Aritz Aranburu: "Atzetik sekulako indarrarekin datoz"

Aritz Aranburu: "Atzetik sekulako indarrarekin datoz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aritz-aranburu-quotatzetik-sekulako-indarrarekin-datozquot/@@download/image/93p22haritz9_1363094701.jpg
2009/02/06
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Patxi Uranga
Hogeita hiru urteko zarauztar honek zazpi urterekin hartu zuen lehen olatua. 2007an, hogei besterik ez zituela, Europako txapeldun izan zen. iaz, Lehen denboraldia egin zuen “ASP World Tour” zirkuituan, munduko surflari onenak biltzen dituen txapelketan, eta gogotsu dago bigarren denboraldiari ekiteko. Zarauzko malekoian egin dugu hitzordua.  

Egun grisa gaurkoa, euria eta hotza nafar kostaldearen bazter honetan. Itsasoa nahasi, ederra dago. Malekoia hutsik, hiruzpalau amona besterik ez pasaeran. Aritz segituan heldu da, keinu batez agurtu, elkarri bostekoa eman, eta Zarauzko Surf Elkartera sartu gara aterpe bila. Neoprenozko jantzi eta surfeko ohol artean, grabagailua piztu eta…

Zarauzko Surf Elkartearen atarian egon naiz zure zain. Lehen denboraldia egin duzu onenen artean. Gustura?

Abendua amaieran amaitu genuen, eta bai. Baina lesio batek denbora asko kendu zidan. Ondorioz, txapelketa batzuk galdu nituen eta beste askotan ezin izan nuen dena eman. Bukaera aldera, zorionez, hobekuntza handia nabaritu nuen. Eta datorren denboraldian lehen mailan jarraitu ahal izango dudanez, pozik nago, bai.

Ez zara ASPrako sailkatu, baina gonbidapena jaso duzu...
Berez, kanpoan geratzea zegokidan. Antolatzaileek, ordea, hainbat faktore kontuan hartu dituzte. Lesioaren ondorioz galdutako txapelketak, batetik, eta horren erruz erakutsi ezin izan dudan maila, bestetik. Neurri handi batean, lesioa eduki izana nire arazoa da, nahiz eta edonori gerta dakiokeen. Baina eskertzekoa da aukera eman izana: gogorra  izango zen kanpoan geratzea, eskaini dezakedana erakusteko aukerarik gabe.

ASP zirkuituan arituta, bizimodua zenbateraino aldatu zaizu?

Aldaketa handiena txapelketarekiko ikuspegian nabaritu dut. Gehiago prestatu beharra dago, eta zure buruari gogorrago egin. Horretan nabil, gustura.

Nola ikusten duzu surfean lehen urratsak ematen hasi zen Aritz, haur hura?

Urruti, baina gertu, hau hasitako bidearen jarraipena delako. Haur harentzat zorte handia izan zen Zarautzen sortzea. Itsasoari lotuta bizi gara, eta sekula ez dut gurasoen laguntza behar izan hondartzara gerturatzeko, bi pauso emanda bertan gaude eta! Horrek eta herriko surf mugimenduak asko lagundu naute. Txikitatik ezagutu ditut mundu mailako txapelketak Zarautzen, eta surflari onenak bezalakoa izatearekin amets egin dut. Grina horrek, ezinbestean, aurrera egiteko gogoa sortu zidan, oztopoak gainditu eta helburuak betetzeko.

Izan ere, Zarautz surfaren hiriburuetako bat da eta surflari on askoren sorleku: Ibon Amatriain, Mikel Troitiño, Hodei Collazo, Axier Muniain, Haritz Larrañaga…

Mundu mailako probetako bat Zarautzen ospatzea oso garrantzitsua da; bultzada handia da hori. Eta horrekin batera, lehenago aipatutako garapena dago: oraingo surflariok prestatzaileak ditugu, helburuak finkatzen ditugu…

Onenak aipatu dituzu. Baduzu faboritorik?

Onena, dudarik gabe, Kelly Slater da. Marka guztiak hautsi ditu: hogei urte daramatza profesional mailan, munduko bederatzi txapelketa jokatu ditu… Hona hemen datu bitxi bat: lehen mailan aritu zen lehenengo urtean, munduko txapeldun bilakatu zen, eta hogei urte beranduago, berriro txapeldun izan da. Ez dut parekorik ezagutu, ez surfean, ez beste inon. Handia da.

Eta Euskal Herrian?

