Asier Zabaleta: "Barruak astintzen dituen artelana gustatu izan zait beti, eta hori egiten saiatzen naiz"

Asier Zabaleta: "Barruak astintzen dituen artelana gustatu izan zait beti, eta hori egiten saiatzen naiz" Ertza konpainiak 'Moor Krad' dantza emanaldia estreinatuko du ostiralean, abenduaren 9an, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean. Gizakiok onarpenaren bila ezkutatu ohi dugun alderdi iluna du gaitzat obrak. Asier Zabaleta (Ezkio, 1972) dantzari, koreografo eta obraren egile eta zuzendariarekin solas egin dugu sorkuntza honen nondik norakoaz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asier-zabaleta-barruak-astintzen-dituen-artelana-gustatu-izan-zait-beti-eta-hori-egiten-saiatzen-naiz/@@download/image/01122022-IMG_3736-2.jpg
2022/12/06
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ertza konpainiak 'Moor Krad' dantza emanaldia estreinatuko du ostiralean, abenduaren 9an, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean. Gizakiok onarpenaren bila ezkutatu ohi dugun alderdi iluna du gaitzat obrak. Asier Zabaleta (Ezkio, 1972) dantzari, koreografo eta obraren egile eta zuzendariarekin solas egin dugu sorkuntza honen nondik norakoaz.
Asier Zabaleta: "Barruak astintzen dituen artelana gustatu izan zait beti, eta hori egiten saiatzen naiz"

Emanaldiak dantza, musika eta zuzeneko kantua uztartzen ditu, eta gizakiaren alderdi iluna erakusten du.
Psikologikoki 'itzala'  izendatzen dena hartu dugu gai, eta itzala izan ohi da txikitatik eskolan, familian, gizartean onartuak sentitzeko geure izaeratik aldatzen, gordetzen edo ezkutatzen ditugun alderdi horiez osatutakoa. Geure bizkar gainean eramaten dugun zaku horretara botatzen ditugun ezaugarri horiek, normalean besteok ikustea nahi ez duguna. 

Aipatu duzunez, alderdi horiek ezkutuan mantentzen tematzen gara.
Askotan ez ikusiarena egiten dugu, gurekin zerikusirik ez balute bezala, nahiz eta geure parte izan. Eta, azken finean, gure ezaugarriak dira horiek ere. Eta askotan desio sexualekin edo biolentziarekin dute lotura; gizartean ezin dugu biolentoak izan, arrunta den bezala, baina gizakiok badugu alderdi biolento bat edo animaliatik dakarkigun zerbait. Ezaugarri horiek guztiak geure bizkar gainean daukagun zaku horretara sartzen joaten gara. Badago Carl Jungen esaldi bat oso ondo azaltzen duena hau guztia; berak esaten du haurtzaroaren eta gaztaroaren parte handi bat geure ezaugarri horiek zaku batean sartzen pasatzen dugula, eta heldutasunaren parte handiena, berriz, zaku hori nola hustu asmatu ezinda. Horretan oinarritzen gara eta hori azaltzeko espazio bat sortu dugu eta bertan biztanle batzuk daude, dantzariak, zaku hori ez dutenak bizkar gainean, eta inongo disimulurik gabe, beldurrik gabe, aurreiritzirik gabe, erakusten dute beraien itzala. Eta beraien kontraesanak naturaltasun osoz erakusten dituzte besteen aurrean. Pertsonaia nagusiari, ikusleontzat gida izango den abeslariaren pertsonaiari, ikasgai horiek banan-banan gainditzea tokatzen zaio; lehenengo zakua betetzea eta gero zakua nola hustu asmatu ahal izatea.

