Anjel Alkain: "Programa ganberroa egin nahi genuen"

Anjel Alkain: "Programa ganberroa egin nahi genuen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anjel-alkain-quotprograma-ganberroa-egin-nahi-genuenquot/@@download/image/60p16-1.jpg
2006/02/03
elkarrizketa
Garazi Azkue
Anjel Alkain: "Programa ganberroa egin nahi genuen"
Umoregile moduan, ETB1eko "Sorginen Laratza" programan egin zen ezagun Anjel Alkain. "Kutsidazu bidea, Ixabel" antzezlanarekin arrakasta handia lortu eta telebistan beste hainbat agerraldi egin ondoren, "Wazemank" programa jarri zuen martxan. Telebista gaztetu duen saioa hastera doa. Wazemank!

Arrakasta itzela lortu duzue Wazemank saioarekin. Nola egiten da hori?
Oso talde ona dugu, hori batetik. Apustu handia egin genuen horrekin, jende hasi berria hartu genuen taldean; aktore berriak eta baita gidoilariak ere. Nagore Aranburuk eta biok programaren eskeletoa argi genuen hasieratik, eta asmatu dugula dirudi. Hala ere, ez genuen uste horrenbesterako izango zenik. Egia esan, niri gutxien audientzia datuak axola zaizkit; gehienbat kalean sumatzen dut jendearen harrera. Estilo baten alde apustu egin genuen, eta jendeak ongi hartu duela dirudi.

Ongi pasatzen duzue, behintzat!

Bai! Hori oso garrantzitsua da. Aktore askok sufritu egiten dute lanean, eta hori ez dut behin ere ulertu. Horretarako, aspaldi nengoen tailer batean lanean! Nik ongi pasatu beharra daukat, eta oso ongi pasatzen dugu. Gure artean ere oso giro ona dugu.

Seguru asko, Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitzerenak dira arrakasta gehien lortu duten pertsonaiak.

Umorea egiteko bikote aproposa da. Batetik, Tolosa eta Euzkitze pilota munduan ari dira, eta horrek jokoa ematen dizu. Bestetik, ez dakit aktore ona edo txarra naizen, baina badut nik hizkuntzarekin jolas egiteko joera; eta Euzkitzek eta Tolosak hori badute. Gidoirik ez dugu erabiltzen, eta hori sumatzen da, freskotasuna nabaritzen da.

Nolakoak dira Wazemank-en agertzen diren pertsonaia nagusiak?

Esaterako, gure atsoak pertsonaia maitagarriak dira. Era guztietako pertsonaiak erabiltzen ditugu, eta guztien gustuko pertsonaiak daude. Hala ere, ez dut uste programa honek Euskal Herritik kanpora arrakasta izango lukeenik. Adibidez, ez dut uste atsoen umorea hemendik kanpora ulertuko luketenik. Bestalde, Euskaltzaindia ere ukitu nahi nuen. Denok pentsatu dugu mila aldiz, Euskaltzaindiak arauak aldatu ote dituen, euskaraz nola idatziko den hitz hau… gai hori ukitu beharra zegoen. Hori bai, beti modu positiboan jorratu ditugu gaiak; ezin da salaketa serio bat egin, buelta eman behar zaio. Programa ganberroa egin nahi genuen, eta nire ustez, ganberro puntu oso polita lortu dugu. Baina, noski, pasatu gabe eta imitazioekin jendea mindu gabe.

Nola sortzen dira pertsonaiak?

Eguneroko bizitzan ikusten ditugu pertsonaia horietako asko: gure atsoak, agirretarrak, Patxi mekanikoa... Baina gidoiak ere onak izaten dira, eta ondorioz, pertsonaia horiek gauza politak esaten dituztenez, kontuak funtzionatzen du. Pertsonaiak ezagunak izateaz gain, gaiak ere hurbilekoak aukeratu ditugu beti.

Zein opari egingo zenieke Wazemank-en agertzen diren pertsonaiei?

Gure atsoei, Aita Santua ikustera joateko Erromara bidaia oparituko nieke. Patxi mekanikoari, motorrarekin zerikusia duen edozer gauza emango nioke, edota, bestela, gobidapen bat, neskak agertzen diren egutegi horietako bateko argazki saio batera joan dadin. Euskaltzaindiaren Zalantza Argiketa Zerbitzuko pertsonaiari, berriz, bainuetxe batera bidaia oparituko nioke; ea pittin bat lasaitzen den! Agirretarrei Port Aventurara bidaia oparituko nieke; dena dela, agirretarrak edozein lekutan moldatuko lirateke ongi.

