Amancay Gaztañaga: "Antzinako komedianteak bezalakoa naiz"

Amancay Gaztañaga: "Antzinako komedianteak bezalakoa naiz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amancay-gaztanaga-antzinako-komedianteak-bezalakoa-naiz/@@download/image/amancay_arg9071_1444295319.jpg
2015/10/13
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Galder Izagirre
Amancay Gaztañaga: "Antzinako komedianteak bezalakoa naiz"
Amancay Gaztañaga (1980, Guayaquil, Ekuador) Grises taldeko frontwomana
izateaz gain, sormenaren hamaika ertzetan bizi da. Eskulanak egiten ditu,
musika, dantza eta antzerki klaseak ematen ditu eta hainbat hedabidetan ere badu bere txokoa. Orain, sorkuntza prozesuan murgilduta dago taldekideekin batera; estudioko laugarren diskoa urtarrilean aurkeztu nahi dute.




Energiaz betetako irribarre gardenarekin egin digu harrera Amancayk. Telefonoz, Zestoako Gurutzea berehala topatuko genuela agindu dit, eta halaxe izan da. Kalean kamera aurrean jarri du Galderrek, baina luze gabe bere etxera sartzera gonbidatu gaitu. Goxotasun eskuzabalarekin hartu gaitu eta giro erosoa sortu du hiruron artean.

Liburuz eta irudiz betetako txoko ederrean lasaitasun elegantearekin pasiatzen diren bi katu persiar ditu Amancayk. Galderri egoera erretratatzea aukera ederra dela otu zaio, eta animaliak bereganatzen saiatu da gure protagonista. Ez ditu gogoz kontrako ezer egitera behartzen; pazientziaz betetako hitz samurrekin hurbiltzen zaizkio.
Dudarik gabe, Amancay Gaztañagak badu aparteko sentsibilitatearen magia.

Ekuadorren jaio zen Amancay Gaztañaga Sagarzazu.
Bai, nire gurasoak laguntza humanitarioa eskaintzera joan ziren Ekuadorrera. Han bizi izan ziren zazpi urtez. Eñaut, anaia, eta biok han jaio ginen, eta niri bertako izena jarri zidaten. Nire bizitzako lehenengo bost urteak pasa nituen bertan.

Zer esan nahi du ‘Amancay’-k?
Ekuadorreko lore baten izena da. Quechua hizkuntzan bada amodio istorio bat izen horren inguruan. Bihotza sendatzen duen lorea omen da.

Gogoan al duzu Ekuadorren bizitakoa?
Bai. Gerora ere askotan itzuli naiz. Han nire gurasoekin elkarlanean ibili zen jendea dago, horregatik saiatzen naiz lotura hori ez galtzen. Bestalde, nire ahizpa Perukoa da. Beraz, familian Hego Amerikarekin lotura handia daukagu. Gainera, Grises taldeak ere, Mexikon adibidez, jarraitzaile asko ditu.

Hortaz, oroitzapen horiek zure egunerokoan oso bizirik dituzu.
Bai. Amari beti esaten diot gorputza leku tropikal batean bizitzeko prestatu zidala, eta egun batetik bestera Euskal Herrira etorri ginen! Hasiera batean Euskal Herria ilun ikusten nuen, baina urteekin iluntasun hori barruan argitzen joan zait. Gehienbat Madrilen bizi izan naizenean aldatu da sentipena. Hasieran maitasun-gorroto fuerte bat sentitzen nuen.



Euskal Herriarekiko?

Euskal Herriarekiko baino gehiago, Hego Amerikatik etortzeak eragindako shock horren ondorioz. Hark bestelako xarma du. Egia da oso egoera gogorra bizi dutela, adibidez, nire gurasoak egon ziren tokietan jendea oso egoera larrian ikusten nuen. Baina, hala ere, bazegoen hemen ez dagoen bizipoza. Ume baten begiekin begiratuta ulertzen nuen hori, eta hemen, berriz, dena oso ilun ikusten nuen. Madrilera joan nintzenean, ordea, asko akordatu nintzen Euskal Herriaz!

Madrilera joan eta beste hamaika gauza ere egin dituzu. Baina horietan sakondu aurretik, zure burua nola definitzen duzun jakin nahiko nuke.
Antzinako komedianteak bezalakoa naiz. Herriz herri istorioak kontatzen zituzten komediante horietaz ari naiz; abesten zuten, antzezten zuten, eskulanak saltzen zituzten… Bai, Erdi Aroko komediante bat izango nintzateke!

