Axut! eta Artedrama konpainiek 'Hondamendia' antzezlana estreinatuko dute bihar Luhuson

Axut! eta Artedrama konpainiek 'Hondamendia' antzezlana estreinatuko dute bihar Luhuson Zaldibarko zabortegian gertatutakoa eta pandemiak eragindako aldaketak ditu oinarri obrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/axut-eta-artedrama-konpainiek-hondamendia-antzezlana-estreinatuko-dute-bihar-luhuson/@@download/image/HONDAMENDIA.jpg
2022/10/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zaldibarko zabortegian gertatutakoa eta pandemiak eragindako aldaketak ditu oinarri obrak.
Axut! eta Artedrama konpainiek 'Hondamendia' antzezlana estreinatuko dute bihar Luhuson

Ximun Fuchsek zuzendu eta Harkaitz Canok idatzitako Hondamendia antzezlanaren lehen emanaldi publikoa egingo dute bihar Luhusoko Harri Xuri aretoan. Antzezlanaren sinopsian galdera hau planteatzen da: "Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina zer metafora da kiratsa darion hau?".  

Fuchs-ek azaldu duenez, "ikuskizunaren ardatza pentsaeraren ibilbidea agerian uztea izango da: kontraesanak, esaten dena, egiten dena eta nahi dena. Erronka pertsonaien barne-munduan kokatzen da. Erbesteratuak bezala, pertsonaiak gailu-konektatuen bidez komunikatzen dira beraien artean, norberak bere arrangurak, dudak eta ikaragarrizko presioa ezin zuzenean partekatuz. Espazio berezi horretan, iragana eta orainaldia gurutzatuko dira".

Pertsona arrunt batzuek kontatuko dute mundua ikusten eta bizitzen duten bezala: "Enfasirik gabe, edonork egin lezakeen bezala: aita edo ama batek, seme, senide edo lagun batek, eskua luzatu eta haria tiratuko du egia baten bila. Norberak bere lekutik, jokoan dagoena haiek baino askoz handiagoa izan arren. Eskukada horiek emango dute etorkizuna irudikatzeko ahalmena, norbanakoari eta giza talde honi".  

Fusch-en hitzetan, "pertsonaiak bata bestea gabe ez dira ezer, eta pareta digital guztien gainetik haien arteko maitasuna eta zintzotasuna ureztatzen pasako dute antzezlana". Proposamen garaikidea dela azpimarratu du zuzendariak, "beti ere familien intimitatean bizirauten duten amesgaiztoak ahaztu gabe, umorea ikusaraziz eta samurtasuna entzunez". Ikuskizunak zeharka promesaz hitz egiten duela nabarmendu du, "gure haurrei egiten diegun promesa eta gure gurasoek bete ezin izan dutena: mundu hobeago baten promesa.

Oholtzan Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimerá, Eneko Gil, Ane Sagues, eta Jon Ander Urresti arituko dira aktore lanetan. 

Estreinaldiaren ondoren, hainbat hitzordu
Bihar Luhuson lehen emanaldia egin ondotik, birari ekingo diote. Antzezlana ikusteko hurrengo aukerak hauek izango dira: urriaren 16an, Markina-Xemeinen; urriaren 21etik 23ra eta 28tik 30era, Donostian; azaroaren 1ean, Eibarren; azaroaren 6an, Arrasaten; azaroaren 10ean, Larresoron; azaroaren 18an, Hendaian; azaroaren 20an, Bilbon; azaroaren 22an, Hernanin; azaroaren 24an, Santurtzin; azaroaren 27an, Lesakan; abenduaren 2an, Zarautzen; abenduaren 3an, Gernikan; eta abenduaren 11n, Leitzan.