Hodei Collazo. Berarekin aritua naiz lehen mailara iritsi aurretik, eta bera izango da lehen mailara igotzen hurrena. Gero, koska handia dago adin aldetik, baina, sinetsidazu: atzetik sekulako indarrarekin datoz. Bestela, inor eredu izan badut, hori Eneko Acero da. Mundu mailako zirkuituetan aitzindaria izan da, berak egin digu bidea. Ni bidaiatzen hasi nintzenerako, berak eskarmentu handia zuen jada. Inoren laguntzarik gabe, meritu handia du maila horietan aritu izanak.

Zer sentitzen duzu txikitan eredu zenituen haiekin lehiatzerakoan?

Kelly Slaterren jarraitzaile naizen aldetik, bere aurka aritu izanak erakusten du nire helburuetako asko bete ditudala, urtetako ahaleginak merezi izan duela. Hori edonor ondo sentiarazteko modukoa da; handikeriarik gabe, baina norberaren buruaz harro. Hori bai, batzutan kosta egiten da aldameneko hori Kelly edo beste edonor dela sinestea…

Eta gaztetxoentzako eredu zarela ikusterakoan?

Askotan ez dut ulertzen, nola etor daitekeen inor nire sinadura eske, baina ni ere, horrela ibiltzen nintzen. Inork nire ibilbidea eredutzat hartzea, berriz… sinestezina da, baina pozgarria. Ez dut nire burua inorentzako erreferente gisa ikusten, baina pozgarria da.

[Erantzunak hasierako ustea baieztatu dit. Aritz mutil apala dela, alegia. Sortzen duen ikusminaz jakitun izan arren, hankak lurrean ditu. Zarauzko Surf Elkartetik aterata, malekoian jende gehiago dabil orain. Denek agurtzen dute Aritz eta, berak, irribarre batekin erantzun. Apala, bai horixe].

Afizioa ofizio bihurtzeko zortea izan duzu. Orain, profesionala izanik, punta-puntan mantentzeko presiorik ez zenuenean bezainbeste gozatzen duzu surfean?

Dudarik gabe. Urteko egunen %99 uretan ematen dut, eta pozik bizi naiz. Afizioa ofizio bihurtu dut, eta ezin kexatu, surfa baita gehien maite dudana. Eta zorteko sentitzen naiz, nire lanak bete egiten nauelako.

Hamabost eguneko oporrak izanda, itsasorik ez dagoen toki bati uko egiteko bezainbeste? Anbotoko puntan moldatuko zinateke, adibidez?

Lauzpabost egun agian bai, baina gainontzeko hamarrak olatuak dauden toki batean emango nituzke. Horrek ez du esan nahi besterik egingo ez nukeenik, alderantziz: surfean aritzeaz gain, denbora beste hainbat gauza egiteko baliatuko nuke. Nagoen toki horretako leku interesgarriak ikusten, kultura ezagutzen…

Eta ligatzen? Surflariek sekulako abilidadea omen duzue horretan…

Askorekin ibili zale denak, akaso. Ez dakit surflari izateak lagun dezakeen. Ni, pertsonalki, ez naiz lorez lore ibiltzekoa eta, gainera, bikotea dut. Halere, denean bezala, aurpegi handia duenak lortuko du ligatzea. Ni bezalako lotsatiek…

Notizia txarra gure irakurle askorentzat…

Ez dut uste, kar, kar.

Ligoi ospeaz gain, ero puntua omen duzue.

Surflariak erokeriarekin lotzeko topiko hori beti izan da, eta beti izango da. Denean bezala, pixka bat behar da, ezta? Halere, bitxia da lotura hori surfa ezagutzen ez duen jendearengandik etortzea. Inoiz probatu ez duenak ez du ulertzen neguan uretara sartzea, lauzpabost metroko olatuen bila abiatzea… Hori bai, behin proba eginda, askok errepikatu egiten dute.

Orain arteko erantzunekin txintxo fama irabazi duzu, ondo. Baina zirkuituan zaudenean, parrandak egingo dituzu, ezta?

Ez, ez. Maila ona eman nahi baduzu, ezinbestekoa da zure buruari gogor egitea. Gurean, behintzat, txapelketa eta parranda ez dira bateragarriak. Denboraldia bukatutakoan bai, egun batzuk izaten ditugu, eta beti izaten da aukera. Badago jendea parranda egiten duena, eta egiten ez duena. Bigarrengoen multzoan nago ni.

Amona guztiek nahiko luketen biloba bihurtuko zaituen gertaera ekarriko dugu gogora: Zarauzko apaizak zoriondu zintueneko hura. Nola gertatu zen hura?