Hortaz, gorputza duzu lan eremu. Erabiltzen ikasi duzu edo naturalki gertatu da?
Ikasitakoa da. Eskolan izan genuen adierazpen heziketa. Hala ere, gaur egun sakonago lantzen da hori; gure garaian oso azalekoa zen. Bestalde, Zestoan, futbolean aritzen zinen edo ez zeneukan lagunik. Ni, ordurako, biolinista nintzen, hortaz, nahiko frikia nintzen. Futbolean ere sartu nintzen, baina belauna puskatu eta futbola nirekin bat ez zetorrela konturatu nintzen.

Dantzatzen jarraitzen duzu, ordea.
Bai, eta hori posible da uste dudalako mugitu ezin daitekeen ezer ez dagoela bizitza honetan. Medikuak, hamalau urte nituela, halako ezer ezingo nuela egin esan zidan baina... Limitazioak beti dira onak, zure tokian jartzen zaituzte. Gustatzen zaizkit.

Lesio hark nola mugatu zaitu?
Ezintasun batzuk baditut, giharretan atrofia potentea daukadalako. Ezin dut korrikarik egin, adibidez. Astero akupuntorearenera joaten naiz, eta zer jaten dudan asko zaindu behar dut.

Minik baduzu?
Akunpunturan hasi aurretik, egunero eta une oro. 

Nola bizi duzu musika?

Musikan bizi naiz.

Sortu eta harekin lan egiten duzu. Zer doa zeren aurretik?
Lehenengo musika sortzea izan da, beti. Sei urterekin Euskal Herrira heldu nintzenean biolina jotzen hasi eta karrera amaitu nuen. Nire lehenengo pasioa musika da, eta horrek narama beste hainbat gauza artistiko egitera.

Grises sortzera, adibidez.
Duela hamaika urte sortu genuen anaiak (Eñaut Gaztañaga) eta biok. Hasiera batean Grises Sueños izena geneukan. Naturalki sortu zen; Zestoan mugimendu musikal handia dago eta estiloen fusio gunea da.

Nolakoa da Grisesen sorkuntza prozesua?
Zestoarrak eta lagunak gara, eta ordu pila pasatzen ditugu elkarrekin. Sortzeko bi era ditugu: kideetako batek etxetik ideia edo riff bat ekarri eta hortik ekitea, edo abestia osorik ekartzea. Gehienbat elektronika lantzen dugu eta dena zuzenean egiten dugu. Alegia, ez dugu ezer aldez aurretik grabatzen. Hori da Grisesek daukan zailtasuna.

Normalean diskoak zure anaiak grabatzen ditu eta, azken diskoa, zuzenekoa, berak ere baina Haritz Harreguyren espazioan grabatu zuen.
Lau abesti bere estudion jo eta zuzenean grabatu genituen. Azken batean, gure indargunea zuzenekoa da, beraz, publikoak ikus dezala egiten dugun guztia zuzenean eginda dagoela, momentuan sortzen dugula eta horrek ez daukala trukorik.

Kostatzen zaizu eszenatokira igotzea?
Ez.

Atzera begira, zer esango zenidake Grisesen bilakaeraz?
Buf. Hazten ari gara etengabe, ikasketa prozesu amaigabean. Oso argi daukagu ez dugula funtzionatzen duen formatu bat atera nahi eta punto. Urteak atzera argi geneukan zer egin nahi genuen, baina ez genekien nola. Orain, ordea, ikasten ari gara eta hori da ederra. Urte pila bat daramagu jotzen, baina esan daiteke, Grises bezala lauzpabost urte direla.



Zein da musikak eman dizun momenturik gogoangarriena?

Lehenengo aldiz festibal batera joan ginenean. Duela lau urte Huescako Tremendo Pop jaialdi txikira joan ginen. Ordura arte beti Gaztetxeetan ibilitakoak ginen, eta Madrilgo zenbait aretotan, eta akojonatuta geunden. Jaialdi hartako eszenatokira igo eta den-dena jendez petatuta zegoen… benetan sentitu nuen zerbait berezia zegoela.

