Arraildu arrakala

Arraildu arrakala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraildu-arrakala/@@download/image/lantaldea_1401697550.jpg
2014/06/04
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Ekainaren 13an aurkeztuko dute Arrakala proiektua Donostiako Kafe Antzokian.
Heteroarauaren azterketa kritikoa egiten duen lanak herritarren gogoeta du helburu.

Sarritan gertatzen den bezala, Arrakala proiektuaren ideia ere parranda bateko elkarrizketa grinatsuan sortu zen. Topatu gazte proiektu komunikatiboan eta Bilgune Feministan diharduten lau gaztek iazko udan egin zuten topo, eta gizarte egitura eta norbanakoen harremanak ardazten dituen heteroarauaren inguruan hausnartzeko tresna baten beharraz mintzatu ziren. Maiz gertatzen ez den bezala, gainera, jarraipena eman zioten ideiari.
Hala, iragan irailean zazpi pertsonako lantalde finkoa osatu eta euskarri nagusitzat dokumental bat izango zuen tresna kutxa osatzen hasi ziren. Taldeko kideen beharretara egokitutako lan metodologia ezarri zuten lehenik, eta pixkanaka, proiektuaren garapenean ezinbesteko bilakatuko zen lagun-sarea osatu zuten. Tartean dira Okela Sormen Tailerreko gazteak; gaia lantzeko era zehazten ez ezik, sormen ekoizpenen tresna izaera definitzen lagundu diete. Testigantzetan oinarritutako lana izaki, modu batera zein bestera heteroarauarem zapalkuntza jasan duten hamabost lagun elkarrizketatu dituzte orotara.
Dokumentala ekainaren 13an, ostiralean, estreinatuko dute Donostian, eta proiekzioaren ostean festa egingo dute, DJ eta guzti. Dokumentalaz gain, hainbat argazkilari, idazle eta marrazkilariren laguntzarekin osatutako baliabide-sorta aurkeztuko dute, auzia jorratzeko modu ezberdinak ikusarazteko balioko duena, baita talde lanketarako hainbat dinamika ere, tokian tokiko jendartearen beharren araberako bideorri moduan funtzionatzeko osatutakoak. Izan ere, proiektuaren helburua ez da hartzaileek zuzenean barneratuko duten gogoeta bat plazaratzea; horren ordez, errealitate anitzak ikusarazi nahi dituzte, dagoena azaldu, eta era berean, ikusleei nork bere lanketa egiteko pistak eman.

Jone Arrazola eta Ane Elorza: "Landutakoa praktikara eramatea ezinbestekoa da"



Proiektuaren alde banatan daude Jone Arrazola (Oñati, 1995) eta Ane Elorza (Elgeta, 1989). Lehena dokumentaleko protagonistetako bat da, halakorik bada; bigarrena, lantaldeko kidea.


Jone, zergatik uste duzu aukeratu zintuztela Arrakala proiektuan parte hartzeko?
Batetik, aspalditik ezagutzen nauen lagun bat proiektuaren atzean dagoelako, eta isilik egotea zaila zaidala badakielako. Eta bestetik, gai honekiko interes handia dudalako, eta nire bizitza pertsonala  eta militantzia bereizten ez ditudalako; feminismotik asko edaten dut, eta ikasketa prozesu pertsonaltzat hartzen dut guztia.

Eta Ane, zergatik aukeratu zenuten?
Heteroarauak berak oso esparru zabala hartzen duela jakinik, kasuistika ezberdin asko topatuko genituela bagenekien, eta bilatzen genuen perfiletako bat, hain justu, Jonerena zen: gazte mugimenduko militantea, eta gai honekiko interesa zuena.

Oso perfil ezberdinetako jendea elkarrizketatu duzue.
Bai. Gure helburuetako bat, eta aldi berean oztopoa, heteroarauak hartzen dituen esparru eta egoera guztiak irudikatzen dituzten perfilak bilatzea izan da, heteroaraua bera ahalik eta ondoen azaltzeko. Ikusleei ikusarazi nahi diegu hau ez dela pertsona baten edo kolektibo jakin baten arazoa, denok zeharkatzen gaituen kontua baizik. Eta elkarrizketatuen perfilak zehazterako orduan hainbat irizpide hartu ditugu kontuan, hala nola, lurraldetasuna, Euskal Herria ezarri baitugu azterketa eremu gisa. Horrez gain, adina, egoera pertsonala, militantzia (zentzu orokorrean hartuta)… Eta hala ere, erabat jakitun gara beste mila egoerek ihes egin digutela.