Hain potoloak ez diren alderdiekin ere egiten dugula esango nuke, gabezia txikiagoekin…
Bai, noski. Egunerokotasunean pila bat dauzkagu: inbidiak, zeloak… gauza asko daude. Besteengan gustatzen ez zaizkigun ezaugarri horiek askotan gure buruaren proiekzioak izaten dira; geure gabeziak izaten dira normalean, gure zakuan sartu ditugun hainbat ezaugarri. Bada oso esanguratsua den beste esaldi bat esaten duena gurekin zerikusirik ez daukan zerbaitek ez gaituela molestatzen, eta molestatzen bagaitu, guk geuk nonbait gabezia hori daukagulako dela.

Beraz, aske edo bere kontraesanekin bakean dauden pertsona batzuk, beldurrik sentitzen ez dutenak, irudikatzen dira oholtzan.
Bai, eszena leku idealizatu bihurtu dugu, non pertsona horiek ez dituzten ezkutatu behar izaten euren itzalak eta beraien artean errespetuz eta askatasun osoz erakusten dituzten. Eta horrek balio dio iritsi berri den pertsonaia nagusiari, kasu honetan abeslariari, Iosu Yereguik interpretatzen duenari, bere buruan ikasgai horiek aurrera eramateko edo gainditzen joateko.

Dantza aldetik, hainbat estilo bildu dituzue: dantza urbanoa, krump, tutting…
Bai, dena lengoaia amankomun batera hurbildu dugu, dantza garaikidearen inguruan. Adibidez, bada eszena bat non biolentziaz ari garen, eta hor erabiltzen dugu krump dantza urbanoko estiloaren bertsio bat. Azken finean, krumpak berak badauka biolentzia hori, oilarren borroketan-eta erabiltzen da dantza urbanoan, eta nahiz eta ez duten elkar ukitzen, oso biolentoa da. Askatasuna ematen diote gorputzaren biolentzia guztiari.

Nazioarteko hainbat dantzarik parte hartzen dute obran.
Ez dut hori bilatu, baina nazioarteko lantaldea osatu dugu: Rafke Van Houplines belgiarra, Valerio di Giovanni italiarra, Thiago Luiz Almeida brasildarra, Denis Martinez kubatarra, eta Pilar Andres burgostarra. Eta Iosu Yeregui abeslaria euskalduna. Aukeraketa ezaugarri pertsonaletan oinarritutakoa izan da, fisikotasuna, bereziki begirada izan dut kontuan ikuskizun honetarako. Badirudi nahasketa publizitario bat egin nahi izan dudala, baina ez, ez dauka zerikusirik. Uste dut oso lantalde bikaina dela, gainera oso homogeneoa. Bakoitzak bere ezaugarriak mantentzen ditu, badago momentu bat eszenan non bakoitzak bere soloa daukan, eta taldean ere perfektuki funtzionatzen dute. Oso pozik nago lantaldearekin ere.

Begiradak garrantzi handia izan du, hortaz, dantzariak aukeratzean…
Bai, begirada eta presentzia. Dantzari guztiak ezagutzen nituen lehenagotik, ez dut audiziorik egin honetarako. Beraien begirada eta presentzia oso inportanteak iruditzen zaizkit inongo erreparorik gabe bizi diren bost pertsonaia antzezteko. Eszenan ziurtasuna behar nuen eta elkarren artean konfidantza zuten bost pertsona, eta hori begiradetan asko nabari da, nahiz eta beraietako asko oso gazteak izan. Rafken begiradak, adibidez, batzuetan katutxoarena dirudi eta mimoak eskatzen dizkizu, eta beste batzuetan beldurra eman dezake. Dualitate hori behar nuen, zeren horretaz hitz egiten ari gara, denok ditugula bi alderdi, eta hori adierazteko beharrezkoa zen horrelako pertsonak izatea. Nahiago dut pertsonez hitz egin eta ez dantzariez. Askotan dantzariak aipatzen ditugu eta hitz egiten dugu armada bat izango balitz bezala, eta niri gehiago gustatzen zait pertsonez hitz egitea, zeren askotan hori da bilatzen dudana, mugimendu berezi bat duen norbait edo mugitzeko ezaugarri arraroak edo bereziak dauzkan norbait. Beste konpainia askotan agian alderantzizkoa bilatuko dute, uniformetasuna eta ahalik eta modurik antzekoenean mugitzea denak, baina niri beste gauza batzuk interesatzen zaizkit eta horregatik nahiago dut pertsonekin lan egin, dantzari hutsekin baino.

