Autoa... ahalik eta gutxien

Autoa... ahalik eta gutxien https://www.gaztezulo.eus/albisteak/autoa-ahalik-eta-gutxien/@@download/image/55p50-1_1366375254.jpg
2005/09/02
erreportajea
Nora Gurrutxaga Insausti
Irailaren 22an "Autorik Gabeko Eguna" egingo da Europako hainbat herrialdetan. Egun horren bitartez, biztanlegoa sentsibilizatu nahi da autoa gutxiago erabil dezan.

Autoa gehiegi erabiltzeak dakartzan arazoei aurre egiteko, Europako hiri eta herrialde askotan beste garraio alternatiba batzuk bultzatzen ari dira: garraio publikoa,  oinez egitea, bizikleta… mugikortasun iraunkorra sustatzeko politika hauen barruan, "Autorik Gabeko Eguna" antolatu ohi da urtero.

Ongizatearen gizartean, mugikortasunarena ezinbesteko kontua da. Horrek zer esan nahi duen? Hainbat aukera eskaini behar zaizkiola jendeari, batetik bestera, erraz mugitu ahal izateko. Beraz, beste hamaika alorretan egiten den bezalaxe -kultura, merkataritza, hezkuntza, zerbitzuak, etxebizitza, gizarte ekintzak eta abar-, hainbat azpiegitura eraiki eta hainbat programa sustatu behar dira mugikortasuna bermatzeko.

Garai batean, autoa gaur egun baino askoz gutxiago erabiltzen zen bai hirian, baita landa-eremuetan ere. Egun erabat kontrakoa gertatzen da, eta ondo ezagutzen ditugu horren ondorioak: hiriak kolapsatuta geratzen dira auto-ilaren eraginez, istripu ugari gertatzen dira errepideetan… Hori dela eta, Europako Batasunak oinez egitea, bizikletaz ibiltzea, eta garraio publikoak erabiltzea bulzatu nahi du.

Eta Euskal Herrian zer?

Euskal Herriak ere Europako bidea jarraitu behar du, autoari muga jarriaz. Baina horretarako, nolako gizartea nahi dugun aztertu behar da lehenik, eta herriari galdetu behar zaio nolako mugikortasun eredua nahi duen datozen urteetarako.
Aitzitik, autoa asko erabiltzen dela ikusita, gure agintariak gero eta errepide gehiago egiten ari dira, baina aldi berean, trena aipatzen dute garapen iraunkorraren eredu gisa. Dena den, orain arte, eragile sozialei ez zaie galdetu ere egin zein trenbide mota nahi den. Kontuan izan behar da Euskal Herriko trenbide sistema oso desegokia dela, bai pertsonak eramateko, baita merkantziak garraiatzeko ere. Horrexegatik, Euskal Herrian etorkizuneko trenbide-sarea diseinatzeko orduan, hainbat elementu hartu behar lirateke kontuan: garraio publikoan batetik bestera erraz mugitu ahal izatea, biztanlegoari batetik bestera ibili beharra gutxitzeko neurriak aztertzea, trenbideak pertsonak eta merkantziak garraiatzeko egokitzea, egungo trenbide askoren segurtasuna hobetzea, trenbideak diseinatzerakoan gure berezitasun geografiko eta geomorfologikoak kontuan hartzea, sektore edo alorren arteko koordinazioa bultzatzea mugikortasuna errazteko… eta abar.

Nolako bizimodua?

Mugikortasunaren kontzeptua hainbat alderditatik aztertu behar da. "Tokian tokiko Agenda 21" da azterketa hori egiteko lantresna edo prozesuetako bat
Prozesu horren barruan, elkarri eragiten dioten alderdi guztiak ikertzen dira.
Batetik, era guztietako baliabideak aurreztu beharra (energia, lurra, eta baita baliabide ekonomikoak ere), eta ingurumenaren kalitatea hobetu beharra (airea, zarata...) azpimarratzen da. Dena den, hori erabat lotuta dago gizarte ereduarekin, eta eredu horrek biztanlegoari dakarzkion ondorioekin (estresa, bizimodu sedentarioaren ondorioak, hiriguneek giza-kutsua galtzea, auto istripuak eta abar).

Beraz, galdera hor dago: nolako bizimodua nahi dugu? Badirudi gure gizartea kontrako bidea hartzen ari dela: garapen iraunkorra sustatu beharrean, garapen kontsumistaren bidea nahiago dugula, alegia.

Autorik gabeko eguna

"Autorik Gabeko Eguna"ren bitartez, autoa ahalik eta gutxien erabil dezagun eskatzen zaigu, eta bide batez, garraiobide alternatiboen, bizikleta, adibibidez, alde egin dezagun. Baina apustu hori benetakoa izan dadin, txirrindularientzako eta oinezkoentzako azpiegitura egokiak sustatu behar lirateke; garraiobide publikoak bultzatzearekin batera: bidegorriak, trenbideak, tranbia-sareak, metro-sareak... Denok gure autoa erabiltzen jarraitzen badugu, etorkizun beltza izango dugu. Ahal dugunean, hobe oinez egin eta bizikletan ibiltzea, ezta? Gure burua zaintzeaz gain, gizartearen bizi-kalitatea hobetu eta ingurugiroa babestuko dugu.

Neurri eraginkorrak



Erakunde eta hiritarren ahalegina batuko balira, gauza asko egin ahal izango lirateke gure eguneroko bizi-kalitatea hobetzeko, eta, aldi berean, ingurugiroa zaindu eta mugikortasun iraunkorraren alde egiteko. Hona hemen har daitezkeen neurrietako batzuk:

-Bide-txartel bakarra sortzea garraiobide guztientzat.
-Bide berdeak sortzea, jendeak oinez edo bizikletaz egin ditzan.
-Hiri eta herrietan, eta baita hirien artean ere, bidegorriak eta oinezkoentzako azpiegitura egokiak diseinatzea.
-Enpresetara, merkatalguneetara... garraiobide publiko egokiak eta ordutegi eskaintza zabalak jartzea.
-Garai bateko mugikortasun ereduak aztertu eta bultzatzea.
-Egungo trenbide sarea hobetzea.
-Finean, autorik gabeko eguna urte osora zabaltzea.