Animalia maitatu baten galeraren min emozionala ez da gutxietsi behar

Animalia maitatu baten galeraren min emozionala ez da gutxietsi behar Animalia maitatu baten galeraren mina benetakoa da eta ez da gutxietsi behar. Askorentzat, etxean eurekin bizi diren animaliak familiako kide dira eta hauei agur esatea emozionalki gogorra den esperientzia da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/animali-maitatu-baten-galeraren-min-emozionala-ez-da-gutxietsi-behar/@@download/image/mascota-1-1365x2048.jpg
2022/11/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Animalia maitatu baten galeraren mina benetakoa da eta ez da gutxietsi behar. Askorentzat, etxean eurekin bizi diren animaliak familiako kide dira eta hauei agur esatea emozionalki gogorra den esperientzia da.
Animalia maitatu baten galeraren min emozionala ez da gutxietsi behar

Gure senitarteko eta lagunen heriotza da pairatu dezakegun esperientziarik gogorrenetako bat. Asko idatzi da galera hauei buruz, ez horrenbeste, ordea, maitatuak ditugun animalien doluari buruz. Askotan ahaztu egiten zaigu gure espeziekoak ez direnekin lotura sakonak garatzeko gaitasuna dugula. Begi-bistakoenak txakur edo katuekin sortzen ditugun harremanak dira. 

Askorentzat, eurekin etxean bizi den animalia familiako beste kide bat da. Izen bat du, nortasun bat eta esperientziak partekatzen ditugu berarekin. Horregatik, ez da harritzekoa, honen heriotzaren aurrean triste sentitzea. 

Doluan ez dago araurik, bakoitzak bere erara bizi du, beraz, ezin gara orokorkerietan erori. Askotan, animalien heriotza edo galeraren aurrean isiltasuna eta ulertezintasuna topatzen dira. 
Sozialki ez da beti legitimotzat hautematen animalia maitatu baten heriotzaren aurrean senti genezakeen mina. Izan ere, orain dela gutxira arte, animaliak ehizarako, garraiorako edo artzaintzarako tresnak ziren. Sentsibilitatez betetako izakiak izatearen ideia berria da, euren etxekotzea orain dela 11.000 urte baino gehiago hasi bazen ere. 

Ulertua ez sentitzeak, gure emozioak isilaraztera eraman gaitzake, pentsatu genezakeelako gure inguruak ez gaituela ulertuko. Orduan duelu isila hasten da, sekretuan mantentzea nahiago duguna, inongo babes sozialik gabea eta emozio oso zailak piztu ditzakeena. 

Egun badakigu, galeraren batek sortu digun emozioa ez  azaleratzeak -izan suizidio bat edo estimatutako beste egoeraren bat- jada delikatua den prozesua zaildu lezakeela. Etxeko animalien galera kategoria honetan sartu genezake. 

Duelu prozesuak beti konplexuak dira. Betiko eraldatzen gaituzten esperientziak izaten dira. Honegatik babes soziala izugarri lagungarria da. 

Gehiengoak prozesua gainditzen dugu, hau da, galdutakoa min jasanezin bat sentitu gabe gogoratzea lortzen dugu. Alta, batzuetan zaildu egiten da egoera eta emozio izugarri zail horiek denboran gehiegi luzatzen dira, nahaste mentalak sortzeraino iritsiz. 

Haur askorentzat, euren etxeko animaliaren heriotza izaten da dueluarekin izaten duten lehen esperientzia. Hau irakaspen oso baliotsua izan liteke etorkizunean izango dituzten egoeretarako tresna egokiak eskuratzeko. Funtsezkoa da animaliaren heriotzari garrantzirik ez kentzea, edo antzeko animalia batekin bestearen hutsunea betetzen ez saiatzea. Etxeko animalien doluak badu partikulartasun berezi bat. Askotan, animaliaren osasuna oso kaskarra bada, ohikoa izan ohi da eutanasia aplikatzea. Jokabide errukiorra da, baina erruduntasun sentimenduak sortu litzake. 

Laburbilduz, animalia baten galeraren dolua ez da isilarazi edo gutxietsi behar. Gure animalia iletsuari agur esan beharrean aurkitzen garenean gaizki sentitzen bagara, gogoratu erabat naturala dela emozio hori eta beste bizitzako edozein galerari aurre egiten diogun moduan egin behar diogula aurre.