Amorante: "Kultura merkea da, eta merkea izateagatik guri garesti ateratzen zaigu".

Amorante: "Kultura merkea da, eta merkea izateagatik guri garesti ateratzen zaigu". Iban Urizar (Elgoibar, 1975) musikariak Amorante bezala "Bat edo Hiru" diskoa argitaratu berri du. Ezin garai hobeagorik udazken-negu kutsua duen disko hau kaleratzeko. Izaera iluna du, baina argi printza batzuk ere atzeman daitezke bere melodietan. Pausa bat eskaintzen du garai azkar eta surrealista hauetatik at atseden hartzeko. Abesti sorta berrien harira elkarrizketa egin diogu eta bertan diskoa begiak itxita entzuteko gonbita luzatu digu, ez ditzagun merezi duten plazer txikiak galdu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amorante-kultura-merkea-da-eta-merkea-izateagatik-guri-garesti-ateratzen-zaigu/@@download/image/Juxe Areta Goñi.jpg
2020/10/09

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Iban Urizar (Elgoibar, 1975) musikariak Amorante bezala "Bat edo Hiru" diskoa argitaratu berri du. Ezin garai hobeagorik udazken-negu kutsua duen disko hau kaleratzeko. Izaera iluna du, baina argi printza batzuk ere atzeman daitezke bere melodietan. Pausa bat eskaintzen du garai azkar eta surrealista hauetatik at atseden hartzeko. Abesti sorta berrien harira elkarrizketa egin diogu eta bertan diskoa begiak itxita entzuteko gonbita luzatu digu, ez ditzagun merezi duten plazer txikiak galdu.
Amorante: "Kultura merkea da, eta merkea izateagatik guri garesti ateratzen zaigu".
Argazkia: Joxe Areta Goñi

Bat edo hiru da zure lan berriaren izena, zergatik ez bi? 
Askotan galdetu izan didate, agitarapenei begira, ea hau nire lehen diskoa ote den. Diskoa jada kontzeptu zaharra da, beraz, hau ikuspuntuaren arabera nire hirugarren erreferentzia izan daiteke. Hortik dator bat edo hiru zalantza hori. 

Ezohiko instrumentuak txertatzen dituzu zure musikan. Adibidez, oraingo honetan zintzarri kolpe batekin hasten da diskoa. Zein beste ezusteko aurkitu daitezke?
Zuzenean erabili ohi ditudan musika tresnak erabili ditut disko honetan. Salbuespena pianoa da. Abestien moldaketak egiterakoan estudioan piano bat zegoen eta horregatik erabili dut. Izan ere, ezberdin planteatzen ditut zuzenekoak eta diskoak moldaketei dagokienez, baita abestiaren izaerari dagokionez ere. Beraz, grabaketan pianoarekin jantzi nituen abestian, beraz ohiko instrumentu bat sartu izana izan liteke ezustekoa -barreak-. Tronpeta ere nahikotxo entzuten da. Orain arte zuzenekoetan asko erabili izan du eta grabaketetan ez horrenbeste. 

Kantu batzuetan abesti herrikoiak hartu eta zure estilora ekarri dituzu oraingoan ere, zergatik? Zer eskaintzen dizu tradizioak?
Abesti herrikoiak nahiko zuzenak izan ohi dira. Hitz aldetik edo esaldi motagatik, sinpleak baino, zuzenak. Abesti horietan kontatzen diren istorioak egunerokotasunarekin lotura izan ohi dute, baina gauza potoloagoak kontatzen dituzten azpi-testuak izaten dituzten. Iruditeri guzti hori oso errakargarria egiten zait. Batzuetan testuak moldatzen ditut, beste batzuetan melodia konkretu bat hartu eta horri testua txertatzen diot. Musika herrikoiak helduleku bat ematen dit nire jarduna egitek. Zeren ni beti letretatik abiatu izan naiz musika egiterako garaian. Amoranteren hastapenetatik hitzari garrantzia handia eman diot abestiaren izaera finkatzerako orduan. 

Aldi berean pieza instrumental bat ere baduzu John Cazale aktorearen izena daramana...
Oso bitxia da bere istorioa. Bizirik zegoela 6 pelikuletan hartu zuen parte bakarrik, baina zen sekulako aktorea, sekulako indarra zuen eta aktoreen artean oso estimatua. Bitxia da bere bizitza, sei pelikula bakarrik, baina zinemaren historian sekulako pelikulak dira guztiak, mugarri izan direnak, eta pantailan sekulako indarra zuen. Beraz, pieza instrumental bat merezi zuen berak. Oso pieza ederra atera zen eta berari eskaintzea erabaki nuen, piezaren izaera epela ondo zihoakion. Hitzik ez dauka abestia irekia izateagatik. 

