Argazki zuzendaria: izaki (ez)ezagun hori

Argazki zuzendaria: izaki (ez)ezagun hori “Film horren argazkia bikaina da”. “Argazki zuzendaritzaren arloa ikaragarria iruditu zait”. Pastazko betaurrekoak jantzita dituzula, askotan jaurti edo entzun dituzu esaldi horiek, ezta? Baina, esaten ari zaren une berean, zenbatetan pentsatu duzu “ez dakit zer arraio den film batek argazki on bat izatea, baina tira…”. Jakin, argazki zuzendari baten lana ezinbestekoa dela film bat aurrera eramateko, eta ez, bere lana ez da film konkretu horri buruzko promozio argazki tipiko horiek egitea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/argazki-zuzendaria-izaki-ez-ezagun-hori/@@download/image/rachel-morrison-confimation-hbo-cinematographer.jpg
2019/10/11

Testua: GaizkaIzagirre @Gaizka_Izagirre

“Film horren argazkia bikaina da”. “Argazki zuzendaritzaren arloa ikaragarria iruditu zait”. Pastazko betaurrekoak jantzita dituzula, askotan jaurti edo entzun dituzu esaldi horiek, ezta? Baina, esaten ari zaren une berean, zenbatetan pentsatu duzu “ez dakit zer arraio den film batek argazki on bat izatea, baina tira…”. Jakin, argazki zuzendari baten lana ezinbestekoa dela film bat aurrera eramateko, eta ez, bere lana ez da film konkretu horri buruzko promozio argazki tipiko horiek egitea.
Argazki zuzendaria: izaki (ez)ezagun hori

Nestor Almendros, Zoe White, Vittorio Storaro, Christopher Doyle, Ellen Kuras, Maryse Alberti, Roger Deakings, Gordon Willis, Gregg Doland eta abar. Zazpigarren arteak eman dituen argazki zuzendari onenetarikoak izan arren, ziur oso gutxitan -agian sekula- entzun dituzuen izenak direla. Baina, zer izango lirateke adibidez Terrence Malick eta Alejandro González Iñarritu, Emmanuel Lubezki gabe? Zer Steven Spielberg, Janusz Kaminski gabe? Zuzendari askoren eskutik, gehienetan argazki zuzendari berdinak joaten baitira: Sven Nykvist-Ingmar Bergman, John Alcott-Stanley Kubrick, Robert Richardson-Quentin Tarantino, Robert Yeoman-Wes Anderson… Pentsaezina zuzendari berdingabe hauen filmak ulertzea, argazkiari esker lorturiko estetika eta berezko atmosfera hori gabe. Euskal Herrian bertan, Javier Agirre (Amama, Loreak, Urte berri on amona, 80 egunean, Lucio, La trinchera Infinita, Handia...), Gaizka Bourgeaud (Agur Etxebeste, Un otoño sin Berlin, Bertsolari, Kutsidazu bidea Ixabel…) edota Juantxo Sardon (Gazta zati bat, Barrura begiratzeko leihoak…) ere topatu ditzakegu.

Hitz poetiko samarrak erabiliz, beraien eginkizun orokorra argiaren bitartez zuzendariaren ametsak marraztea dela esango nuke. Obra osoaren estetika konkretua lortu eta irudi kalitatea eta jarraikortasuna mantentzea. Baina baita beraien lan-talde osoa koordinatzea ere, kamera, fokuaren arduraduna, laguntzaileak eta elektrikoak esterako, bakoitzak bere eginkizun zorrotza izaten duela kontuan izanda. Preprodukzio prozesuan egindako lan guztiari esker, argazki zuzendariak aldez aurretik lortu nahi den estetika zehatz-mehatz ezagutzen duenez, grabaketa hasten den unean lente eta objektiboak, formatua, euskarria, kameraren altura, mugimenduak, posizio konkretuak eta beste hainbat gauza bateratzen ditu, taldeko kide bakoitzari funtzio zehatza emanez. Azken urteetan, dena den, euskarri digitalen etorrerarekin, lehen zituzten beste hainbat eginkizun ordezkatzen joan dira. Grabatzerako orduan, adibidez, zeluloidearen tratamenduaz eta errebelatuaz kezkatu beharrean, zuzenean disko gogor batean grabatzen da. Tira, mundu perfektu batean hala gertatuko litzateke, baina askotan errealitatea oso desberdina da, diru faltak edo baliabide eskasek “gerrilla errodaje” deiturikoak bultzatzen baitu askotan. Kamera esku artean duen berberak egiten eta zuzentzen ditu edizio lanak.

Horrez gain, filma zein prozesutan dagoen arabera, argazki-zuzendarien eginkizuna aldatzen joaten da. Aurre-ekoizpenean sartzen da, errodajean jarraitu eta post-produkzio fasean amaitu. Lokalizazio teknikoetan egoten da, gidoiaren analisi eta egituraketa bisualean, aipaturiko grabaketa prozesuan hartu beharreko erabaki guztietan, baita filma muntaketa prozesuan dagoenean, argi/koloreari azken ukituak emanez, itxura “biribila” emateko. Timing prozesuan, errodajean gerta daitezkeen akats txikiak zuzentzen ditu, ahalik eta jarraitasun fotografiko handiena lortzeko helburuarekin. Baina garrantzitsuena, helburu nagusia, irudi horiek guztiak ikuslearengan emozio eta sentsazioak piztea da. Filtro, objektibo eta iluminazio desberdinak erabiliaz efektu emozional eta dramatikoa bilatzea, alegia. Eta batez ere, gidoiak eta istorioak eskatzen duen horrekin eskutik joatea.

Batzuek esango dute, ekoizpen baten lan-taldearen barruan tekniko soil batzuk direla. Besteek ordea, artistak, irudiaren magoak. Nik uste dut bietatik dutela apur bat. Argi dago zazpigarren artearen makineriaren barruan ezinbesteko engranajea direla. Ezin ahaztu, bide desberdinak jarraitu dituzten arren, argazkigintza eta zinema ama beraren anaia-arrebak direla, sustrai berberetik jaiotakoak.