Koronabirusa; merezi ote du hainbesteko zalaparta?

Koronabirusa; merezi ote du hainbesteko zalaparta? Kezkatzeko modukoa ote? Zertan ezberdintzen da beste gripeekin? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koronabirusa-merezi-ote-du-hainbesteko-zalaparta/@@download/image/coronavirus-1.jpg
2020/01/28
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kezkatzeko modukoa ote? Zertan ezberdintzen da beste gripeekin?
Koronabirusa; merezi ote du hainbesteko zalaparta?

Urtea hasi zela hilabete betetzera doanean, gaixotasun berri batek komunikabide guztiak hartu ditu; koronabirusa edo 2019-nCov. Gaixotasun biriko honek izua eragin du mundu osoan; Txinako Wuhan hirian hasitako epidemia herrialde guztietara zabaltzeko beldur dira agintariak, eta adibidez, AEBek hegaldi bereziak jarri dituzte Wuhanen dauden herritarrak eta diplomazialariak handik atera eta aberriratzeko; bide berdina hartuko dute beste hainbatek: Frantziak, Japoniak, Espainiak eta Belgikak.

Txinak aldiz, Wuhan ingurua erabat blindatu du, eta baita herrialdeko zona turistikoak ere, hala nola, Txinako Harresia eta Shangaiko Disneyland parkea. Bestalde, urte berri txinatarraren ospakizunak bertan behera utzi dituzte. 

Dena den, justifikatua ote dago izu eta zalaparta guztia? Goazen egun argitaratu dituzten datuetara:

  • Hildakoen kopurua gora doa Txinan; 80 kasu baieztatu dituzte.
  • Heriotza gehienak Hubei eskualdean izan dira, birusa lehen aldiz azaldu zen tokian.
  • Txinako agintarien arabera, 2.744 lagun dira kutsatutakoak, horietatik 461 egoera kritikoan.
  • Birusa hamalau egunetan inkubatzen da.
  • Gripea ez bezala, sintomak agertu aurretik ere kutsakorra da koronabirusa.

Azken datu hori da beharbada birus hau "arriskutsu" bilakatu dezakeena, ezaugarri horrek zailagoa egiten duelako gaixoak atzematea. Horregatik, Hong Kongek osasun larrialdia ezarri zuen, eta Hubeiko bizilagunei sarrera debekatu diete. Malaysiak ere debekatu egin die Wuhan hirian bizi direnei lurraldera sartzea.


Egun aurkitutako koronabirus kasuak munduan.

Dena den, koronabirusa ez da 2002an Txinan agertu zen SARS birusaren parekoa. SARS birusak, 2019-nCov birusak ez bezala, sintomak eragiten zituen kutsatutako gaixoengan. Epidemia hark 700 heriotza eragin zituen munduan, eta, kutsatutakoen artean, %13 eta %19 arteko heriotza tasa izan zuen. Oraingoz, ez da koronabirusaren kasua hori; kutsatuen artean %3 arteko heritotza tasa duela diote adituek, gripeak baino baxuagoa (honek %4 artekoa du). Oraingoz, osasun arazo larriak duten gaixoak eta pertsona helduak dira heriotza arriskua izan dezaketen gaixoak.

Orduan, horren hilgarria da koronabirusa?

Goiz da halakorik ondorioztatzeko, baina adituek diote oraingoz kontrolpean dagoela birus honen garapena, eta MOE Munduko Osasun Erakundeak  berak ez du larrialdi egoerarik ezarri. 

Bitartean, gurean bada indarrean dagoen birus bat, gripearena: gripe arruntak mundu osoan eragiten du (etengabe mutatzen doazen andui ezberdinekin) eta urtero 291.000 eta 646.000 lagun bitarte hiltzen ditu, gehienak, bestelako osasun arazo larridunak edo pertsona helduak direlarik.

Bestalde, gaur egun munduan badira askoz ere hilgarriagoak diren epidemiak, ebolavirusa, esaterako. %50 arteko heriotza tasa du, eta oso kutsakorra da. Gogoratuko duzuenez, epidemia hau jasaten duten herrialdeetatik atera den bakoitzean sekulako zalaparta eragin du gaixotasun honek, eta gaur egun, MOE-k munduko osasun publikoa arriskuan jartzen duen gaixotasuntzat dauka.