Diskoan gonbidatu asko ere izan dituzu, hala nola Uxue Alberdi, Mariano Hurtado, Joseba Irazoki edo Aitor Etxeberria, zer eskaini diote gonbidatuek diskoari?
Mariano Hurtadok kontrabaxua sartu dit zenbait abestitan, instrumentu hau abesti batzuei oso ongi zetorkien eta Mariano Hurtadorekin jo izan dut lehendik eta asko miresten dudanez artista eta pertsona bezala aukeraketa erraza izan zen. Joseba Irazokirekin ere beste hainbeste. Uxue Alberdiren kasua hitzen aldetik beste hainbeste. Hasieran kontzertu hasieretan bertsolariei eskatzen nien sarrera batzuk egiten, eta Uxuek pare bat egin zizkidan eta bertsolarien kontaktuak pasatzen ere lan asko egin zuen eta asko daukat berari eskertzeko. Juliana abestiaren letra berak egin du eta sekulakoa da, oso oso ederra. Aitor Etxeberriak berriz, ekoizle rola bete du. Bere zigiluarekin argitaratu dut diskoa. Niretzat sekulako babeslekua da. 


Argazkia: Joxe Areta Goñi

Aipatu duzu hitzetatik abiatuta sortzen duzula musika, baina gaur egun hitzak eta musika irudirik gabe ez direla existitzen, zuk musika iruditan jarri beharraren presioa sentitzen duzu?
Honekin kontraesanak dauzkat. Egia da dirudiela musikak bere horretan garrantzia galdu duela irudiekin lagunduta ez badoa. Tristea da bi zentzumen behar izatea gauza batez gozatzeko. Orduan, nik ikusten dut behar hori iruditan jartzeko nire jarduna, bai kontzertuak lotzeari begira edo ikus-entzunezko pieza polit bat sortzerakoan, zeren ekoiztetxe asko daude oso pieza ederrak sortu dizkidatenak. Beraz, bai, polita da iruditan edukitzea horrelako gauzak, baina apur bat pena ematen dit gizartea irudiaren gatibu egotea egun. Iruditzen zait erabat alfertuta gabiltzala, ez dugu denbora hartzen, gure kontsumoaren abiadura horrenbeste azkartu da, estimulu behar hori pasatzen dela ikusmenetik sartzen zaiguna badirudi azkarrago sartzen zaigula, belarritik sartzen zaiguna baino. Niri gustatzen zaizkit bideoklipak edo zuzeneko bideoak audio txukun batekin, eta gozatzen dut, baina gustatuko litzaidake bakoitzak bere partzelatxo hori mantentzea eta musika ba, begiak itxi eta entzuteari horrek ematen diona ez dakit beste zerbaitek eman dezakeen. 

Nola definituko zenuke diskoa?
Udazken-negurako disko bat da. Heriotzari hitz egiten dio, nahiz eta aurretik hori ez prestatutako zerbait izan. Iluntasuna dario, baina argi printzak ikusten dizkiot pop garaikidea ardatz duen disko honi. Niri gustatuko litzaidake diskoak bere bidea egitea eta horrek niri zuzenean jotzeko aukerak sortzea. Azken finean, nik zuzenekoak maite ditut eta horretan jarraitzea gustatuko litzaidake. 

Zer eskaintzen dizu zuzenekoak?
Askatasuna, poztasuna, hustuketa bat bezala ikusten dut, katarsi moduko bat. Asko kosta zitzaidan nire burua oholtzan bakarrik ikustera. Egun, oholtzaratu segurtasunarekin egiten naizenik ez dizut esango, baina kantuan asko gozatzera iristen naiz. Ez nuen inoiz pentsatuko nire buruarekin bakarrik kantuan horrenbeste gozatzera iritsiko nintzenik. Sentimendu horrek bultzatzen nau jarraitzera.
 

Nola planteatuko dituzu zuzenekoak?
Nik zuzenekoetarako lan egiten dut, Amorante zuzenekoa proiektu bezala jaio zen. Horregatik disko edo grabaketaren bat egiterakoan ezberdin planteatzen ditut biak. 



Argazkia: Trespordos

Behartuta sentitzen zara beraz, grabatzera zuzeneko horiek eman ahal izateko?
Bai, industriak behartzen nau askotan. Badirudi grabaketaren bat edo diskoren bat ez duen artistaren presentzia desagertu egiten dela. Niri zuzenean jotzea gustatzen zait, baina grabaketen dinamika horretan sartu beharra dut ezin bestean.

Osasun krisi honekin ordea, ez da erraza zuzenekoak lotzea, zein da zure egoera?

