Asiar komunitateak arrazismoa salatu du koronabirusaren harira

Wuhanen sortutako koronabirusa azkar zabaltzen den arren, bere heriotza tasa gripea baino baxuagoa da, eta halere, izua zabaldu du munduan. Hala, Txinako Gobernuak AEBei leporatu die alarmismoa hedatu izana; guztiarekin, dagoeneko 20.000 kasu erregistratu dira munduan NBEren datuen arabera, eta 425 lagun hil dira.
Wuhango biztanleak herrialdetik atera ezinik dauden bitartean, mundu osoan barreiatutako jatorri asiarreko biztanleek arrazismoa salatu dute sare sozialetan; #iamnotavirus, #JeNeSuisPasUnVirus, #nosoyunvirus... halako mezuak zabaltzen hasi dira, jendearen gorrotoa salatzeko.
Europan eta AEBetan bizi diren asiarrek salatu dute arrazismoa; horietako asko ez dira txinatarrak, beste herrialde asiarretakoak baizik, eta beste asko Europako ala AEBetako hirietan jaioak dira, baina berdin-berdin jaso dituzte gorroto mezuak eta mehatxuak. Horrekin batera, denda edota jatetxe asiarretako jabeek adierazi dute beherakada nabarmena nabaritu dutela, jendearen beldurragatik.
Arrazismoa salatzeko protesta Frantzian jaio zen aurreko astean; Twitterren, salatu zuten jatorri asiarreko biztanleek isekak jasotzen dituztela garraio publikoa erabiltzean, eta maskara erabiltzera derrigortzen dituztela. Gainera, "beren herrialdean" (txinatarrak direla aurresuposatuz) higienerik ez dutela leporatzen diete. Courrier Picard egunkarian esaterako, "Sukar horia" titularra erabili zuten koronabirusaz hitz egiteko.
Je partage le texte et le hashtag créé par une camarade adoptée qui ne souhaite pas que son nom soit mentionné afin d’éviter le harcèlement et le racisme anti-Asiatiques qu’elle dénonce.
— Amandine Gay (@OrpheoNegra) January 27, 2020
Merci de relayer sa parole.
—-#JeNeSuisPasUnVirus #coronavirus#RacismeAntiAsiatique pic.twitter.com/z2KMx3WZUf