Arrasto artean

Arrasto artean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arrasto-artean/@@download/image/aranzadi_san_ad_1378379891.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Aranzadi
Aranzadi Zientzia Elkarteak ondare kultural eta naturala babestu, kontserbatu, ikertu eta zabaltzen dihardu 1947az geroztik, eta nazioarteko komunitate zientifikoaren erreferente bilakatu da.


Oroimen historikoa berreskuratzeko indusketa lanek ezagun egin dute Aranzadi. Irabazi asmorik gabeko zientzia elkartea 2000. urtean hasi zen Espainiako Gerra Zibileko hobiak husten, eta ordutik 120 inguru ireki dituzte. Baina azterketa antropologikoez gaindi, beste hainbat ikerketa ildo jorratzen dituzte bertan dabiltzan 150etik gora aditu profesional eta dozenaka boluntario partikularrek; Biologia, Historia, Arkeologia, Medikuntza, Etnografia, Geografia eta Geologia sailetan hegaztien eraztuntzea, bertako anfibio eta narrasti espezien babesa, flora exotiko inbaditzaileen kontrola, perretxiko espezie berrien azterketa edota erromatar garaiko galtzaden berreskurapena bezalako proiektuak martxan baitituzte uneotan.

Boluntarioak hondeaketa, logistika eta berreraikitze lanez arduratzen dira, eta profesionalak bezalaxe, interes zientifiko pertsonalak bultzatzen ditu, errentagarritasun ekonomikoa eskuratzeko aukera erabat baztertuta. Laborategian, bulegoetan, liburutegian eta landa-eremuetan jarduten dute, eta aurkakoa pentsa genezakeen arren, talde sendoaren baitan aurpegi gazte franko aurki daitezke egun. Haietako batengana jo dugu, bere beharraz gehiago jakitera.

Manu Ceberio: "Iraganaz jakitea funtsezkoa da etorkizunari aurre egiteko"



Historian lizentziaduna, Manu Ceberio (Donostia, 1977) Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia Saileko ikerlari aktiboenetakoa da.


Zergatik Historia?
Nire ingurua ezagutzeko eta ulertzeko nuen kuriositateagatik. "Noizkoa eta nolakoa da baserri hori? Eta harresi hori? Eliza hori…?" galdegiten nion nire buruari, eta erantzunak lortzeko, edo erantzunak nola bilatu jakiteko, Historia ikasi behar nuela ohartu nintzen.

Nola hasi zinen Aranzadin?
Aranzadiko kide den Deustuko Unibertsitateko irakasle batek Arbiungo (Zarautz) indusketan parte hartzeko aukera eman zidan 1998an, eta ordutik arkeologia alorrean hasi nintzen lanean; Aranzadik egindako ikerketa askotan parte hartu dut, eta beste horrenbeste zuzendu ditut.

Zuk, dena den, Historiaurrea duzu aztergai. Arrazoi bereziren bategatik?
Bereziki interesatzen zaidana Burdin Aroko jendartearen bizimodu aldaketa da, Erromatar Inperioaren etorrerak haiengan izan zuen eragina. Gaiaren inguruko tesia egiten ari naiz, hain zuzen. Bestetik, monumentu megalitikoek erakartzen nautenez, Neolitotik Burdin Arora bitarteko gizarteak aztertu nahi ditut, egitura haiek egiteko gai izan zirenen ezaugarriak ezagutzeko.

San Adriango tuneleko lanak hasi zenituzten abuztu hasieran. Historiaurreko, Erdi Aroko eta ordutik gaur arteko materiala aurki daiteke bertan. Zein berezitasun du inguruak?
Historiaurreko garaietatik, Aizkorrira igotzeko erabiltzen den igarobide naturala da San Adriango tunela. Baina igarobide izateaz gain, kobazuloa ere bada, eta horrek aztarna arkeologikoak oso ondo kontserbatzea ahalbidetu du. Beraz, garai ezberdinetako ingurumena eta ekonomia ikertzeko aukera dugu bertan, Brontze Aroko, Goi Erdi Aroko eta Azken Izotz Aroko landareak eta animaliak aztertu ditzakegu.

Zer bilatzen duzue? Zein da helburua?
Lanak hasi genituenean, 2008an, helburu nagusia bertako aztarna arkeologikoak ezagutzea zen. Egun, ordea, orduan aurkitutako arrastoen kalitatea eta garrantzia ikusirik, garai bakoitzeko ingurumena eta bizimoldeak ditugu aztergai. San Adrian oso garrantzitsua da Euskal Herri mailan, Brontze Aroari eta Goi Erdi Aroari buruzko informazio asko aurki baitezakegu bertan, eta Paleolitoko arrastoekin alderatzeko aukera ematen digu.

Nolakoa da landa egun arrunt bat? Zein da zuen lan dinamika?
Bulegoko eta laborategiko lanarekin alderatuta, indusketa arkeologikoak oso denbora gutxi hartzen digu, azken batean, berau prestatzen lehenik eta bertan aurkitutako materialak aztertzen ondoren, igarotzen baitugu denbora gehien. Ikerketa arkeologiko batean egiten den lana, gainera, ez du soilik indusketa taldeak egiten, beste diziplinetako adituek ere parte hartzen dute: biologoek, geologoek, antropologoek…

Eta nolakoa litzateke indusketa egun ezohiko bat?
Aldez aurretik inork manipulatu gabe dagoen eta gainera interpretazio erraza duen aztarnategi oso bat aurkitzea, adibidez, nahiko kasu ezohikoa litzateke.

Zein irizpideren arabera hautatzen dituzue lan eremuak?
Zenbaitetan kudeaketa edo urgentzia ikerketak deiturikoak egiten ditugu, hau da, aztarnategi batean esku hartzen dugu obra publiko edo partikular batek suntsitu aurretik. Baina oro har irizpide zientifikoak, ikertu beharreko garaiak eta lekuaren berezitasunak jarraiki, guk geuk hautatzen ditugu aztertu beharreko eremuak. Garai bereko aztarnategien gaineko datuetan oinarrituz, lanerako hipotesiak ezartzen ditugu, eta horrek eremu zehatzak hondeatzera garamatza.

Arkeologikoki, gune interesgarria al da Euskal Herria?
Noski baietz! Piramideak edota Koliseoa bezalako monumenturik ez dugun arren, balore handiko lekukotasun arkeologikok dauzkagu: 500 urteko baserriak, Paleolito garaiko pinturak kobazuloetan… Gure lurraldean bizi izan zirenen aztarnak dira, eta haien bizimoldeen eta kulturaren berri ematen digute. Halaber, oinarri kultural oso interesgarriak ditugu, euskara kasu, eta ezer gutxi dakigu bere jatorriaz!

Enpresa, instituzio eta norbanakoentzako zerbitzuak ere eskaintzen dituzue.
Bai. Ondare arkeologikoari buruzko kontsultak doan erantzuten ditugu, kasu askotan, aztarnategi berriak ezagutzeko balio digutelako. Eta alor honetako profesionalak garen aldetik, ikerketa arkeologiko berriak, argitalpenak, erakusketak, ikastaro didaktikoak… ere antolatu eta bultzatzen ditugu.

Bi hitzetan, zergatik dira garrantzitsuak ikerketa arkeologikoak?
Gure iragana berreraiki eta ulertzeko oinarrizko erreminta da arkeologia, eta beste diziplinekin elkarlanean, objektu bat berritzeko edo edozein garaitako klima, ekonomia edo antolaketa soziala ezagutzeko aukera ematen digu, besteak beste. Iraganaz jakitea funtsezkoa da etorkizunari aurre egiteko.