Ander Lipus: "Pena emateak ez du ezertarako balio"

Ander Lipus: "Pena emateak ez du ezertarako balio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ander-lipus-pena-emateak-ez-du-ezertarako-balio/@@download/image/lipus_1_1365085271.jpg
2013/04/08
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Galder Izagirre
‘Publikoari gorroto’ antzezlanak Donostia Antzerki Saria jaso zuen martxoan. Ander Lipusek sortutako Huts Teatroa konpainiaren lehen lana da, baina ikuskizunak ez du ezertxo ere amateurretik.


"Berandu baina seguru", esan digu Ander Lipusek (Markina, 1971) Durangoko San Agustin kultur guneko atea zabalduz. Elur maluta txikiak erortzen dira kanpoan, eta gustura sartu gara barruko epeltasunera. Hari jarraika egin dugu eszenatokirainoko bidea. Iñigo Ibarra Lizundia jarri zioten gurasoek, baina Ander Lipus ezarri zion bere buruari izen artistiko gisa. Madrilen hasi zituen antzerki ikasketak, eta berehala sorkuntzara bideratu zuen bere lana. Egindako lan, aurkeztutako emanaldi eta parte hartu duen proiektuen zerrenda amaigabeak bermatzen dion esperientziatik dihardu teatroaz, bere espazio naturala den horretatik, lasai, konfiantzaz. Jaso berri duten saria sorpresa izan dela aitortu digu, apustu indartsu eta arriskutsua aurkeztu dutelako, baina pozik dago errekonozimenduarekin.

Zure baieztapena da: "Euskal publikoari ez zaizkio gauza zoroak gustatzen". Ederra egin duzu ba!
Orokorkerietan jaustea arriskutsua da, baina hori da nire iritzia. Euskal antzerkigintzan ez gara asko, eta denetarik egon behar du, tontokeriak besterik kontatzen ez dituen teatroa, irri egitekoa, eta gauza pisutsuak kontatzen dituena. Nik denetarik egin dudan arren, oro har arriskuak hartzen ditut. Zergatik? Nire antzezteko manera bera ez delako psikologikoa, komunikatzeko beste modu bat bilatzen dudalako. Ez naiz ni… ez dakit nor naizen… –isilik geratzen da–. Ez dakit nola azaldu…

Ba hain justu horixe bera galdegin nahi nizun, ea zure antzezteko modua nola definituko zenukeen…
Teknika bat bilatu izan dut, metodo bat eta komunikatzeko manera bat. –Isiltasuna berriz ere–. Eszenan nagoenean energia bat transmititzen dut, egunerokotasunean naizen hori ez den beste zerbait naiz. Hori oso garrantzitsua da, zuk lilura bat sortu behar duzulako, erakargarri izan behar duzulako publikoak taula gainean bila zaitzan. Animalia bat izan behar duzu! Oso interesagarria da eszenatoki gainean katu edo txakur bat ikustea, ez dakizulako zer egingo duen. Eta taula gainean zaudenean hori igortzen jakin behar duzu, jendeak ez baitaki hau egingo duzun –besoa azkar mugitzen du–, edo beste hau –mantso mugitzen du–. Eszenan egoteko modu bat da, eta ez du lantzen den teatro psikologikoarekin zerikusirik. Horretatik kanpo nago ni, nahiz eta teknika horiek ere ikasi ditudan. Teatroak ez du psikologiarekin zerikusirik, teatroak beste gauza batzuekin du zerikusia, animaliagoa den horretatik hurbilago dago. Energiak transmititzearen ideiatik, esaterako. Zu psikologikoki triste jarri zaitezke, baina garrantzitsuena tristura hori transmititzea da, eta nik transmisore moduan egiten dut lan. Kontua ez da nik zer sentitzen dudan, jendeari bost axola zaio pertsonaiak zer sentitzen duen, baizik eta zer transmititu nahi dudan. Eta uste dut batzuetan ahaztu egiten zaigula garrantzitsuena publikoa bera dela, hari iritsi egin behar zaiola, eta iristeko psikologiak ez duela ezertarako balio.