Ni zorteduna naiz. Beharbada nire formatuarengatik, ni bakarrik bainago oholtzan edo egiten dudan musika estiloagatik batek daki, baina baditut zenbait data. Antzokietan jotzen ari naiz orain, publikoa eserita eta maskararekin. Egoera horri badirudi zenbait musika estilo hobeto doazkiola. Fisikoagoak diren musikak edo mugimendua eskatzen dutenak ez dute horrenbeste leku. 

Nola daramazu publikoa maskarekin ikustea?
Gaizki -barreak-. Ez dut uste inork ondo daramanik. Egia da hobe dela kontzertuak egoera horretan ematea ez ematea baino. Hori ukaezina da. Baina sortzaile moduan, nire lana azaleratzerako orduan oso gogora egiten ari zait. Zuzeneko musikak, beste jardun batzuekin alderatuta publikoaren behar gehiago du eta ez da erraza. Alta, sortzaileok baino egoera okerragoan daude lan teknikoa egiten duten kultur arloko langileak. 

Baina kulturak frogatu du segurua dela. Zergatik uste duzu ez dela hainbeste babesten edo baloratzen?
Kultura merkea da, eta merke izateagatik guri garesti ateratzen zaigu. Konfinamenduan badirudi kultur kontsumoa igo egin zela. Nik esango nuke doako kultur kontsumo digitala igo zela, aisialdiarekin lotutakoa. Kontua da ez dugula hori dirutan jartzen asmatzen jakin. Izan ere, honetatik jaten dugunok beharrezkoa dugu egiten dugunetik dirua sortzea, baina ez dakit ez ote garen gure teilatuari harrika aritu. Orain, badirudi pixkanaka gauzak ateratzen ari direla, nahiz eta egoera dohakabea izan. Kultur jardunak arriskutsuak balira bezala saltzen dira, eta bitartean arriskutsuagoak izan litezkeen beste aisialdirako ohitura batzuk sustatzen dira. Badirudi aukeraketa bat egiten dela erabakitzeko zein jardun diren seguruak eta zein ez. Kontua da beti berdina izan ohi garela kaltetuak eta hori nahiko nekagarria da. 

Sorkuntza aldetik eragin izango duela krisi honek uste duzu?
Esango nuke uste duguna baino eragin handiagoa izango duela sorkuntzari dagokionez. Konfinamenduan adibidez, ezin izan nuen entseatzera joan eta horrek sortzen zidan ezinegonak eragina du. Zer esanik ez, lehen aipatu dudan horrekin; musika motaren arabera frustrazioa areagotu liteke sortzaileengan, behar duzun energia hori, zure musikarekin zihoana, orain ezin delako askatu. Gainera publikoa musuko baten atzean kartzelatua daukagu eta hori oso gogorra suertatu liteke. Entzule bezala ere, oihu egiteko, mugitzeko gogo guzti horiek debekatuta baleude bezala goaz kultur ekitaldietara. Ondoren gauza bitxiak gertatzen dira, zeren antzoki batean ezin dena egin taberna batean egin daiteke. Paradoxikoa da leku horietan aurpegiak ikusi daitezke kontsumoa dagoela. Sortzaile bezala egoera horiek eskertzeraino iritsi naiz, imajinatu! Guztia oso surrealista da. 

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez litzaidake etorkizun beltz bat ematea gustatuko. Egunak dauzkat, egun batzuetan baikorragoa nago, lehen ezkutuan egon zitezkeen proposamen txiki batzuk, bere izaeragatik, azaleratzeko erraztasun gehiago eduki dezakete, baina ez nago oso ziur horretaz ere. Zeren bestalde, ikusten dut gure kontsumo ohiturak nondik bideratzen ari diren, ez bakarrik kontsumo digitalagatik, zenbat kostatzen zaigun orain espazioetara mugitzea. Epe motzera ez dut ikusten aldaketa zantzu handirik. Jaialdietan jendea batu eta sozializatzeko garai horiek badirudi atzean utzi ditugula eta kostatuko zaigu horretara bueltatzea. Eta bueltatuko bagina ere, guztionek jada aldatu gaitu, gure harremantzeko modua aldatu egia esan, baikorragoa izatea gustatuko litzaidake, baina errealitateak ez dit baikor izateko aukera asko uzten. Beraz, dagoena aprobetxatu eta zerbait gustuko baduzu saiatu gozatzen, bai egiten, bai kontsumitzen eta horretan jarraitu, horrela gutxi hori behintzat elkarrekin disfrutatuko dugu. 


Amorante zuzenean ikusteko gogoz hainbat aukera daude. Hurbildu, gozatu eta babestu kultura!