Bi Potroaz” eta Luhartz taldearen “Nahas Mahas”.

Sei urte igaro dira Gozategik azken diskoa atera zuenetik. Taldea, ordea, ez da geldirik egon, eta denbora hori jotzen eta kanta berriak idazten eman dute. “Goztgi.com” diskoan, Oriokoek betiko formulari eutsi diote, trikia eta kritika uztartzeari, alegia. Garate estudioetan grabatu dute, eta hitz zorrotzekin josiriko kanta dantzagarriak ditu. Grabazioan, Axularren, Julio Andraderen eta David Gorospe zarauztarraren laguntza izan dute.     

Bukatzeko, Txato Plato markinarrek punk eta ska doinu bihurriak bildu dituzte “Bi Potroaz” izenburuko estreinako lanean, eta Luhartz folk bandak kalean du jada “Nahas Mahasean” izeneko diskoa. Krisi garai latzetan ere, aurrera Babel Musik eta antzekoak!