Azken urteetan Iparraldeko ukitua duten obrei eman diete, hain justu, Donostia Saria: ‘Errautsak’, ‘Gure bide galduak’ eta aurten ‘Publikoari Gorroto’. Esan dezakegu Iparraldetik aire freskoa datorrela euskal antzerkira?
Bermudetako zirkulu moduko bat sortu dugu, bai, hiru obra horietan nolabaiteko inplikazioa egon delako Dejabu Papin Laborategia konpainia gipuzkoarraren, Petit Theatre de Pain talde lapurtarraren eta Artedrama plataforma bizkaitarren artean. Egia da teatroa ikusteko manera jakin bat erakusten duela horrek… Baina kontuan eduki beharreko beste gauza bat da sari hau ez duela soilik teatroaren mundutik datorren jendeak ematen, Euskara Patronatuak baizik, eta saritzen duena ez dela soilik obraren kalitatea, euskal antzerkiaren alde egiten dugun apustua baizik. Errautsak eta Gure bide galduak obrek, Publikoari gorrotok bezalaxe, ez zuten gaztelerazko bertsiorik. Euskarak du indarra, eta hori publikoak eskertu egiten du, euskal irudikari baten teatroa egiten ari garelako. Azken batean, artistok ere konpromisoak hartu behar ditugu, eta azken obra hauek hori dute, zigilu bat, marka bat, zeinek esan nahi duen euskal teatroa Euskal Herriko zazpi probintzietan egiten dela. Eta kanpora esportatu nahi bada, ados, oso ongi, baina euskaraz, eta ez erori elebitasunaren tranpan.

Elebitasunak kalte egiten diolako?
Agian oker nago, baina baietz esango nuke. Orain hala pentsatzen dut, behintzat. Ez dut imajinatzen Ruper Ordorika bere diskoak gazteleraz eta euskaraz prestatzen... Hor zerbaitek klak egiten du, bietako bat ez da horren borobila izango. Uste dut euskaldun sentitzen garenok gogoeta bat egin behar dugula horren inguruan, eta antzerkia maite duen oro, euskaraz ez jakin arren, euskal antzerkia ikustera gonbidatu behar dugu, seguru bainago ez dutela ingelesez Shakespeare bat ikusteko inolako oztoporik. Eta hori gure lana da. Nahi badute euskarazko azpitituluak jarriko dizkiegu, baina ikus dezatela obra euskaraz.

‘Publikoari gorroto’ Xabier Mendigurenek 1985ean idatzitako antzezlana da, eta Huts Teatroak taularatu du lehen aldiz. Zuk eta baita Manex Fuchsek ere —aktore zuzendariak— markatuta zenuten obra zuen liburutegietan. Zergatik? Zerk erakarri zintuen?
Askotan, testuak iristen zaizkizu eta ez dizute gauza askorik esaten, edo ez duzu posible ikusten, gauza bat baita testua idatzita ikustea eta beste bat hori taularatzeko aukerak izatea. Honek bazuen aukera hori, hiru aktore direlako eta muntatzeko erraza delako. Eta gero, oso bortitza iruditu zitzaidan, oso gogorra, eta nigan eragin hori sortu zuenez, pentsatu nuen ni hori taularatzeko gai izango nintzela. Zeren beste testu batzuekin ez zait hori gertatzen, eta gainera, euskal teatroa ez da oso oparoa gidoi aldetik; ez dugu artxibo handi edo liburutegirik, ezta obra garaikide askorik ere.

Antzerkia ikustera bi ikusle besterik hurbildu ez zaizkion aktorearen istorioa kontatzen du. Gertatu al zaizu zuri halakorik?
Bai, behin hiru etorri ziren eta horietako bik ikusia zuten obra… suspenditu egin genuen. Duela bizpahiru urte izan zen.

Eta nola sentitu zinen?
Amorru pixka bat sentitzen duzu, egia da… baina teatroa ez da figura baten kontua, lantalde osoarena da. Hau da, antolatzaileak ere egiten duenari pasioa jarri behar dio, eta kasu hartan hark ez zuen bere lana ongi egin, kartelik ere ez zuen jarri! Eta maite duzun hori zaintzen baduzu, ez da halakorik gertatzen; baliteke publiko masiborik ez izatea, baina hiru? Dena den, malaostia antolatzaileek eragin zidaten, ez etorri ez ziren ikus-entzuleek, eta egun hartan tronbonistak ikaragarrizko gripea zuenez, pozik joan ginen etxera –barrez–.

Nolakoa izan da obraren prestaketa prozesua?
Bide gogorra izan da, guk, oro har, prozesu nahiko luzeak egiten ditugulako. Kasu honetan, astebeteko egonaldia egin genuen Leioan eta ondoren bost egunez Berrizera joan ginen. Horrek obraren dimentsioa ikusteko balio digu, eta nik, gainera, denbora behar izan nuen testu osoa buruz ikasteko. Azkenik, Harri Xurin (Lapurdin) egin genuen azken egonaldia. Pixkanaka dramaturgia guztiek bat egiten dute: musika, jantziak, eszenografia… eta, taula gainean hiru lagun garen arren, argiak, produkzioa, banaketa eta abar kontuan hartuz, hogei inguruk osatzen dugu produkzio taldea. Ikusleek emaitza baino ez dute ikusten, baina horren atzean lan handia dago, eta kasu honetan Manex Fuschek oso ongi kudeatu ditu prozesuaren zailtasunak.

