Asgarth: heavy sustraia

Asgarth taldeak diskoa kaleratu du, "Etorkizunaren sustraia". Añorgatarrak duela pare bat urte hasi ziren musika munduan eta lehiaketa batzuetan erantzun ezinhobea izan ondoren, maketa grabatu zuten Bilbon Karlos Kreatorekin, "Jainkoen egoitza". "Oso esperientzia ona baina neketsua izan zen, garai hartan ez baikenuen batere esperientziarik estudioan. Lokalean grabaturiko kantu batzuk genituen, baina horiek alde batera, ezertxo ere ez". Grabaketa, ordea, ez zen maketa bihurtu, IZ disketxeak zertxobait txukundu eta CD formatoan Durangoko Azokarako plazaratu baitzuen. Asgarth-eko partaideentzat, aldiz, hura maketa besterik ez zen eta argi zuten benetako diskoa lehenbailehen atera nahi zutela. "Maketa egun gutxitan korrika eta presaka grabatu genuen. Kontzertu ugari egiteko aukera eman zigun, baina sei kantu besterik ez zituen. Gure asmoa luzera normaleko disko bat lehenbailehen kaleratzea zen, hamar edo hamabi kanturekin".
Uda honetan añorgatarrak lanpetuta ibili dira eta kontzertu handiak eskaini dituzte: Donostiako Aste Nagusian Sagueseko eszenatoki erraldoian, Ibilaldian, Kilometroaken eta Nafarroa Oinezen... Bien bitartean, diskoa prestatu dute. Grabazioa IZ zigiluak Amasan duen baserrian egin zuten hiru astetan eta Karlos Kreator izan zuten berriro ere ekoizle lanetan. "Hasieran beldur ginen IZko teknikariak gure musika estiloarekin esperientzia handiegirik ez ote zuen izango eta Karlos gure ondoan egoteak lasaitasun handia ematen zigun. Bera da heavy-a ekoizteko Euskal Herriko pertsonarik aproposena. Hala ere, bertako teknikariarekin ere primeran konpondu ginen. Berak konposatu zuen, esaterako, disko hasierako intro-a". Talde heavyaren diskoak hamabi kantu biltzen ditu eta Alemaniako metal kutsua darie guztiei, Helloween eta Iron Maiden maisuengandik ikasitakoak eragina du kantuetan. Hitzei dagokienez, mitologia da gai nagusia. Oso gustuko dute Jainko eta guda zaharrei buruz hitz egitea, baina dena den, gaur egungo arazoak, inmigrazioa edota haurren lana, kasu, diskoan ageri dira. Kolaborazio ugari izan dituzte grabaketan, horietako bat, Aitor, Latzen eta Sen taldeetako kantariarena. "Latzen oso talde handia izan zen eta guretzat ohorea izan da Aitor estudioan gure kantu bat abesten ikustea".