ASPERTZEAREN ARTEA

ASPERTZEAREN ARTEA Estimuluz estimulu saltoka goaz, aspertzeko momentuak ekidinez ibili ohi gara, baina horrek ez al gaitu gaudena baino gehiago estresatzen? Aspertzea sentimendu negatibotzat badugu ere baditu bere onurak, ezagutu nahi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aspertzearen-artea/@@download/image/Drake+is+Bored_Final_FINAL-01.png
2019/05/07

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Estimuluz estimulu saltoka goaz, aspertzeko momentuak ekidinez ibili ohi gara, baina horrek ez al gaitu gaudena baino gehiago estresatzen? Aspertzea sentimendu negatibotzat badugu ere baditu bere onurak, ezagutu nahi?
ASPERTZEAREN ARTEA

Ez jakitea zer egin, pentsamenduei libreki hegan egiten uztea, edozer gauzarekin distraitzea... Munduko edozein txokotan asperduraren aurkako gerrate sutsuak gauzatzen dira eta badirudi smartphone garaietan badugula horren aurkako formula eraginkorra, baina zer puntaraino da beharrezkoa aspertzearen aurka borrokatzea? Horrenbeste estimuluk benetan entretenitzen al gaituzte ala ez ote dugu asperdura berri bat asmatu? Estimuluak geroz eta azkarrago doaz, berehala pasatzen gara emoziotik indiferentziara eta paradoxikoki inoiz baino handiagoa da aspertze sentsazioa, baina aldi berean estimulu gaindosi horrengatik gero eta intoleranteagoak gara aspermenarekin.

Ikerketa ugarik erakutsi dutenez ikasleen artean %66k onartzen dute egunero aspertzen direla klasean nahiz eta euren irakasleek ahalik eta metodorik erakargarrienak erabiltzen saiatu. Beste hainbeste gertatzen da lanean eta baita harremanetan ere, hori izan daitekeelarik egungo banantzeen arrazoietako bat. Haatik, hain txarra al da ba aspertzea?

Estimulazio mailak baxu daudenean sortzen da aspermena. Denok sentitzen dugu momenturen batean, baina egun plaga bat bailitzan ez dugu tolerantziarik emozio horrekin, hain da horrela, oso ohikoa dela mugikorra gorde eta segundo gutxira barnehutsa esperimentatzea.

Aspertzeko modu tradizionala, nolabait esatearren, iraultza industrialarekin aldatzen hasi zen, produktibitatea eta kontsumismoa denbora librearen jabe bilatu zirenean. Ordutik, aisiaren aurretik kokatu zen lana, eta entretenimendua kontenplazioaren gainetik. Hori hain da horrela, XX. mende bukaerako japoniar eta ipar-amerikar askok onartu zuten oporraldian gaizki sentitzen zirela ezin zutelako produzitu. Ondorengo urteetan aspertze sentsazio hori garatzen joan zen “denbora urrea” da lemapean eta garatzen jarraitu du XXI. mendera arte. Egun, oso okupatua egotea arrakastaren sinbolo moduko bat bihurtu da. Ikusi bestela gaur egungo iragarkiak, bertan arrakasta ukan duten pertsonak ez dira yate batean azaltzen edota golfean jolasten, baizik eta ordu pila lan egiten duten eta denbora gutxi duten pertsona bezala erretratatzen dira. Erdi aroan ordea alderantziz gertatzen zen, dirudunak aspertzen ziren, beste guztiak negu luzea bizirik igarotzearekin nahikoa zuten.

Gaur egun ordea, badirudi aspertzearen fenomenoa klase baxuetara pasa dela, dirudun super okupatuei kontrajarriz. Alta, klase altu, ertain zein baxuetan, garai modernoetako arazo bihurtzen ari dela dirudi aspermena. Asperraldia estres berria da, nahiz eta, inoiz gelditzen ez dela dirudien gizarte honetan lasaitasun momentu horiek gozamenezkoak izan behar luketen eta ez estres.

Horren aurrean, terapeuta eta psikologo asko hasi dira egunean bost minutuko asperraldiak errezetatzen. Adibidez, ordubete baino gutxiagoko kotxe bidaia burutu behar baduzu ez jarri irratia zure pentsamenduak aske ibil daitezen, edota ibiltzera ateratzean saiatu musikarik gabe joaten, egun guztia estimulatua egon ez zaitezen.

Estimulu gehiegia ere kaltegarria baita. Bi aspertze mota daude: estimulurik ez dagoenean ematen dena edota estimulu gehiegirengatik sortzen dena. Aspermena emozio modernoa da eta denbora librearekin sortu da. Pertsona batek lan egin, saiatu eta borrokatzen duenean, zorigaiztoko sentitu daiteke baina ez aspertua. Egungo gizartean ordea, aseta gaude, estimuluz gainezka, momentu oro ongizatea bilatzen gabiltza modan jarri den zoriontasuna eskuratzeko. Guztiok gabiltza berau bilatu nahian jokabide berdinak errepikatuz. Obsesio horrek dakar jendeak gero eta pazientzia gutxiago edukitzea, zapping etengabean biziz estimulu batetik bestera. Argi ikusten da Netflix garaian telesailekin: Ez dut denborarik telesail edo pelikula hau interesgarria den ikusteko, lehen hamar segundotan ez banau harrapatu aldatu egingo dut. Esaldi hau beste esparruetara zabaldu daiteke hala nola, lana, lagunak edota harremanak.



Horrek arazo bat dakar ordea, aspermenari izkin eginez sorkuntzari ere ihes egiten diogu, aspermena baita sormenaren gelaurrea, galdetu bestela Newtoni. Aspermenik gabe ez dago kreatibitaterik. Egun ordea, denbora librea lan egun bat bezala banatzen da, hamaika jarduera izan ohi ditugu planifikatuak eta jarduera horietako gutxi izan ohi dira etxeko sofan gauzatzen direnak, Instagrameko argazkiak ikusi besteri ez daude, horietako zenbat dira hormen itzalpean atereak?

Baina aspermenean ez da guztia negatiboa. Bi fase bereizten dira: lehen segundo edo minutuak desatseginak dira, gure garunari entretenitua egotea gustatzen baitzaion nahiz eta bake momentuak ere beharrezkoak dituen; behin lehen fase hori gaindituta ordea, garuna ideia berriak garatzen hasten da distraitzeko eta hortik benetan asebete gaitzaketen planteamendu edo jarduera berriak sor daitezke. Bizitza ez baita bere horretan aspergarria, aspertuta egotean ikusi ohi dugu dena aspergarri, baina aldi berean, aspertuz bakarrik ikus dezakegu zenbat aukera eskaini ditzakeen.