Hainbat ahotatik entzun dut obraren arrakasta zure antzezpenean eta aktore zuzendariaren lanean datzala, ez horrenbeste testuan edota eszenografian. Zer duzu esateko horren inguruan?
Ba teatroan oso inportantea dela talde lana eta, batez ere, ni taula gainean lasai eta ahalik eta hoberen egon nadin ezinbesteko dudala atzean daukadan jendea. Hori horrela da. Nik ezingo nuke atzo Erandion eta ostiralean Arrigorriagan antzeztu –elkarrizketa martxoan egin zen–, Irantzu lankideak obra saldu izan ez balu. Hortik hasita dena lotuta doa, eta guztiak ematen dit indarra nire lana ahal bezain ongi egiteko. Aktore batentzat obra hau gozoki bat da, edo nik behintzat hala sentitu nuen irakurri nuenean, nire burua gainditzea gustatzen zaidalako, "hau ere lortu dut" pentsatzea. Superazio horren atzean urte luzez egindako prozesua dago, nire ibilbidean landutako pertsonaiak, eta jendeak lan pertsonal hori ikusten du, baina badakite atzean pertsona horrengan sinesten duen talde bat dagoela. Ni horien guztien transmisorea naiz, eta egongo da hori gustatzen zaionik, eta baita nire interpretazioa gehiegizkoa dela iruditu zaionik ere.

Aktore moduan ulertzen ez zaituztela sentitu al duzu inoiz?
Bai, ez dakit… –tartea–. Gertatzen dena da antzerkiaren inguruan ez dagoela jende aditu asko, alegia, jakitun gehiago dagoela futbolean edo eskupilotan, eta zentzu horretan, oso gatza da elkarrizketa eta diskurtso aberatsak izatea. Errealitatea da! Alde horretatik, agian, bai sentitu naiteke ez ulertua. Baina gure lana da ezagutza partekatzea, eta horretarako tailerrak, antzerki eskolak, ikastaroak… egitea. Zeren ni haurra nintzenean nire herrian ez zen antzerkia existitzen, eta horrek ez ulertua sentiarazten ninduen nolabait. Eta Madrilera nindoala esan nuenean, denetarik deitu zidaten. Horregatik niri tokatu zait esatea baietz, antzerkitik bizi nahi dudala eta hala bizi naizela, nire ofizioa dela, eta antzerkia zabaltzen lan egingo dudala. "Ez naute ulertzen" esateak eta pena emateak ez du ezertarako balio.

Haurra zinela Markinan antzerkia egiteko aukerarik ez zenuela esan duzu, baina orain posible da, ezta?
Bai, bertako Abarka antzerki taldea zuzentzen dut, eta oso gustura nabil. Joseba Sarrionandiaren ipuinetan oinarritutako obra bat prestatu dugu eta martxoan estreinatu genuen herriko pilotalekuan. Horrek asko betetzen nau, pentsa, Markinara bizitzera joan nahi dut! —Berrizen bizi da—.

Eta zein ekarpen egiten diezu zure ikasleei?

Antzerkiak gauza askorako balio du! Sozializatzeko, elkarrekin komunikatzeko, taldean gauzak egiten ikasteko… Antzerki obra bat ezkontza bat antolatzea bezalakoa da: arropak atondu behar dituzu, bazkaltzeko lekua topatu eta prestatu, gonbidatuak ekarri… Antzerki bat beti ospakizun bat da, nahiz eta antolaketan gaizki pasatzen den zenbaitetan. Eta ba al da jendartearentzat ospakizunak antolatzea baino gauza politagorik? Horretaz gain, pentsamendu kritikoa eraikitzen laguntzen du, eta gizartearen ispilua da. Denak dira onurak!

Eta ikusle bezala, zer bilatzen duzu?
Aitortu beharra dut munduko ikuslerik txarrena naizela, birjintasuna aspaldi galdu nuelako. Asko kostatzen zait nire alde arrazionala, ofizioz datorkidana, albo batera uztea, eta inbidia diet ikusle horiei. Batzuetan eszenatokitik jaitsiko nintzateke eta besaulkietan daudenei kristoren besarkada emango nieke, ikusle potentzialak direlako eta haiek transmititzen dizutena zuzenean iristen zaizulako. Baina ni, hain justu, kontrakoa naiz, eta beraz, eskatzen dudan bakarra obra aspergarria ez izatea da, bizipoz minimo bat izan dezala. Antzerkia egitea txakurra paseatzera ateratzea bezalakoa baita: nirearekin irteten naizenean, buztana gelditu gabe mugitzen du, bere poztasuna komunikatuz, baina mugituko ez balu, zertarako paseatu? Ba gauza bera antzerkiarekin! Hortik aurrera, talde guztiek dute meritua zerbait taularatzeagatik.

