Gazteen osasun mentala zaintzeko doako zerbitzu integrala jarri dute martxan Bartzelonan
Bartzelonako Udalak nerabe eta gazteen osasun mentalarekin lotutako EstarB zerbitzu integrala jarri du martxan. Aurrez eskaintzen ziren Aquí t'escoltem eta Konsulta'm zerbitzuak barne hartzen ditu, gazteek osasun mentalarekin lotutako sarbide bakarra izan dezaten.
Doako zerbitzu honek 12 eta 25 urte arteko nerabe eta gazteei laguntza psikologikoa eta emozionala eskaintzen die. Horretaz gain, 12 eta 20 urte arteko seme-alabak dituzten familiei edo nerabe eta gazteekin lan egiten duten profesionalei babesa eta baliabideak ere ematen dizkiete doan.
Gazteei begira, hitzordua hartuta edo hartu gabe, haien zalantzak, ezinegonak edo bestelakoak entzuteko norbait izatea bermatzen dute, zer gertatzen zaien eta zer egin dezaketen jakin dezaten. Behar izanez gero, psikologoekin saioak egin ditzakete, kosturik gabe. Bestetik, laguntza jakinagoa edo zehatzagoa behar izanez gero, behar den zerbitzura lagundu eta kontua bideratzen dute.
Nerabeen gurasoak ere artatzen dituzte, haien seme-alabei gertatzen zaiena ulertzen laguntzeko eta haien bidelagun izateko moduak bilatze aldera. Hitzaldiak eta tailerrak antolatzen dituzte, eta gurasoentzako babes taldeak ere badituzte, elkarrekin partekatu eta elkarrengandik ikasteko. Zerbitzu jakinetara ere bideratzen dituzte, behar izanez gero.

Gaztetxoekin lan egiten duten profesionalei dagokienez, aldiz, formazio saioak, hausnarketarako espazioak, gazte eta familientzako jarduera katalogoak, eta gazteei laguntzeko babes eta kudeaketa lanetan laguntzeko zerbitzua dute.
Horretaz guztiaz gain, zerbitzu honen bitartez hirian zabaltzea dute xede. Hogeita bat kokaleku dituzte hirian zehar, barruti bakoitzeko bat gutxienez, eta horren bitartez "sarbidea errazagoa" izatea lortu nahi dute, "estigmatizazioa gutxitzeko".
Zerbitzuaren antolamendua hobetzeko, aurrekontua ere handitu egin dute. Lehen 831.079 euro bideratzen zituzten, eta orain 1.254.224 euro izango dira. Hala, asteko banakako arreta orduak 213 ordu izatetik, 304 ordu izatera igaroko dira. Horretaz gain, adin-tartea ere zabaldu dute, 12tik 25era bitartekoa izango baita.
2023an Aquí t'escoltem zerbitzuak 27.312 artatze egin zituen, 21.488 taldekakoak, 3.000 banakakoak, eta 183 profesionalei egindakoak. Konsulta'm zerbitzuak, berriz, 3.155 artatze izan zituen.
