ALTER EGO: JOSEBE ITURRIOZ

ALTER EGO: JOSEBE ITURRIOZ Askok Josebe Iturrioz ‘ITU’ tolosar peto-petotzat hartzen badute ere, Ordizian jaio zen, duela 39 urte. Feminismoa du bizimodu. Filosofian lizentziatura eta pare bat doktoretza egin ondoren, berdintasun masterra ikasi zuen EHU-n. Berdintasun teknikari eta aktibista honek hankarteak ez duela generorik adieraztea leitmotiv duen arren, musikaren hizkuntza unibertsalean ederto aritzen da ere... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-josebe-iturrioz/@@download/image/Josebe iturriotz 001.jpg
2017/04/21
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkia: Karobiphoto

Askok Josebe Iturrioz ‘ITU’ tolosar peto-petotzat hartzen badute ere, Ordizian jaio zen, duela 39 urte. Feminismoa du bizimodu. Filosofian lizentziatura eta pare bat doktoretza egin ondoren, berdintasun masterra ikasi zuen EHU-n. Berdintasun teknikari eta aktibista honek hankarteak ez duela generorik adieraztea leitmotiv duen arren, musikaren hizkuntza unibertsalean ederto aritzen da ere...

• Zer dute Karibeko dantzek arin-arin edo fandangoak ez duena?
Tamalez, Euskal Herrian behar duguna: gerria eta gorputza mugitzera eramaten zaituzten doinuak.


• Nolatan animatu zinen genero rolak hain definituta dituen dantza bat ikasten hastera?
Onartzen dut hasiera batean horrek zalantza inportanteak sortzen zizkidala, baina nire pentsamoldea zeharo aldatu zen lagun batekin Madrilera egun batzuk pasatzera joan nintzenean...


• Ene! Zer gertatu zen bidaia horretan ba?
Ba Madrilen etxe okupa batean antolatzen zuten saltsa saio batera joan ginen, kriston giro ona zuen jendeak eta orduan piztu zitzaidan gogoa. Donostiara itzuli eta akademia batean izena eman nuen.


• Salto ederra eman zenuen gero! Madrilgo etxe okupatuen saltsa festatik Donostiako akademiara...
Bai, eta gainera, lehenengo klasean izan nuen irakaslea oso matxista zen; gizona izanik, eramaten zuenaren rola bakarrik ezagutzen zuen eta neskei ez zizkien pausoak irakasten. Neskek ez zutela dantza egiten esaten zuen, bakarrik mutilek eramaten utzi egin behar zutelako.


• Ufa! Halere, kostatzen zait imajinatzea zu beste norbaitek eramaten uzten...
Jakina, nik eramaten ikasi nahi nuen! Irakaslez aldatu nuen eta oso emakume jatorra egokitu zitzaidan. Bi rolak irakatsi zizkigun eta klaseren batean baten batek kale egiten zuenean rol batean ala bestean aritzeko gaitasuna genuen.


• Esaten dute alderdi akademikoa ikastea ona dela gerora arauak haustsi ahal izateko...
Niri ez zait gustatzen oso toki profesionaletan dantzatzea, Madrilgo tankerako leku alternatiboak nahiago. Jende profesionala dabilen tokietan ez naiz ausartzen, ni lau kopa gainean eramanda hobeto moldatzen naiz.


• Tabernetan beti eskatzen duzun abestia...
Romeo Santosen La proposición indecente bachata eta Oscar de Leónen Llorarás salsa. Hauek jartzen dituztenean dena ematen dut eta txalotu ere izan didate, ez pentsa!


• Eta arrakastarik izaten al duzu?
Ni oso astuna eta lotsagabe hutsa naiz. DJ profesional batengana joan eta bachata matxistenak eskatu izan dizkiot oihuka: “Romeo Santos mesedez!” Donostiako Le Bukowskin nitaz kokoteraino daude eta sekula jarri didaten estilo gertukoen abestia Mursegoren Cumbia esquimal izan da –barrez–.


• Eta zer diozu reggaetonaz?
Reggaetona ere Karibeko dantza da. Ikaragarri gustatzen zait eta oso garrantzitsua da klase baxuko jendeak sortutako musika delako. Musika estilo guztietan sexismoa dago: popa, heavya, baina egia da reggaetona esplizituagoa dela. Dena den, badira letra sexual eta aldarrikatzaileak dituzten taldeak. Onartzen dut Romeo Santosek bere letratan esaten duena azterketa soziologiko bat egiteko modukoa dela baina ikusi beharko zenuke festa feminista batean lau bollera bere kantak eskatzen!
–Barrez–.


• Noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke?
Danele Sarriugarterena dibertigarria izango litzateke. Baita Anari edo Maialen Lujanbiorena ere, noizbait erdaraz pentsatzen ote duen jakin nahi nuke!