Alex Uranga, bodyboarderra: "“Goi mailako kirolari baten emaitzak lortu ditut eta merezi dut aukera"

Alex Uranga, bodyboarderra: "“Goi mailako kirolari baten emaitzak lortu ditut eta merezi dut aukera" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alex-uranga-bodyboarderra-quotgoi-mailako-kirolari-baten-emaitzak-lortu-ditut-eta-merezi-dut-aukeraquot/@@download/image/20111138877alex_1361230919.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Antxoka Agirre
Alex Uranga, bodyboarderra: "“Goi mailako kirolari baten emaitzak lortu ditut eta merezi dut aukera"
Reunion Irlako Trials-ak, bertako txapelketa eta Ferroleko Surfusiom txapelketa irabazi ditu egun gutxiren buruan. Arroken kontra hartutako kolpe batek marka pare bat utzi dio aurpegian, baina irribarrea gehiago markatu zaio: datorren urtean GSS ligan munduko 24 bodyboarder onenen artean lehiatzeko txartela lortu du zumaiarrak. 

Hemen inguruko olatuaetan etxean bezala sentituko zara honezkero. Zein dituzu gustukoenak?
Itzurunen ibili izan naiz asko. Sakoneta inguruetan ere oso gustura. Roca Puta ere bai… Bertako kosta guztia probatu izan dugu gehiago edo gutxiago.

Ba al daukazu itsasora sartzeko bereziki gustatzen zaizun ordu jakinen bat.
Itsasoaren menpe egon ohi da noiz sartu edo ez sartu; segun ze olatu dagoen, haizeak nondik eta zenbat jotzen duen. Hala ere momentu bat aukeratu ahal izango banu, azken ordua, ilunabarra oso polita izaten da eta asko gustatzen zait.  

Zein da zure figura gogokoena?
Tubo eder bat.

Zumaian dezenteko mugimendua dago bodyboard-aren inguruan, ezta?
Bai, pixkanaka adin ezberdinetako jendea dezente juntatu gara. Txapelketatan ondo dabilen nire adineko jende bat dago, adibidez, Andoni Isaga eta Jon Lopez. Gazteagoak ere, Xabi Urrestilla, Alex Odriozola… hamasei, hamazazpi urtekoak. Eta aurreko belaunaldia ere bai: Solas, Suarez, Ulacia, nere anaia… Izatez, Zumaiako Itzurun Surf Kirol Elkartean gehiago gara bodyboard-arekin gabiltzanak tablarekin dabiltzanak baino.

Gainera oso giro ona daukagu: Uretan pike sanoa, eta uretatik kanpo lagun arteko harremana.

Noiz eta nola erabaki zenuen profesional gisa aritu nahi zenuela?
Hamabost bat urterekin. Garai hartan Errealeko beheko mailetan nenbilen, eta bodyboarda ere egiten nuen. Loren neukan entrenatzaile eta esan zidan aukeratu egin beharko nuela, elitean nengoela eta aurrera jarraitu banuen futbolean jarri behar nituela nire indar guztiak, bodyboarda utzi beharra neukala. Niri ez zitzaidan normala iruditu, adin horrekin elitean nengoela esatea eta horrelako exijentziekin  ibili beharra. Halaxe esan nien: hartu zuen holaxe esan zuen txandala, hartu zuen kamisetak eta ni banoa itsasora. Profesionaletara iristeko helburua? Ba agian beranduago, baina garai hartatik oso serio ibili izan naiz beti.

Zer ematen zizun bodyboardak futbolak ematen ez zizuna?
Futbolean kontrarioek ostikadak ematen dizkizute, eta gero zuri ostikada batekin erantzuteko gogoa sartzen zaizu baina ezin kar, kar, kar. Egia esan aukeratu nuen aukeratu arazi egin zidatelako... Gero egia da baita futbol zelaian arau gehiago, agindu gehiago eta muga gehiago dituzula; itsasokoa borroka politagoa iruditzen zait.  

Ez zenuen aukera txarra egin; Reunion Irlako txapelketa irabazi ondoren goreneko mailan sartzea lortu duzu.
Orain arte GQSan aritu naiz. Hau liga irekia da, eta Top 24en liga, GSSra, sailkatzeko aukera ematen du. Horretarako GQSko proba batean puntuazio onena, GSSko proba baten Trials-etarako puntuazio onena eta bakoitzaren ligan, nirea europearra da, sailkapen on bat izatea eskatzen dute. Falta zitzaidan bakarra trials-etako puntuazio on bat zen. Trialsa kanporaketa bat da GSSko proba batean 24 onenekin parte hartzeko gonbidapena ematen dizuna. Reunionen Trialsa irabazi nuen lehenengo eta gero baita txapelketa ere.

