Sare sozialetan euskaraz aritzen diren Euskal Herriko negozio jarduerak

Sare sozialetan euskaraz aritzen diren Euskal Herriko negozio jarduerak Askotariko produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa-sortzaileak daude sareetan, haien lanaren berri zabaltzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sare-sozialetan-euskaraz-aritzen-diren-euskal-herriko-negozio-jarduerak/@@download/image/Black White Grayscale Portfolio Presentation.png
2025/11/24

Testua: Maitane Legarreta

Askotariko produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa-sortzaileak daude sareetan, haien lanaren berri zabaltzen.
Sare sozialetan euskaraz aritzen diren Euskal Herriko negozio jarduerak

Norbanakoak ez ezik, negozio txikiek zein handixeagoek sare sozialak erabiltzen dituzte haien jarduera edo zerbitzuak ezagutarazi eta egiten duten lana erakusteko. Gaur egun, erakusleiho modura funtzionatzen dute sareek eta norbere kokapenetik haratago zabaltzeko balio izaten dute.

Badira sare sozialetan euskaraz aritzen diren zenbait negozio berezi, eta horietako batzuk ekarri dizkizugu hona:

  • Amaia Izar
    Iruñeko Amaia Irizarrek homestaging-a egiten du. Zer den hori? Bada, etxea saldu ahal izateko, hari itxura erakargarriagoa emateko balio duen teknika multzoa. Irizarrek aipatu izan duenez, etxe hutsek txikiagoak dirudite, eta erosteko interesa izan dezaketenei, dekorazioaren bidez, etxeak duen potentziala erakustea izaten da kontua. Horretarako hainbat baliabide erabiltzen ditu: altzari zaharrak kendu eta biltegian dituen beste batzuk jarri, garbitu eta txukundu, margotu, zoru binilikoa jarri... Ez du obrarik egiten, eta gutxi gorabehera 800 eta 4.000 euro arteko aurrekontuak izaten ditu zazpi-hamar egunean aldaketa egiteko. Etxea erakutsi eta saldutakoan, eraman egiten ditu jarritako gauzak, hurrengo proiektuetan erabili ahal izateko.

  • Oritz Barrenetxea, Byoribs
    Eguberriak ate-joka ditugu eta zuetako asko ingurukoei zer oparitu pentsatzen arituko zarate. Bada, Oritz Barrenetxea gazteak    opari bereziak eta pertsonalizatuak sortzen ditu. Esate baterako, honako edukiak izan ditzakeen aldizkaria: letra zopak, gurutzegramak, argazkiak, testuak, abestiak... Egutegiak, liburuxkak eta kromo-albumak ere sortzen ditu. 

  • Valverde lurrindegia
    Azpeitiko Valverde drogeria eta lurrindegiak bideo asko partekatzen ditu TikToken. Dendako hainbat produktu erakusten ditu, gomendioak egin, iritzia eman, hausnarketaren bat partekatu... Freskotasun pixka bat eta azpeitiar hizkera ere izaten dira bideoen osagaietan. Lurrinen inguruko informazioa jaso eta aholkurik behar izanez gero, kontu hau jarraitzea komeni zaizu.

  • R_belde
    Euskal Herrian eskuz egindako askotariko produktuak topatuko dituzu kontu honetan: diru-zorroak, giltzatakoak, turbanteak,  poltsak, lepokoak, topak, mantak... Nobedadeen eta azoken inguruko informazioa jasoko duzu, eskaeren inguruko berriak, eta produktuak ikusteko aukera ere bada.

  • Trakamatraka
    Sormenak egunerokotasuna arte bihur dezakeela gogoraraziko dizute kontu honetan. Inguruko objektuekin instrumentuak nola egin ikasi ahal izango duzu bideoen bitartez. Jakin-mina eta irudimena landu eta egunerokotasuna musikaz betetzeko gonbita egiten du. Horretaz gain, kale ikuskizunak, tallerrak eta saioak ere eskaintzen ditu.