Arabako irrati libreena

Gasteizko jai giro alaian erabat murgilduta, 1983ko abuztuaren 5ean egin zuen lehen emisioa Hala Bedik. Hainbat gizarte mugimendutako partaideek sortu zuten Gasteizko Irrati librea. Hedabideek ez zituzten gure kezkak ikustarazten, ezta gure gustuko kultur adierazpideak plazaratzen ere. Horregatik, gure baliabide propioekin egoera hori gainditzea erabaki genuen, gure irrati propioa sortu genuen, diosku Juan Ibarrondok, Hala Bediko kideak.
Modu horizontal eta autogestionatuan planteatutako irratia. Politika eta ideologia guztietatik distantziaz ariko zena. Horixe egin nahi zuten Hala Bedikoek, eta lortu dute. Hala ere, hasieratik oztopo asko izan zituzten; itxierak, errepresioa, zigor ekonomikoak Filosofia handiz gainditzen joan diren oztopoak: Oztopoak baino, horiek denak erronkak izan dira guretzat. Irudimenez eta militantziaz aurre egin diegu arazoei, esan digu Juanek.
Herritarren babesa
80ko hamarkadan, Hala Bedi irratia sortu zenean, gasteiztarrentzat berrikuntza handia izan zen bidegabekeriak salatzeko aukera ematen zuen halako tresna bat jaio izana, eta jendeak erantzun ona eman zuen. Garai hartan ez zegoen hainbeste jende mobilizatzeko gauza zen tresnarik, dio Juanek.
Hala, pausoz pauso, herritarrek gaur egun Arabako Irratirik Libreena eraiki dute, herriak eta herriarentzat sortutako irrati alternatiboa. Hala Bediko ateak beti zabalik daude. Zerbait egiteko gogoa duen edozein pertsona, edozein kezka duena, ongi etorria izango da irrati honetan, adierazi du Iñakik.
Gaur egun, ehun lagun inguru pasatzen dira egunero irratitik, eta jende mugimendu horrek aberastu egiten du irratiaren programazioa. Hala, era guztietako saioak daude Hala Bedin: musika saio ez komertzialak, nazioarteko gaiak, literatura, historia, kultura, aktualitatea, politika, gizartea
Bestalde, azpimarratzekoa da programazio erdia baino gehiago euskara hutsez dela; alor horretan, Arabako datu soziologikoen gainetik aritzea baita Hala Bediren helburua. Arrosa sareko kide da Gasteizko irrati librea, eta horrek asko errazten die euskararen normalkuntzaren alde egiten ari diren lan hori.
Boluntarioak eta Halabelarriak
Boluntario lana da Hala Bediren oinarria, baina horrek ez du esan nahi egiten den lan hori modu profesionalean egiten ez denik. Borondatezko lanean oinarritzen da irratiaren jarduera, militantzian. Hobetzeko grina dugu, eta horrek bermatzen du kalitatezko zerbait egitea, ez ordainsariak, azaldu digu Linux Finkek, irratiaren arduradunetako batek. Ez hori bakarrik, hartu du hitza Iñakok: Halabelarriei kalitatea zor diegu. Halabelarririk gabe, guztiz ezinezkoa litzatekeelako irrati hau mantentzea. Halabelarriak Hala Bediren bazkideak dira; 700dik gora lagun dira, guztira. Eta gaur egun, irratiak finantziazioaren %80 lortzen du 700 halabelarri horiei esker.
Eta urteurrenean zer?
Emisioa hobetzea, irratia ekonomikoki egonkortzea eta barne funtzionamenduan heldutasunera iristea. Horiexek dira Hala Bedik epe motzera bere buruari jarritako erronkak: Gure bokazioa ez da gure bizitza osoan legez kanpokoak izatea; irrati libre gisa gure eskubideak ditugu, adierazi digu Patas ezizenez ezaguna den Juan Carlos Garciak, Suelta la Olla irrati saioko esatari ohiak. Hala ere, azpihelburuak azpihelburu, funtzionatzen jarraitzea da Hala Bedi irratiaren ilusio nagusia. Horretan ere, bat datoz gaztetxeko jendearekin.
Eta aurtengo urteurrenean, zer? Gasteizen irratia ezagutzen ez dutenengana heldu nahi genuke, irratia haiengana hurbildu. Gisa horretara, aurten zerbait berezia egingo dute hilero irratian, irratsaio guztiei protagonismoa emanez. Bestalde, martxoa aldera komunikazio jardunaldiak antolatuko ditu Hala Bedik.
Programazioaren xehetasunak jakiteko:
Ez sinetsi esaten dizuten guztia, denek egin dezakete gezurretan, baita guk ere
Hedabidetan esaten den guztia ez dela sinetsi behar adierazteko, eta irratiaren eragina neurtzeko, horratx duela lau bat urte Hala Bediko kideek egindakoa: zuzenean ezer esan gabe, baina hainbat estrategien bitartez, Hala Bedikoek alarma gorria piztu zituzten Garoñako zentral nuklearraren inguruan.
Gidari batek deitu zuen Pobes-eko (Araba) errepidetik, bertan polizia asko zegoela eta zerbait gertatzen ari zela esanez. Ertzainak elkarrizketatu genituen, eta ez zela ezer gertatzen adierazi zuten, Eguzkiko Alberto Friasek Garoñak istripuren bat gertatzekotan jarraitu beharreko aholkuak azaldu zituen....
Hala Bedi irratikoen emanaldi hura oso ongi joan zen, eta erabat agerian geratu zen zentral nuklearrak Araban eragiten duen beldurra. Ez hori bakarrik, gezurra edozeinek esan dezakeela erakutsi zuten. Saioak eragin handia izan zuen, eta izan zen bere seme-alaben bila eskolara joan zenik ere. Bestalde, jende askok Hala Bedi irratiko erredakziora deitu zuen urduri, jakinminez. Orson Wellesek burua jaso eta Hala Bediko hauek ezagutuko balitu!