Erdi lesionatuta joan zinen bertara, ezta?
Egun batzuk lehenago klabikula atera egin zitzaidan Itzurunen izandako kolpe batean. Ez dakizu noiz baina azkenean olatuak beti astindu egiten zaitu, eta justu txapelketa aurretik tokatu zen… Berehala jarri zidaten klabikula bere tokian baina Reunionen oraindik ere minbera neukan, disblokadura bat. Hala ere txapelketa hasi aurretik lau egun egin nituen bertan eta oso ondo etorri zitzaidan errekuperatzeko. Gehienbat lehen kanporaketetan izan zen molestia.  

Hala ere Trials-ak irabazi.
Egun berean egin ziren txanda guztiak. Lehenengoa nahikoa erraz joan zen, baina bigarrengoan kolpea hartu nuen arrezifearen kontra eta aurpegia markatuta gelditu zitzaidan. Odoletan nengoenez eta inguru hartan tiburoiekin arrisku handia dagoenez txanda bukatu aurretik atera behar izan nuen kanpora…

Hainbesterakoa al da tiburoien kontua?
Ni iritsi aurretik, bi egun lehenago, tipo bat jan zuten, Europako txapelduna izandako bodyboarder bat. Bost hilabetetan laugarrena zen. Han geundela andre bat jan zuten… Nik neronek ere Trials-etako finalean bat ikusi nuen buztana pa-pa-pa-pa mugitzen hogei bat metrotara. Venezuelar baten kontra ari nintzen eta '¿tu ya has visto eso?' esan nion. 'Sí, sí, sí! Era hasi, negro y gris!' esan zidan. '¿Salimos?' galdetu nion eta buelta eman nuenerako tipoa desagerturik zegoen, justu olatua hartu eta ospa eginda kar, kar, kar!!

Ze susto puska!
Kanpora atera nintzenean epaileak etorri zitzaidan 'Take it easy!, Take it easy!' baina ni dardar batean nengoen… Baina irabazi egin nuen eta pozik… Asuntoa oso serio ari da jartzen, Indiko guztian baina batez ere Reunionen. Garai batean harrapatu egiten zituzten baina orain ez, asko ugaldu dira eta nonbait ez dago janari nahikoa guztientzat... Elkarteren bat ere sortu dute arrantzarako debekua kentzeko eskatzen duena, Greenpeace aurka azaldu da… Sekulako saltsa.

Txapelketan ere primeran moldatu zinen.
Lehenengo buruz burukoa Guilherme Tamega brasildarraren aurka tokatu zitzaidan. Sei aldiz munduko txapeldun izandakoa da hau, eta errespetua ematen du holako figura batek, baina nire helburua beteta zegoenez presiorik gabe eta oso gustura aritu nintzen. Aurrena batek aurrea hartu, gero besteak, oso kanporaketa estua izan zen. Bukaeran olatu bat pasatzen utzi zuen, nik harrapatu, zortzi eta pikuko nota egin eta horrekin pasatu nintzen final laurdenetara. Hemen ere, hiru egun beranduago, beste arerio garrantzitsu bat tokatu zitzaidan, Michael Novy australiarra, baina hasieratik hartu nuen abantaila, bederatzi eta pikuko olatu batekin, eta abantaila hori mantendu besterik ez nuen egin behar izan.

Zenbat olatu hartzen dituzue horrelako kanporaketa batean?
Hogei minutu izaten dira, eta araututa dago hamar olatu baino gehiago ezin direla hartu, baina normalean hiruzpalau baino gehiago ez dira hartzen. Olatua hartzen duzunean hurrengo olatua hartzeko lehentasuna uzten diozu arerioari, beraz, oso ondo aukeratu behar duzu olatu bakoitza eta oso ondo neurtu behar dira norberaren indarrak.

Final erdikoetan utzi dugu kontakizuna.
Final erdikoa Dave Winchesterren kontra izan zen. Hau ere oso estua. Jende honek ez du hutsik egiten, olatu onak zeuden gainera eta holakoetan errazago erakusten da bakoitzaren maila. Baina, justu justuan izan bazen ere nik egin nuen aurrera.

Uretatik likra aldatzera atera, gorria kendu, horia jantzi, eta zuzenean finalera, Jake Stoneren aurka. Ni zerbait hobeto hasi nintzen, 7,5 bat nik eta 6,6 bat berak, baina sei bat minuturen faltan olatu on bat egin eta bera jarri zen aurretik. Bukaera hego haizea sartu zen, ordea, eta itsasoa puskatu egin zen. Lehentasuna berak zuenez bere ondotik aldendu eta beherago lehertzen ziren olatu batzuetara aldatu nintzen, eta minutu baten faltan bat egindako bi olatu etorri zitzaizkidan, olatu motza baino potentea. Back flip eder bat egin eta 8ko bat atera nuen, irabazteko nahikoa.  

