AURTENGO LORALDIA JAIALDIAN EZ GALTZEKO GIDA

AURTENGO LORALDIA JAIALDIAN EZ GALTZEKO GIDA Udaberriak argitasuna eta giro epela ekartzeaz gain Loraldia jaialdia ere badakar. Euskal kulturaren erleak bailiran Loraldia Kultur elkarteak gure kultura barreiatu eta sustatzeko helburuarekin sortu zuen jaialdi hau 2014an. Ordutik, Bilbon zuhaitzak berdetzen hasi orduko diziplina ezberdinetako sortzaileak elkartzen dira herri honen aniztasun eta aberastasunaren erakusle. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengo-loraldia-jaialdian-ez-galtzeko-gida/@@download/image/arriaga.jpg
2019/02/27

Testua: Jaione Dagrommer @hellehellei

Udaberriak argitasuna eta giro epela ekartzeaz gain Loraldia jaialdia ere badakar. Euskal kulturaren erleak bailiran Loraldia Kultur elkarteak gure kultura barreiatu eta sustatzeko helburuarekin sortu zuen jaialdi hau 2014an. Ordutik, Bilbon zuhaitzak berdetzen hasi orduko diziplina ezberdinetako sortzaileak elkartzen dira herri honen aniztasun eta aberastasunaren erakusle.
AURTENGO LORALDIA JAIALDIAN EZ GALTZEKO GIDA
Argazkia: David Herranz

 

Bilbon egiten bada ere Euskal Herri osoko eskaintza kulturala ezagutzera ematea du helburu, edozein txokotako euskal sortzaileei bozgorailua emanaz. Ideia bera ez baita Bilbon sortua, Anton Abbadiak lapurtarrak 1879an sustatutako Lore Jokoen ekitalditik hartua hain zuzen.

Eskaintzaren aniztasuna ikusirik gida partikular bat prestatu dugu ikusi daitezkeen proposamen batzuekin. Halere, hauek abiapuntutzat hartuz, martxoaren 12tik apirilaren 23ra bitarte, bertara hurbildu eta jaialdiaren eskaintza anitz eta oparoaz gozatzea da gure gomendio nagusia.

 

ARTEA

Mikel Lertxundi eskultorearen erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu martxoaren 23tik apirilaren 23ra. Lertxudik, urtetako esperientziak ematen dizun jakituriarekin, zura, harria eta burdina maisutasunez lantzen ditu. Hiru elementu horiek uztartuz mundu osoko hirietan erakusketak burutu ditu, hala nola, New York, Madril edota Seulen. Luxua da gure artean erakusgai eduki ahal izatea artista honen lana.

 

BERTSOLARITZA

Itxaro Borda eta Mursego bertsolaritzaren atalean ikusi orduko jada ziur zure arreta gureganatu dugula. Apirilaren 7an ospatuko den ekitaldirako Itxaro Bordak geroari buruzko testu libre bat idatzi du Buztinezko Etokizuna deitutakoa eta Mursegok soinu banda egin dio, ez baita erronken beldur musikaria. Ondoren bai, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran bertsolariek inprobisatuko dute Bordaren testua abiapuntutzat hartuz. Formatua iaz ere errepikatu zen Kirmen Uribe, Andu Lertxundi, Harkaitz Cano eta Arantxa Urretabizkaiarekin, beraz, klasiko bihurtzeko bidean da, ez galdu!

 

DANTZA

Biz hitza ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala abiapuntutzat hartuz euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bitartez. Aukera Dantza konpainia izango da horren arduradun Xabi Paya kulturgilearen gidoian oinarri harturik. Irudika dezagun hizkuntza gorputza dela, nola azalduko lituzkete gorputz adierazpenek hizkuntzaren baten jaiotza edota hitzaren etengabeko bilakaera? Erantzunak martxoaren 19an Bilbon.

GASTRONOMIA

Eta zer esango nizuke antzerkia eta artisau garagardoa elkartu daitezkeela esango banizu? Horixe da Loraldiaren beste proposamena, Basquery-k sortzen duen artisau garagardoa dastatzea Mikel Martinezen Tabernaria deitutako antzerki laburra ikusten dugun bitartean. Garagardoaren zaporea ahoan Patxo Telleriak idatzitako testuan murgildtzeko aukera izango dugu antzerkiaren bidez martxoak 14an.
 

HITZALDIAK

Ion Zelestinoren ideiatik abiatzen den hitzaldi honetan disko irakurgailua da protagonista. 60-70. hamarkadetako euskarazko pop musika ezezaguna ezagutaraztea da helburua. Inork gutxik ezagutzen dituen kantuok entzun eta horien inguruan mintzatu ahal izango dira bertara hurbiltzen direnak apirilaren 3an. Diskoen azalak eskutik eskura pasatuko dira euskarazko atzoko, gaurko eta biharko sorkuntza aztertzeko bidea zabaltzea helburu duen berbaldi musikatuan.

LITERATURA

Txakur Gorria kolektiboaren ekimena izan da Peru Galbete Labiano musikariarekin batera. Laboaren ahotsean ereserki bilakatutako Joxan Artzeren poemak bere egin dituen belaunaldiak poetari egin nahi izan dion omenaldi xumea da martxoaren 20ko ekitaldia. Txakur Gorria kolektiboak irudia eta hitza landu ditu Artzeren irudia ez ahazteko helburuarekin. Poema gogoangarri horiei gaurko begirada txertatuko diote unibertso poetiko berritzailea sortuz

MUSIKA

Ohartuko zinen honezkero normalean etzun eta ikusi ohi ez ditugun proposamenak dakartzala jaialdiak eta musikaren arloan ere halaxe da. Beste proposamen askorekin batera Euskal Herriko BeatBox txapelketaren laugarren edizioa ospatuko da martxoaren 30ean. Beatboxing-ik onenak lehiatuko dira Bilborockeko oholtza gainean. Haiekin batera Estatu espainiarretik hainbat gonbidatu entzutetsu bertaratuko dira.

ANTZERKIA

Eva Redondoren dramaturgia eta zuzendaritzaren baitan La Cuerda ekoizpenak proposamen interesgarria dakar: Izotza apurtzen den ertza. Teatro egunean, martxoak 27an, estreinatuko da eta horregatik Aizpea Goenaga sortzaile eta aktoreak euskal antzerkiari buruzko testu bat irakurriko du aurretik eguna ospatzeko. Ondoren Erika argazkilari gaztearen ametsak eta bidaiak azalduko dizkigun antzerkiaz gozatu ahal izango dugu.

   ZINEMA

Iratxe Fresneda zinemagilearen film berria aurkeztuko da apirilaren 4ean. Lurralde Hotzak – Cold Lands ez-fikziozko pelikula proposatzen digu. Emakume baten bakarkako bidaia kontatuko du, bere bidaia-lagunak zinearen mamuak eta kamera izango direlarik. Ez-fikziozko road-movie honetan erlezaintzarekin, arkitekturarekin eta iparraldeko argiarekin topo egingo du. Barru-barrutik hasten den bidaia pertsonala da. Begiratzeko modu bat. Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, protagonistaren lorratzak poesia bilakatuko dira.

 

Hauek GAZTEZULOren proposamenak, baina ba al dakizu zer den jaialdi honen onena? Hauek proposamen urri batzuk besterik ez direla, beste hainbat eta hainbat gauza interesgarri aurki ditzakezu bertara hurbiltzea erabakitzen baduzu. Badator udaberria, badator Loraldia. Galduko duzu?