Pertsonaia kuttunak izango dituzue, noski.

Atsoak oso maiteak ditugu, Ibarretxerena egitea ere gustatzen zait, eta baita Julian Iantzirena ere. Wazemank-eko pertsonaiekin zaila da bakarra aukeratzen. Urte pare bat barru, errazago aukeratuko nuke, orain ez dugu perspektibarik.

Eskertzen da telebistan aurpegi berriak agertzea.

Dudarik gabe, aurpegi berriak beharrezkoak dira. Bazen garaia jende berria ateratzeko, eta ez soilik gazteak direlako, onak direlako baizik. Apustu handia izan zen, eta ni hasieran ikaratuta nengoen: aurpegi berriak ziren, baina ez nekien funtzionatuko zuten kameren aurrean. Mikel Pagadizabalen kasuan, esaterako, aktore izateaz gain, gidoilari lanetan ere hasi zen. Zortea izan dugu horretan.

ETB ez da gazteek gehien ikusten duten katea. Wazemank-ekin aldatu al da hori? Nolako ikusleak dituzue?

Wazemank oso programa familiarra da. Nahiz eta ez ulertu, etxeko txikiei asko gustatzen zaie, eta gurasoek ere oso gustura ikusten dute. Baina batez ere gazteei gustatzen zaie, eta beharbada, hori da guretzat datu interesgarriena. Audientzia datuetan agertzen da hori guztia, baina kalean ikusten da ongien. Donostian, kalean, mutil batek oihukatu zidan, gazteleraz, "oso ona programa berri hori, pilotaren katean!"; izan ere, modernoa eta umoretsua da Wazemank. Ikusleen aldetik fideltasuna lortu dugula uste dut. Egon da aldaketa, eta ETBn ere oso gustura daude.

Hala ere Wazemank-eko umoreak ukitu gipuzkoar handia du, ezta?

Hasieran izan zen hori, eta aldatu dugu. Lehenengo, sei saio egin genituen froga moduan, eta saio horietan gure euskalkia erabili genuen, guri ateratzen zitzaigun euskara. Saioarekin jarraituko genuela jakin genuenean, alor horretan arazo bat genuela ikusi genuen, eta casting bat egin genuen. Ondarruko euskara egiten duen aktorea hartu genuen; Bergarako aktore bat ere aukeratu genuen, eta Bergarako euskara egiteko esaten diogu. Azken finean, oso zaila da umorea euskara batuan egitea, ez baitago erregistro urbanorik. Horretan asko hobetu dugula uste dut.

Ikusle guztiek ulertzen al dute zuen euskara?

Zalantza hori banuen, baina ulertzen dute. Baliteke hitz jakin batzuk ez ulertzea, baina istorio sinpleak direnean, oso ongi funtzionatzen du.

Umore sanoa egiten omen duzue.

Zer da umore sanoa? Ez zait gustatzen definizio hori, ezta "euskal umorea" definizioa ere. Umorea unibertsala da, gu Euskal Herrian bizi gara eta Euskal Herrirako programa bat egiten dugu. Zeinentzat ari zaren jakin behar duzu, eta guk argi dugu.

Kalean, jendeak programarekiko duen jarrera nabarituko zenuten. Zer dio jendeak?

Bai, nabaritzen dugu jendearen jarrera. Horrek, audientzia datuek baino gehiago balio du guretzat. Parke batean emakume batek esan zidan, alargundu berria zela, eta eskerrak eman nahi zizkigula, egunean, minutu batzutan behintzat, barre eginarazten geniolako. Hori izugarria da guretzat.

Foroetan, Wazemank-ek "adikzioa sortzen duela" eta "kultuko programa" bihurtzen ari dela diote.

Hori ez dugu guk esaten, behintzat! Funtzionatzen duen programa bat da, eta ez da beste ezer. Oinak lurrean eduki behar ditugu; oso ondo ari gara, ondo pasatzen dugu, eta lan asko egiten dugu. Hori da guztia.

Wazemank: kolore berdea eta sagarra. Nondik dator hori guztia?

