Antzerkia lau egunez Szenatokian

Beharbada ez zarete konturatu, baina dagoeneko urrian gaude. Horrek esan nahi du dagoeneko pare bat hilabete besterik ez direla gelditzen Durangoko Azokak berriro ateak ireki ditzan. Larrituta? Lasai! Oraindik garaiz zabiltzate aurtengo nobedadeak ezagutzen hasteko!
Aurten abenduaren 5etik 9ra antolatuko da azoka, eta guneetan aurkezpenak egiteko izen-emate epea zabaldu berri den arren, Szenatokia guneak dagoeneko prest du bere egitaraua.
Urtero bezala, Szenatokian arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu dute, eta abenduaren 6tik 9ra hiru antzerki emanaldi eta hiru mikro-antzerki izango dira ikusgai, Durangoko Azokako egitarauaren baitan.
Hala, “Txarriboda”, “Baserri” eta “Inondik inora” obrak eta hiru mikro-antzerkiz osatutako saioak taularatuko dira San Agustin kultur gunean, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Durangoko Arte eta Historia Museoan eta kutxabank.es webgunean. Emanaldiaren egunean ere egongo da sarrerak eskuratzeko aukera, antzerki saioa hasi baino ordu bete lehenago, San Agustin kultur gunean bertan.
Azokak abenduaren 5ean zabalduko ditu ateak, baina Szenatokia guneko egitarauari abenduaren 6an, 19:00etan, ekingo diote Txarriboda izeneko antzezlanarekin. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako eta Hika Teatroak ekoitzitako obra honetan Sandra Fernandez, Patxi Gonzalez, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri dira antzezleak.
Obraren sinopsiak laburtzen duenez, Mireia eta Imanol ezkondu egin dira, baina ezusteko baten ondorioz ezkontza izan behar zuenak txarriboda izaten amaituko du. Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute; bazkideek, berriz, 7,5 euro ordaindu beharko dituzte.
Baserri obra, ostera, abenduaren 7an izango da ikusgai, ordu berean. Larrua Produkzioak taldearen dantza pieza hau baserriaz eta bertan bizi den familiaz dantzatutako gogoeta da, eta Miguel Ballabriga, Helena Wilhelmsson, Aritz Lopez eta Jordi Vilaseca dantzariak igoko dira taula gainera. Azken hau ere obraren koreografoa izan da. Kasu honetan, sarrerak 8 euroko prezioa izango du (bazkideentzat, 6 euro).
Antzerki aukera zabalena, berriz, abenduaren 8an izango da; izan ere, hiru antzerki pieza laburrez osatutako mikro-antzerki saioa ikusteko aukera izango da. Tomiris, Agur eta Dolore, eta Schrodinger-en katua taularatuko dira 19:00etatik aurrera eta hiru emanaldiak, kasu honetan, guztiz doakoak izango dira.
Batetik, Atx Teatroaren Tomiris izango da ikusgai, Iñaki Ziarrustaren interpretazioarekin, eta mendeku zilegiaren gaineko bakarkako ikuskizuna izango da. Bestetik, Amancay Gaztañagak zuzendutako Agur eta Dolore antzeztuko dute Miren Gaztañagak eta Iraia Eliasek, eta bi emakumeren mamuak erakutsiko dituzte. Ekoizpena Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroaren artekoa da. Azkenik, Anodino Teatroaren Schrodinger-en katua obrarekin gozatzeko aukera izango da, Aitor Fernandino eta Mikel Losada aktoreekin. Antzezlanaren zuzendaria, aldiz, Mikel Fernandino da.
Szenatokiko egitarauarekin amaitzeko, abenduaren 9an, 18:00etan, Benetan Be taldearen Inondik inora obra eskainiko da San Agustin kultur gunean. Obraren egilea eta zuzendaria Patricia Urrutia izan da, eta Aiora Sedano eta Jon Zumelagarekin batera osatzen du antzezle-taldea. Sarrerek 4 euroko prezioa izango dute, eta txikiek, berriz, 3 euro ordaindu beharko dituzte.