Sorpresa izan da gainerakoentzat, GQSko bodyboarder bat munduko onenei gailendu; zeuretzat?
Nire helburua Trials-etan sailkapen on bat egitea zen datorren urtean Top 24ean egon ahal izateko. Behin hori lortuta martxan ikusten nintzen, mailan banengoela, olatu horretan surfeatzen gustura ari nintzela, eta gogoz segi nuen aurrera. Irabaztearena ez dago aurretik esperotzerik, baina ezin zaio ezta aldez aurretik uko egin ere.

Zorteak izango du zerikusirik horrelakoetan: Olatu ona parean tokatzea...
Txapelketa guztietan dago faktore hori. Baina bilatu egin behar da baita, karma ona izan behar duzu, ez dakit... Trialsa irabazi nuen lehenengo, Reunioneko txapelketa ondoren eta gero Ferroleko Surfusiom-a ere bai. Hiru txapelketa jarraian irabazi izana ez da momentu egokian egun ona izatea soilik. Maila bat dago horren atzetik, lan asko, aurreko urteko txapelketan ondo ibili izana...

Zer da karmaren kontu hori?
Reunionen hala esaten zidaten, karma ona neukala. Batzuetan izaten da gauzak ondo ateratzen hasten zaizkizula eta ondo eramaten asmatzen baduzu bukaeraraino zure alde jarraitzen dutela.

Datorren urtean, GSS ligan, zein da helburua?
Lehenengo urtean pentsatzen dut ez dela erraza izango. Txapelketaz txapelketa orain baino askoz modu jarraiagoan ibili beharko dut, denbora asko etxetik kanpo... Nik uste helburua maila mantentzea izango dela, lehen hamabosten artean sailkatzea. Gero saiatuko naiz joku pixka bat ematen ere. Aurten GSSko bat irabazi dudan bezala datorren urtean ere izan dezaket aukera bat irabazteko. Edo bi...

Gogor entrenatu beharko duzu.
Datorren urtean olatu potenteagoak izango dira eta olatu horietara moldatzeko dezenteko lana egin beharko dut. Reunionekoa, adibidez, oso bertikala da, eta Hawai edo Txilekoa adibidez oso handiak dira, kristoren tuboarekin... Hemen horrelakorik ez daukagu hainbeste, olatu suabeagoa eta horizontalagoa da eta kanpora irten beharko nuke entrenatzera. Kanariar Irlak dauzkat buruan: arrezifea da eta olatu potentea.

Zenbateko dedikazioa eskaintzen diozu?
Ahal badut egunero sartzen naiz itsasora. Jaiki eta saio bat goizean eta bigarren saio bat zerbait jan ondoren. Gero uretatik kanpo ere landu beharra dago, batez ere fondoa eta elastizitatea. Orain arte alderdi hori ez dut hainbeste landu, baina datorren urtean entrenatzaile bat hartu eta gehiago egin nahi nuke.

Orain arte entrenatzailerik gabe aritu zara, ezta?
Bai. Nire kontura ikasi dut, eta nire inguruan surfeatzen duten lagunekin. Sarean bideoak ikusi, aldizkarietan argazkiak, gure burua grabatu eta gero zuzenketak egin... Asko teknika da, baina tenplea ere oso garrantzitsua da, eta hori norberak ikasi beharreko zerbait da. Olatu handiak daudenan ez da bakarrik uau! olatu handia hartu dut! olatuaren gainean lasai joan behar duzu, natural, ondo pentsatu zer egin nahi duzun, ziur sentitu zure surfarekin...

Txapelketa gehiagotara irten beharra, kanpoan entrenatzea... Ekonomikoki ere laguntza beharko duzu guzti hori aurrera ateratzeko.
Orain arte Sniper-ek materiala eta dirua eman dit, eta herriko lagun baten dendak ere, Sport Badyboard Shop-ek ahal duenean laguntzen dit. Benetan eskertuta nago. Oraingoarekin zirkuituko txapelketa gutxi batzuetara baino ezingo nuke joan, ordea, ezingo nuke besteen baldintza berdinean lehiatu. Beraz, babesle gehiagoren bila nabil. Goi mailako kirolari baten emaitzak lortu ditut, eta uste dut merezi dudala aukera hau. Gainera geroz eta jende gehiago mugitzen duen kirol bat da: Jende dezentek praktikatzen du, jende asko mugitzen da txapelketen inguruan, eta webguneek ere jarraitzaile modoa dute oso kirol ikusgarria baita. Ea erakundeak edo norbait animatzen den.

Oraindik ere proba batzuk falta dira aurtengoa bukatutzat emateko.
Azaroan Azoreetan daukat proba bat eta abenduan Kanariar Irletan. Momentu politean nago eta dena ematera joango naiz.

Datorren urteari begira zein dira ilusio gehien egiten dizuten probak?
Hawaiko Pipeline olatu ederra da ezker-eskuin, oso bertikala. Bi aldiz egona naiz eta asko gustatzen zait. Txileko Arica ere badaukat gogoa probatzeko; arrokak oso gertu daude eta badakit hor lehiatzea konplikatua izango dela, baina tubo ederra dauka baita... gustatzen zait.