AMAK taldeak lehen diskoa kaleratu du

90eko hamarkadan soinu txikia eta panderoa oinarri zituzten hainbat talde sortu ziren, eta arrakasta nabarmena izan zuten horietako askok. AMAK taldeko lau kideak ere plazaz plaza ibili ziren eurek sortutako musikarekin: Maixa Lizarribar, Maixa eta Ixiar taldean; Alaitz Telletxea, Alaitz eta Maiderren; eta Amaia Oreja eta Kristina Solano, berriz, Kristina eta Amaia eta M-n Ezten taldeetan.
Aparraldiaren ondoren, musikarekin lotuta jarraitu zuten guztiek, baina agertokiak hain sarri zapaldu gabe. 2018an Oñatiko Trikititxa jaialdian elkartu ziren eta hasiera batean hitzordu bakarra izango zela uste zuten arren, elkarrekin gustura sentitu eta aurrera jarraitu zuten. Hurrengo bi urteetan, 20 bat kontzertu eman zituzten euren eta beste batzuen kantuen bertsioak eginez, lau pandero, lau soinu txiki eta lau ahots erabilita.
Orain, euren ibilbidean beste pauso bat eman nahian, zortzi abestiz osatutako diskoa sortu dute, AMAK izenekoa. Emakume izateak eta amatasunak zerikusi handia dute taldearekin eta diskoarekin. Alde batetik, AMAK kide bakoitzaren izenaren lehenengo letrekin osatutakoa da eta, gainera, guztiek dituzte haurrak. Beste aldetik, Bai ama kantua ama guztiei eskainitakoa da, eta Egiaren arnasa abestia <<baztertuta egon diren eta urteetan lanean aritu diren baserriko emakumeei>> zuzendutakoa da. Bestelako gaiak ere jorratu dituzte, esate baterako, amorrua, adierazpen askatasuna. Gerra Zibilean fusilatutakoen omenezko kantua ere egin dute.
Hiru abestiren letrak eurak sortuak dira eta, gainerakoetan, Karmele Jaio idazlea, Onintza Enbeita bertsolaria eta Olaran elkartea izan dituzte lagun. Soinua eta panderoa ardatz, doinu dantzagarriak eta lasaiagoak tartekatu dituzte: kalejirak, arin-arinak, valsak eta baladak. Xabi Solano aritu da ekoizle lanetan.
Taldea zuzenean entzuteko aukera izango da Euskal Herriko hainbat txokotan, Aian, Urnietan, Errezilen eta Zumarragan, esaterako. Kontzertuen inguruko informazioa jasotzeko AMAK taldearen webgunea bisita dezakezue.