Musikari dagokionez ere bada nahasketa. Musika barrokoa hartu duzue, baina ukitu elektronikoak emanda.
Musika barrokoa aukeratu dugu zeren giro aldetik nahiko iluna da, badauka kutsu hori. Eta askotan aipatzen da iluntasuna. Hasieran letrak geurera ekartzea pentsatu genuen, baina ez dugu beharrik izan, zeren askotan letra erlijiosoak dira eta gainean daramagun zama, bakardadea, iluntasuna eta abar aipatzen dituzte etengabe. Orduan, guztiz bat egiten du guk orain sortu nahi dugun giroarekin. Kantua mantendu egin dugu, abeslariak abesten duen melodia nagusia ere bai, eta atzealdetik daukan orkestrazio guztiari musika elektronikoaren bitartez kutsu ilunago bat eman diogu. Musika grabatua da, egokitzapen guztiak Marc Kanou musikariak egin ditu, musika elektronikora ekarriak, baina Iosuk zuzenean kantatzen ditu. Hasieran musika barrokoa nahiko zentzu irekian bageneukan ere, aukeratzen gindoazen kantu gehienak bi konposatzailerenak ziren, eta bi horietan zentratu ginen: Henry Purcell eta John Dowland.

Eszenografian ere plastikozko tubo erraldoi batzuk jarri dituzue, airez puzten direnak.
Hasiera batean eszena hutsik utzi nahi genuen, zeharo beltza, eta argiarekin giro hori, itzal horiek, landu. Baina lehen aipatu dugun metafora horren haritik, erreprimitzen ditugun gauzekin betetzen dugun zaku edo poltsa horrena, plastikozko poltsa batzuk sartu genituen eszena batean, hortik garatu dugu elementu hori eta, azkenean, elementu eszenografiko bihurtu zaigu. Eszena plastikozko poltsa erraldoiz beteko zaigu obrak aurrera egiten duen heinean.

Harkaitz Canok zuen Ertza konpainiaren lanaren inguruan esan izan du, emozioez harago, eraldaketa kritiko baten irrika sortzen duzuela, eta ardura sozialetik eta kezka intimoetatik abiatuta eszenaratzen dituzuela gatazkak eta kontraesanak.
Eskertzekoa da Harkaitzek hori idatzi izana. Ertzan saiatzen gara dantza ez egiten edertasun fisikoaren bila, ez dadila dantza hutsa edo estetika hutsa izan; guri gustatzen zaigu dantza tresna bezala erabiltzea beste gauza askoz hitz egiteko eta askotan hitzek esan ezin ditzaketen gauzak esan ahal izateko, hitzak baino haratago joateko gorputz espresioarekin. Jende askok esan izan dit: "Nolatan edo zergatik aukeratzen dituzu horrelako gai potoloak, dantza ikuskizun bat egiteko?". Niretzat dantza sekulako lanabesa da barruko emozioak azaltzeko. Askotan hitzak motz geratzen zaizkit eta gorputz espresioarekin are argiago esan dezaket zerbait.
Horretaz gain, niri barruak astindu dizkidan artelana gustatu izan zait beti. Berdin da margolan bat izan, antzezlana, edo musika. Zalantzak sortzen dituztenak, galderak egiten dizkidatenak, nik hemen dudan tokia edo zer egiten ari garen hausnartzeko balio dutenak, edo hain ziur ditugun gauzak kolokan uzten dituzten artelan horiek ditut gogoko. Hori egiten saiatzen naiz. Lan prozesuetan guk gai horiek lantzeko egin ditugun hausnarketa asko publikoak ere egin ditzala, hainbat galdera egin diezaizkiola bere buruari. Ez diogu erantzunik emango, edo soluziorik, baina hausnarketa hori egin dezala.