Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-10/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/05/10

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

DISKO BAT
A Crow Left of the Murder – Incubus (2004)
Incubus taldearen disko bakoitza mundu bat da. Hastapenetan melodia zoro eta gogorren ondoren, Morning view disko lasai bezain ederra eskaini ziguten eta honako hau bi aurpegi horien arteko nahasketa bat litzateke. Bertan gitarra frenetikoak aurkituko dituzu (adi Sick sad little world abestiko soloari), riff pisutsuak, baina baita melodia zoragarriak ere. Haatik, ahotsa azpimarratzekoa da, batzuetan xuxurlan, bestean garrasika, besteetan faltsetearekin... sekulako nortasuna ematen die abestiei. Urteak pasa badira ere argitaratu zenetik, ez du helarazten zuen freskotasun apur bat ere galdu.

PELIKULAK
Ataun of the dead (Beñat Iturrioz, Xabier Padin, 2001) / Joxean's hil eben (Beñat Iturrioz, Xabier Padin, 2014)
Estreinatu berri da Napardeath, euskal zonbi trilogiaren azken atala eta zu oraindik aurreko biak ikusi gabe? Hasi bada Ataun of the dead-ekin. Bertan bi zientifiko karlista Zumalakarregi berpizten saiatuko dira eta Zumalakarregi ez ezik, beste zenbait pertsonaia era berpiztuko dituzte bidean. Joxean's hil eben, bigarren zatian, Zumalakarregiren tropa zonbiak Agirre lehendakariaren banpiroen aurka ikusi ahal izango ditugu norgehiagoka erabakigarrian, galduko duzu? Zin dagit film hauek serio hartzen ez badituzu une barregarriak oparituko dizkizula.

TELESAIL BAT
Carnivàle (Daniel Knauf, 2005)
Telebistaren historian hainbat telesail interesgarri burutu dira, baina gutxi izango dira horrenbeste elementu bere baitan batzen dituenik. Carnivàle-ek 1930eko amerikar depresio garaiko feria ibiltari baten istorioa kontatzen du. Bertan zirkuetako pertsonaia bitxiak azalduko dira, John Ford-en The Grapes of Wrath (1940) pelikulako estetikarekin eta Twin Peaks-en eraginarekin. Horrela, itxuraz garaikoa eta klasikoa dirudien inguruan fantasiazko ukituak azalduko dira, ongia eta gaizkiaren arteko borrokan. Beharbada ez dizut gehiegi argitu telesaila zertaz doan, baina esadazu behintzat aukera bat emateko bezain besteko kuriositatea piztu dizudala.

LIBURU BAT
A confederacy of dunces – John Kennedy Toole (1980)
Liburuko protagonista Ignatius Reilly da. Bere amarekin bizi den 30 urteko bibotedun gizonkote lodi, altu eta traketsa. Jatea gustuko du, batez ere saltxitxa-ogitartekoak eta erdi aroko filosofiarekin obsesionatuta dago. Egungo gizarte modernoan ez da gustura bizi eta horren aurka entsegu luze bat idazten dabil. Diru beharragatik ordea, “garaiko sukar existentzialera” joan beharra izango du lan bila eta zein baino zen lan bitxiagoak eta zein baino zein pertsonaia bitxiagoak aurkituko ditu bidean. Hasiera batean badirudi agertzen diren jazoera eta pertsonaiek ez dutela elkarrekin loturarik, baina liburua aurrera doan heinean maisuki lotuta daudela ohartuko zara. Ezinezkoa da tragikomedia honek barre algararik ez eragitea.

ARGAZKILARI BAT
Ekaitz Zilarmendi
Eszena ilunak eskaini ohi dizkigu Zilarmendi argazkilariak, argiztapen gutxirekin, benetan erakutsi nahi duen horretan jarri dezagun fokua, inolako gehigarri edo apaindurarik gabe. Maisuki erabiltzen ditu argi-itzalek eskaintzen dituzten aukera guztiak. Bere mundua iluna da bai, baina asko du fantasiatik, magiatik eta misteriotik. Bizitzak bezala. Ez badidazu sinesten ikusi eta zuk zeuk epaitu.