Engantxatzen al du emozio horrek?
Bai, pila bat. Eta ondorengo bajoiak kristorenak dira. Musikarekin ez zait hainbeste gertatu, baina bai antzerkiarekin. Adibidez, lau urtez izan nintzen mundu osoan zehar antzezlan bat egiten. Astean egun bakarra geneukan atseden hartzeko. Amaitu genuenean kristoren bajoia izan nuen, animikoa zein fisikoa, eta medikuarenera joan nintzen, ez bainuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan. Hutsune handi bat baino ez nuen sentitzen. Adrenalina zela esan zidan. Adrenalina droga bat da. Egunero eszenatokira igotzen zara eta gorputzak adrenalina naturalki sortzen du. Eta bat-batean sortzeari uzten dionean, monoa izaten duzu. Mono horrek adierazteko hamaika modu ditu: bajoia, malenkonia, hutsunea, egonezina…

Sorkuntzarako parada ere emango du.
Bai, eta ona gainera. Sorkuntzarako geratu egin behar da. Beharrezkoa dira denbora eta gogoeta. Guk soinuari garrantzi handia ematen diogu, eta horrek denbora behar du estudioan, zentratuta zauden denbora gainera. Biran zaudenean energia asko gastatzen duzu beste gauza askotan. Publikoarekin zaude eta orduan publikoari sor diozu energia hori.

Minetik elikatzen zarete?
Gaur egungo gizartean mina dago, beraz, minetik denok elikatzen gara. Minetik ikusi behar da zer aukera ematen diozun zure bizitzari: malenkonian erori eta min hori elikatu edo min hori ezagutu eta aldatzen saiatu. Edo saiatu zaitezke jendeari min hori arintzen. Gure kasuan, kantetako hitzak beti doaz minaz, nahiz eta iruditu ez.

Minaz ari garela, Madrilgo urteak oso gogoan dituzula agerikoa da. Hamabi urtez bizi izan zinen han, eta duela zortzi bueltatu. Itzulera mingarria izan zen?
Madrilen nire esnatze artistikoa gertatu zen. Euskal Herrian topatzen ez nuen dena han aurkitu nuen. Zestoa herri txikia da, eta aktore izateko ez dago non ikasi. Aktore izan nahi nuen, eta hemezortzi urterekin joan nintzen, Madrilen bakarrik zegoelako interpretazioko goi-eskola, RESAD (Madrilgo Arte Dramatikoko Errege Goi Eskola). Hasieran oso gaizki pasatu nuen. Eta Madriletik Euskal Herrirako itzulera mingarria izan zen, baina ez hainbesterakoa, konturatu bainintzen mundutik biran ibili ostean edonora bueltatu zaitezkeela. Nire etxea Euskal Herria da.



Zergatik egin zitzaizun hain gogorra Madril?
Madril jaten zaituen hiri bat delako. Madrilek ondo zaudenean, oso ondo tratatzen zaitu, baina gaizki zaudenean, oso gaizki.

Madrilen izan zinen hamabi urte horietan, zer ikasi zenuen?
Interpretazioa eta dantza. Dantza orientala deskubritu nuen. Orduan jabetu nintzen nire feminitatearekin arazo bat neukala. Hemen askotan konturatzen naiz emakumeok energia jakin batetik borrokatzen dugula, energia maskulinotik. Matriarkatuan bizi omen gara. Nik ez dut matriarkatu horretan batere sinisten, fartsa bat dela iruditzen zait. Energia maskulinotik borroka egitera bultzatzen gaituzte. Hori exijitzen zaigu, eta, are gehiago, horrelakoa ez den emakume bat ikusten badugu, ez dugu berdin baloratzen. Dantza orientalak hausnaketa hori egitera eraman ninduen.

Nola bizi duzu hori taldea lau mutilekin osatuta?
Nik eszenatokian ez dut nire burua batere zentsuratzen. Oso aske uzten dut nire gorputza nahi duena egiteko. Jendeak askotan esaten du: "Ostia, Amancay, pasatu egin zara!" Kontua da ez gaudela ohituta emakume bat horrela mugitzen ikustera.