Gonbidatuen artean gehienak emakumeak dira. Zergatik?
Proiektua lantzen hasi ginenean argi ikusi genuen heteroaraua kapitalismoaren eta patriarkatuaren mekanismoa den heinean, guztiok zapaldu eta arautzen gaituela, baina bereziki emakumeoi eragiten digula. Eta gainera, lantaldean komentatu genuen proiektua lesbianismo politikoa ikusarazteko ere erabili nahi genuela.

Eta zuk, Jone, aldez aurretik egin al zenuen heteroarauaren inguruko hausnarketarik? Ala gonbitaren ostean etorri zen gogoeta?
Aldez aurretik, noski. Elkarrizketan kontatzen dudana esperientzia pertsonaletatik ikasitakoa da, familiaren, eskolaren, koadrilaren, militantzia ereduaren… bidez ikasten joan naizena. Izan ere, hasieran ez gara heteroarauaz kontziente, heterosexualitateaz baizik; badakigu zer den heterosexuala izatea, baina horren inguruko hausnarketa politikoa egitea ezinbestekoa da errealitatean heterosexualitatea heteroaraua dela ohartzeko. Nik kontzeptua barneratu nuenean, jendearengan zein erresistentzia eta kontrako erantzun sortzen zituen aztertzen hasi nintzen. Eta ikusi dut kontzientzia feminista duten pertsonek heteroaraua onartu eta barneratu egiten dutela, eta gure izatea ardazten duen zerbait bailitzan ulertzen dutela, baina kontzientzia feminista lantzen hasi berri direnek oso modu bortitzean egiten diotela aurre, heterosexualitatea ez baitute arautzat hartzen, hautu pertsonaltzat baizik. Ez diote izaera politikorik aitortzen, estatuari, gizarteari edo familiari aitortzen dioten moduan. Horiek kritikatu egiten dituzte, baina heterosexualitatea ez.

Eta publikoki nork bere genero identitatea azaltzea garrantzitsua iruditzen zaizu?
Aurrerapen bideoak izan duen oihartzuna ikusita, ohartzen naiz jendearengan inpresio handiagoa eragin duela militante moduan berba egin izanak, maila pertsonalean aritzeak baino. Gai honen inguruan dagoen onarpen eza eta aldaketarako beldurrak eragiten duen sekretismoa ikaragarriak direlako. Ez dut inongo arazorik modu pertsonalean hitz egiteko, baina esandakoak ingurukoengan eragin duela badakit, eta horrek nire hitzak neurtzera narama, ez dudalako inor mindu nahi. Baina inork ez zuen esan erraza izango zenik!

Eta Ane, zer uste duzu lortuko duzuela elkarrizketatuek publikoki euren jarrera azaltzearekin?
Gaiari eta errealitate ezberdinei ikusgarritasuna ematea. Dokumentala ikusten duenak ezingo du ospa egin, gaiari aurre egin beharko dio eta bere egunerokoan sentitzen duena aztertu. Azaleratu ditugun errealitateekin, gainera, era batera ala bestera identifikatuta sentituko da. Eta gatazka hau hemen eta orain gertatzen dela ikusiko du.

Gutako bakoitzak zer erantzukizun du auzi honetan?
A.E.: Ekidite erreflexu automatiko hori albo batera utzi behar dugu behingoz, eta gaiari duen garrantzia aitortu, zapaltzailetzat identifikatzen ditugun beste mila konturekin egiten dugun bezalaxe.
N.A.: Prozesu honetan parte hartzen ari garenon arteko komunikazioa ezinbestekoa da, sortzen zaizkigun kezkak, zailtasunak, informazioa… partekatzea, eta gaiaren inguruan lasai hitz egiteko espazio seguruak sortzea. Gutako bakoitzak, gainera, kolektiboki lantzeaz gain, bakarka hausnartzeko tartea ere hartu behar du, etxean, koaderno baten aurrean jarrita, ondoren taldean egitea askoz aberasgarria izango delako. Eta noski, landutakoa praktikara eramatea ezinbestekoa da.
A.E.: Hori da, hausnarketa ez dadila maila diskurtsibora mugatu. Praktikara saltoa eman behar dugu, landutakoak gure jarreran isla izan dezan.