Egunkarian argitaratutako kontu baten harira izan zen, Zarautz Pro 3 Txapelketa irabazi nuenean. Kazetariari esan nion, pertsona bati gerta dakiokeen gauza handiena dela, norberak gozatu eta jendeak ere gozatzea, jendeak zuk lortutako hori bere egitea. Ondo geratzeko esaldi tipikoa eman dezake, baina horrela sentitzen dut. Harrotasunik gabe. Handik egun batzuetara Zarauzko apaiza etorri zitzaidan, elkarrizketa irakurri zuela, eta esandakoarengatik zorionak emanez. Oso bitxia izan zen, grazia egin zidan.

Santu izendatuko duten lehen surfilaria izango zara…

Ez dut uste, kar-kar.

Zarautzekin jarrai dezagun. Etxean zaudenean, zertan ematen duzu denbora?

Ahal dudanean lagunekin egoten naiz, kontu kontari… Herriko berri ematen didate, eta nik bizitakoak kontatzen dizkiet. Zoritxarrez, lagunek ez daukate nik bezainbeste aukera bidaiatzeko, eta ezin dute nik surfari eskaintzen diodan denbora eskaini. Alde horretatik, kanpoan naizenean batetik bestera nabilen arren, faltan botatzen ditut lagunak.

Uretara ere sartuko zara…

Jakina. Gaur, adibidez, Mundakan eman dut goiza.

Mundakako ezker olatu famatua. Atsegin duzu?

Dudarik gabe, momentu onenak eman dizkidan olatua da. Txikitatik, askotan izana naiz. Gustuko hamaika toki aipa ditzaket, baina etxean halako kalitatea izateak ez du preziorik. Gainera, Mundakakoak badu halako xarma…

Gurean marrazo arriskurik ez dago, eta horrek ere izango du bere abantaila…

Bai, baina ez pentsa. Marrazoekin, beti izaten dira sustoak. Uretatik tximista bezala atera behar izan dut noiz edo noiz, baina oraingoz ez didate hozka egin.

Orain, esadazu ero ukitua izatearena topikoa dela…

Eta zer egin, gehien maite duzuna hori bada? Istripuak edonon izan ditzakezu! Arriskuarena erlatiboa da, erne ibiltzea da kontua.

Hel diezaiogun berriro surf munduak izandako garapenari. Iaz, Mikel Troitiño eta Haritz Larrañaga zarauztarrek surfa irakasteko metodoak jasotzen dituen DVD didaktikoa argitaratu zuten. Zein iritzi duzu horrelako metodoez?

Surfa garatuago dagoen herrialdeetan badira horrelakoak. Pentsa, Australian eskola-kirola da. Baina ondo dago, eskaria dagoela erakusten du horrek, eta gure kirol hau izugarri garatzen ari dela.

Aritz Aranbururen esku balego, surfa eskola-kirola litzateke?

Ondo legoke, gaztetxoek gustura hartuko luketela uste dut. Niri, behintzat, txikitan horrelakorik esan balidate, pozez saltoka hasiko nintzen. Horrek surflariak ugaritzea ekarriko luke eta, ondorioz, baita olatu eremuak masifikatzeko arriskua ere... hala ere, ondo legoke.

Surf munduan hainbeste aldiz aitatzen den “lokalismoak” ere gora egingo luke, eta olatu eremuetan liskarrak sortuko lirateke, agian…

Ni hasi nintzenean, ez zen gaur egun bezainbeste jende ibiltzen, surflari komunitatea txikiagoa zen. Orain toki askotan masifikazioa izaten da, eta zailagoa da nahi hainbat olatu hartzea. Baina galderari erantzunez... denetarik dago. Olatuak hartzeko eskubidea denona da, ezin diozu inori ukatu. Elkarrekiko errespetua mantentzea da gakoa.

Aritz Aranbururen kuttunak:



Taldea: Metallica, bat aipatzearren, denetarik entzuten baitut. Musika gogorra egiten dute, eta uretara sartzeko orduan asko motibatzen nau. Bestela, AC/DC, Lenny Kravitz, Prodigy…
Diskoa: Ben Harperren Live from Mars, zuzeneko akustikoa. Hurrengoak ez zaizkit batere gustatu.
Liburua: Alkimista. Gainontzean, ideologia positiboa zabaltzen duten liburuak atsegin ditut.
Abestia: Metallicaren Nothing else matters.
Jatekoa: Txuleta eder bat.
Herria: Zarautz.
Txokoa: Amaren sukaldea.
Mania: Toki berrietara joaterakoan, garrantzitsua da apaltasunez joatea. Norabaitera handikeriaz joan edo etortzen den jendea ezin dut ikusi ere egin.