Izena garrantzitsua iruditzen zitzaidan: betiko "guazeman/k" esamoldeari ukitu modernoa eman diogu. Izena kolore batekin lotu nahi nuen, eta baita elementu batekin ere. Estilo bat emango ziola iruditzen zitzaidan.

Emaizkiguzu umoretsu bizitzeko gakoak.

Umorea da galdu behar den azkeneko gauza! Gauzei bere seriotasuna kentzen saiatzen naiz; lau egun biziko gara, eta ia ezer ez da ikaragarri garrantzitsua. Dena dela, seriotasuna gauza bat da, eta gristasuna beste bat. Serioa izan zaitezke eta umoretsua; baina grisa bazara, hor ez dago bueltarik.

Ainere Tolosa: Freskoa eta naturala



Ainere Tolosa freskoa eta naturala da haren lankideen ustez, "telebistan bezalakoxea da", diote. Zizurkildarrak urte ugari daramatza taula gainean. Antzerkia ikasi zuen, eta "Kutsidazu bidea Ixabel" obrarako aukeratu zuten, Anjel Alkainekin batera aritzeko. Ordutik hona, hainbat obra eta ikuskizunetan, Alkain eta Ainere Tolosa batera igo dira taula gainera.
Ainerek karakterizazio lan handia behar duten pertsonaiekin gozatzen du gehien, "nigandik urrutien dauden pertsonaiekin oso ondo pasatzen dut; pijoarena egiten, adibidez". Nerea Alias "Betizu" telebista saioko aurkezlea imitatzea egokitzen zaio Wazemanken, eta behin, Nerearekin topatu zen telebistako jantzitegian: "Nerea imitatu behar nuen, eta arropa probatzen ari nintzela, bera azaldu zen; azkenean, berak lagundu zidan arropa aukeratzen. Barre galantak egin genituen". Programan oso ongi pasatzen dutela aitortu digu, "umeak bezala ibiltzen gara askotan, ganberro hutsak gara".


Mikel Pagadizabal: Sasi-artistaren pipermina



Diseinatzaile grafikoa zen Mikel Pagadizabal, Anjel Alkainek Wazemank programarako fitxatu aurretik. "Pagadi" deitzen dute ingurukoek Villabonako gaztea, eta asko atsegin du komikiak marraztea. Film laburretarako gidoiak ere idatzi ditu, eta orain, Wazemankeko gidoilarietako bat da. Bere esanetan, artista baino gehiago "sasi-artista" da, baina bere lankideek ez dute gauza bera esaten: "Bromak egiteko izugarrizko azkartasuna eta abilezia" duela diote, "artista" dela, alegia.
"Pagadi" eta Jon Iraola elkarrekin aritu ziren urtebetez, "Pagadi eta Iraola" izeneko bikotean. "Pipermina" bezalakoa omen da, irudimen gehiegi duen mutila, alegia. Berdez jantzitako taldean dagoenetik, anekdota ugari gertatu zaizkio: galipota jateko itxura egin beharrean, galipota irentsi egin zueneko hura, adibidez. Beste behin, armiarma handi bat ibili zuten platoan, "Basetxea" saioari buruzko grabazio batean. Villabonatarrak mila istorio ditu kontatzeko.

Jon Iraola: Iraola versus tolosa



Jon Iraola Ibarran jaio zen duela 25 urte. Antzerki munduan, Mikel Pagadizabal "Pagadi"rekin eman zituen lehen pausoak, eta "Pagadi eta Iraola" bikotean %50 izan zen. Behin, antzerki obra bat ikustera joana zela, berak ere horrelako zerbait egin nahi zuela otu zitzaion, "Pagadi ezagutzen nuen, eta ideia proposatu nion". Pagadik baiezkoa eman zion, eta imitazioak egiteari ekin zioten. Hain zuzen, obra horietako batean ikusi zituen Anjel Alkainek: "Harrituta gelditu nintzen Alkainek Wazemanken lan egitea proposatu zigunean". Baina Iraolak ederki hartu dio neurria; berak antzezten du Joxean Tolosaren pertsonaia, eta arrakasta itzela lortu du: "Kalean ere jendeari gustatzen ziola antzematen dugu". Hain zuzen, Tolosa da Iraolaren pertsonaia kuttuna. Lankideek artista dela diote, mutil jatorra eta "ogi puska ".