Ez zara produkzio handien zale, eta azpiegitura txikiko obrak dituzu nahiago. Zergatik?
Euskal antzerkia egin nahi baduzu, bi aukera dituzu: zazpi hiriburuetan zabaltzea, edo herriz herri aurkeztea. Ni bigarrenaren aldekoa naiz, eta uste dut herrietara iristeko moduko teatroa egin behar dela. Esaterako, Lartzabalen zure obra aurkeztu nahi baduzu, esango dizute ez dutela dirurik zure muntaia haraino eramateko, eta zuk era autonomoan egin behar duzula. Beraz, azpiegitura handiekin ezingo zinateke herri askotara iritsi. Noski, zure perspektiba bada Euskal Herrian aurkeztea eta ondoren Madrilera eramatea, ba orduan bai, goazen ahalik eta teatrorik burgesena, garestiena egitera. Baina ni ez naiz oso artifizio zalea, ez zaizkit su artifizialak gustatzen; nahiago dut publiko murritzago bat izatea, 100-200 ikusle inguru. Hautuak dira. Eta hautu horiei esker orain arte iritsi ez garen lekuetara iristea lortu dugu, esaterako, Santurtzira, bertako gaztetxean aurkeztuko baitugu obra laster. Noski, ez da berdina izango, eta dena muntatzeko gorriak ikusi beharko ditugu, baina pozik egingo dugu!

Eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak zein paper jokatzen du honetan guztian?
Ahaleginetan ari dira Euskal Herri mailan zerbait bateratua egiteko, baina uste dut oraindik zail dagoela kontua. Hiru urte pasa ditut batzarretara joaten, baina utzi egin dut, nazkatuta nengoelako, ez delako erreala! Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea sortzen dugu eta lau txori gara! Gizarte oso autonomoan bizi gara, indibidualistak gara, eta nazio mailako prozesuak oraindik handi geratzen zaizkigu, errealitateak oso ezberdinak baitira Iparraldean, Bizkaian, Gipuzkoan… Baita euskararekiko ere. Ez dut esaten gaizki dagoenik, inondik inora, baina Euskal Herriko deitzea… gehiegitxo da. Bertsozale elkartearekin lortu dute, baina antzerkizale elkartearekin oraindik zaila da. Eta, gainera, instituzioek ez dute asko laguntzen, ez dute esfortzu handirik egiten hau dena aurrera eramateko. Esaterako, ez dute dirurik eman ezta gaur egungo euskarazko antzerkiaren egoera zein den aztertzeko eta diagnostiko bat egiteko ere: zenbat antzerki talde amateur dauden, zenbat talde profesional dauden, zenbat antzoki… Diagnostiko bat, ez da horren zaila! Baina apurrak baino ez dizkigute ematen beti… Hala ere, ez dut negarrik egingo, borrokan jarraituko dugu.

Beti esaten da antzerkia krisian dagoela. Zuk nola ikusten duzu euskal antzerkigintza 20 urte barru?
20 urte barru…? Ba ni behintzat zaharragoa izango naiz… –tartea–. Uneotan faltan botatzen dudana jende gaztea da, 25 urte ingurukoa esan nahi dut, ni ere gazte sentitzen bainaiz. Ez ditut gazte horiek ikusten… baina noski, ez dago antzerki eskolarik apenas, are gutxiago euskaraz egiten duenik, eta Hegoaldean gainera antzerki talde bat egitea oso zaila da, azpiegiturak nolakoak diren ikusita. Baina horiena beharko luke izan etorkizunak, uneotan performanceak egiten eta taldeak sortzen ari diren gazteena.

Ander Lipusen kuttunak


Liburu bat: Twist (Harkaitz Cano, 2011).
Film bat: Holy Motors (Leos Carax, 2012).
Antzerki obra bat: Poza: zergatik egiten dute dantza bosniarrek? (Metrokoadroka Kolektiboa, 2012).
Amets bat: Nire emaztea eta bere ahizpa Kubatik ekartzea, kontzertu bira egin dezaten.
Miresten duzu: Ez dut inor mitifikatzen.
Ez duzu sekula ahaztuko: Gaurko eguna.