ATEAK INDARKERIA MATXISTAREN AURKA

ATEAK INDARKERIA MATXISTAREN AURKA Indarkeria matxistaren aurrean argi dago ezin garela isilik gelditu. Berdina pentsatu zuten Ateak/Puertas proiektuko antolatzaileek eta horretarako artearen bidea aukeratu; bidegabekeriak salatu eta ahanzturan eror ez daitezen tresna ezin egokiagoa baita sorkuntza. GAZTEZULOk proiektuko kide batekin egoteko aukera izan du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ateak-indarkeria-matxistaren-aurka/@@download/image/Tabakalera 3.jpg
2019/03/22

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Indarkeria matxistaren aurrean argi dago ezin garela isilik gelditu. Berdina pentsatu zuten Ateak/Puertas proiektuko antolatzaileek eta horretarako artearen bidea aukeratu; bidegabekeriak salatu eta ahanzturan eror ez daitezen tresna ezin egokiagoa baita sorkuntza. GAZTEZULOk proiektuko kide batekin egoteko aukera izan du.
ATEAK INDARKERIA MATXISTAREN AURKA

Jon Martijak, Ateak/Puertas erakusketaren komunikazio arduradunak, erakusketa honen nondik norakoak azaldu dizkigu eta baita Tabakalerako erakusketara hurbiltzeko gonbita luzatu ere.

Nola sortu zen proiektuaren ideia?
Ekimen hau Dimension-eko Presidente eta Sormenezko Zuzendari Exekutiboa den Guille Viglionek jarri zuen martxan. Agentzian Berrikuntza Sozialeko Laborategi bat dugu, Rezink, eta honen bitartez bideratu da indarkeria matxista salatu eta horren inguruan hausnartzeko proiektu hau.

Zertan datza?
2018an Espainiar Estatuan 47 emakume indarkeria matxistaren baitan erailak izan ziren. Batzuetan badirudi hau estatistika hotz bat besterik ez dela, albistegietan berri tamalgarri bat, baina hurrengo egunean ahaztu egiten dena.

Guk errealitate latz hau ikusgai jarri nahi genuen eta horretarako, hainbat artistekin harremanetan jarri ginen, eraildako emakume bakoitzarengatik ate batean artelan bat egin zezaten. Ate guzti horiekin, martxoaren 31ra arte Tabakalerako Plazan ikusgai egongo den Ateak/Puertas erakusketa antolatu dugu, baina gure asmoa ekimen hau Donostiatik harago eramatea da. Ahal bada, Euskal Herritik kanpo ere, Espainian zehar ikusgai egon daitezen.

Zein artista aukeratu dituzu? Zergatik horiek?
Gehienbat artista euskaldunak aukeratu ditugu eta korronte eta teknika artistiko ezberdinetan murgilduta daudenak: streetart-a, ilustrazioa, eskultura… diziplina ezberdinetako artistek parte hartzea nahi genuen. Denek musu-truk parte hartu dutela nabarmendu nahi nuke eta beraien eskuzabaltasuna eskertu.

Zer egingo da ondoren sorkuntza horiekin?
Ba aipatu dudan moduan, gure asmoa da Ateak/Puertas erakusketa, 2019ko amaierara arte, Euskal Herritik kanpora ere ikusgai egotea da. Horretarako, Dimension-etik erraztasun guztiak emango ditugu edozein erakunde, instituzio edota elkartek bere herri edo hirian ikusgai jarri dezan erakusketa. Edozein eskaera egiteko, info@puertas.art helbidera idatzi dezake interesa duen orok.

Eskertu behar dugu Real Sociedad Fundazioa, Donostiako Udala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza orain arte egin diren erakusketak gauzatzeko (Anoetako Estadioan, Donostiako Udaletxeko pleno aretoan, eta Aldundiaren jauregiko arkupetan). Baita Tabakalerari ere, noski! Eta Emaús Fundazioak ere parte hartze garrantzitsu bat izan baitu ekimen honetan ateak emanez.

Urte amaieran, erakusketaren ibilbide osoa amaitu ostean, oraindik ez dugu argi zer egingo dugun artelanekin, baina ez dira soto batean gordeta geldituko. Urtea amaitu ondoren ere indarkeria matxistaren aurka lagungarriak izan daitezen formula baten bila gabiltza oraindik.

Zerbait gehiago aipatu nahiko zenuke?
Ba eskertu GAZTEZULOri Ateak/Puertas-en inguruan hitz egiteko aukera hau eskaintzeagatik, ze gainera, benetan uste dugu gizarte guztiarentzat interesagarria izan daitekeen ekimena dela hau, bereziki gazte eta nerabeentzat: Beraien esku dago etorkizuneko gizarteak zein balore izango dituen erabakitzea. Beraz, ez galdu Tabakaleran erakusketa ikusteko aukera.