Ez gaude ohituta emakume bat askatasunarekin mugitzen ikustera?
Ez, ez gaude ohituta. Niri asko gustatzen zait gizonen artean lan egitea, daukaten isiltasun hortaz gozatzea. Hala ere, asko kabreatzen nau eszenatokira igotzean emakumeak eta gizonak ezberdin tratatzen direla ikusteak, emakumeak loretxoak izango bagina bezala. Horrekin haustea gustatzen zait, eta horregatik pixka bat agresiboa naiz eszenan. Musikaren munduan asko gertatzen da. Sutan jartzen nau jack bat zer den ez dakien txolin bat bezala tratatua izateak.

Genero bereizketa dela-eta izan al duzu esperientzia deserosorik?
Bai, kontzertu baten oso gaizki pasatu nuen. Lleidako areto baten jo genuen. Han jarraitzaile asko ditugu, eta oso onak, baina aretoa beteta zegoen eta oso toki txikia zen. Batzutan eszenatokian nagoenean nolabaiteko sentsazio agorafobikoa sartzen zait; hainbeste jenderen aurrean hain biluzik sentitzen zara batzutan! Sei tipo jarri zitzaizkida aurrean eta kristoren gaizki pasa nuen.

Sexualki intimidatua esan nahi duzu?
Bai, bai, bai. Oso-oso gaizki pasatu nuen.

Nola egin dakioke aurre horrelako egoera bati?
Egia esan, ez dakit. Nik jotzen jarraitu nuen. Kontzertuaren ondoren negar asko egin nuen, eta etxera joan nintzen. Ez nuen obariorik eduki beste ezer egiteko.
Oso biolentoa egin zitzaidan eta oso gaizki sentitu nintzen.

Taldekideek horrelako egoeretan elkar babestuko duzu, ezta?
Bai, noski. Asko-asko. Eta gustatzen zait hori, ni neska izateak ez baitu gure artean eraginik, ez dugu genero bereizketarik egiten eta hori asko gustatzen zaidan erlazio sanoa da. Izan daiteke txikitatik ezagutzen garelako eta anaia taldean daukadalako. Gainera, euskara neutroa da genero kontuetan, hori historiaurretik dator. Garai hartan abileziaren arabera sailkatzen zen jendea, ez generoaren arabera. Gaur egungo genero bereizketaren iruditeria hori zinemak eman digu.

Zinema aipatu duzula, oholtza gainean eta pantailaren beste aldean ikusi zaitugu antzezten. Non zaude erosoago?
Antzerkian telebistan baino erosoago. Argi daukat jendea beste aldean dagoela sentitzea asko gustatzen zaidala, eta horrek gorputzean eragiten didan betekada kamerak ez dit sortzen.

Berehalako akzio-erreakzio aukera hori?
Bai, zalantzarik gabe. Eszenatokiko animalia naiz.

Euskadi Irratian entzuten zaitugu asteazkenero, Hitzan kolaboratzen duzu, biolin eta dantza klaseak ematen dituzu, dantza konpainia batetan zaude, Grises, La gata de Pandora eskulan proiektu propioa duzu… Egunak ba al ditu nahikoa ordu zuretzat?
Lasaitasunez hartzen dut, gauza horietako bakoitzak besteak elikatzen dituelako. Horiek guztiak egin ondoren entsegura joaten naiz gaueko 23:00etan. Gure lana oso neketsua da, baina ez da fabrika batean sartu eta zortzi orduz atera ezinik egotea. Dena elkartuta dago eta gauza batek bestea betetzen du. Ez dakit nola egiten dudan, baina hori naiz. Gauza batek bestea konplementatzen du.

Etorkizunean zer erronka bete nahiko zenuke?
Nik lortu nahiko nuke –pentsakor– musika sortzetik bakarrik bizitzea. Segurtasun bat edukitzea. Estudiora joan eta egun guztia lasai egon zaitezkeela jakitea, horixe izatea lana. Ez autonomoa izan eta lanei ezetz esateko beldurrarekin bizitzea, egon behar duzun tokian ez zaudela jakitea; sormenerako ordu asko behar dira, eta ordu asko kontzentratuta. Hori lortu nahi dugu, ez beste ezer.

Amancayren kuttunak


Abesti bat: Spanish Sahara (Foals).
Musika talde bat: Foals.
Pelikula bat: Funny Games (Michael Haneke, 1997).
Antzerki bat: King Lear (Royal Shakespeare Company).
Liburu bat: A Confederacy of Dunces (John Kennedy Toole, 1980).
Komiki bat: Akira. (Katsuhiro Otomo, 1982-1990).